Eusko Legebiltzarrerako Hauteskundeak 2016

Susana Corcuera: "Akordioei dagokienez, ez zaigu axola norekin, baizik eta zertarako"

Josu Bilbao Atxutegi 2016ko ira. 16a, 12:45

Susana Corcuera. Argazkia: PSE-EE.

Susana Corcuera PSE-EEko Gipuzkoako zerrendaburua izango da irailaren 25eko hauteskundeetan.

Inkesten arabera PSE-EEk 8 eserleku gal ditzake. Zer dela eta hautesleen zigor hori?

Sozialistok aspalditik ez diegu sinesgarritasunik ematen inkestei, PSOEri dagokionez argi gelditu delako inoiz ez dutela asmatu. Euskal gizarteari hezkuntza, osasun, gizarte zerbitzuetan eta terrorismoaren amaieran gertatu zaizkion gauza onenak PSE-EE Euskadiko gobernuetan izan denean gertatu dira. Oraingoan, banatzeko orduan gehiago gara eta eserleku gutxiago egokituko zaizkigu.

EAJrengana gerturatze saiakera  handiagoa ekarriko du horrek?

Kontua ez da inorengana gerturatzea. Akordioei dagokienez, ez digu axola norekin, baizik eta zertarako heltzen garen akordioetara.

PSOEk Madrilen Podemosekin duen jarrerak eragina izango du Euskadin konfluentziarako orduan?

Ez dugu Elkarrekin Podemosen programa ezagutzen, erabakitzeko eskubidearen alde egoteaz gain, euren proposamenak egiten dituzten inkestak bezain aldakorrak direlako. Madrilen asko hitz egin dute, baina ez dute ezer egin aldaketa politikoaren alde, Rajoyk eta popularrek bezala Pedro Sanchezen inbestiduraren kontra bozkatzeaz gain.

Erreferendum bidez bere etorkizuna erabakitzeko eskubidea izango du Euskadik?

Euskadiren etorkizuna ez dugu kontsideratzen erreferendum bidezko definizio gisa. Autogobernua gizarte plural baten elkarbizitza antolatzeko erreminta onena da, baina berritu eta eguneratu egin behar da autogobernuaren marko politikoa. Gernikako Estatutua eraberritu behar da gure ahalmen konpetentziala blindatzeko eta eskubide sozial berriak aitortzeko.

Hiru hizkuntzako modeloak eskoletan euskararen erabilera eta ikastea ziurtatuko luke?

MET ebaluazio eta esperimentazio prozesuak frogatu duen moduan, ingelesez irakasgai bat emateak hizkuntza honen ezagutzan hobetzea dakar, euskararen, gazteleraren eta hizkuntzak ez diren beste irakasgaien aurreratzean eraginik izan gabe. Formaziorako aukeretan berdintasuna dakar, etorkizun hobe batera begira.

LOMCErekin jarraituko dugu?

Sozialistok euskal hezkuntza akordio zabal bat eta LOMCE legearen eta bere curriculum autonomikoen indargabetzetik abiatzea planteatzen dugu, akordio honek Euskal Hezkuntza Lege berri bat ahalbideratzeko.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak