Erabakitzeko eskubidearen alde dauden alderdi politikoek, EH Bilduk, EAJk eta Elkarrekin Podemosek, gehiengo sendoa lortu dezakete. EH Bilduk "herri akordioa proposatu" die EAJri, Podemosi eta eragile sozialei, besteak beste, "estatus politiko burujabe baten bidea abiatzeko". EAJren ustez, "Podemosek zer egingo duen ikusteko dago, bere diskurtsoa aldatzen baitu baldintzen arabera". Elkarrekin Podemosek datozen 4 urteak akordioak lortzeko "erabakigarriak" izan daitezkeela azpimarratu du.
Hala ere, badirudi gakoa hauteskunde ondorengo akordioetan egongo dela. Izan ere, dirudienez, gobernatzeko ezinbestekoa izango da alderdien arteko akordioren bat, eta, jada, badirudi akordio posible horietan pentsatzen ari direla hainbat politikari.
Indar berria
Elkarrekin Podemosen sarrerak Legebiltzarraren itxura aldatuko du goitik behera. 2015eko Udal Hauteskundeetan indarrez sartu ziren, eta Espainiako Gorteetako Hauteskundeetan Elkarrekin Ahal Dugu alderdi bozkatuena izan zen EAEn. Ikusteko dago, beraz, koalizio moreak hartuko dituen eserlekuak noren kalterako izango diren. PSE-EE alderdiak, adibidez, beherakada aldez aurretik espero du: "Banatzeko orduan gehiago gara eta eserleku gutxiago egokituko zaizkigu"