2012an aurkeztu zenuten estatus politiko berriaren zantzurik ez. Sinesgarritasuna galdu du horregatik Urkulluk?
Ez. Duela 4 urteko programan, proposatu genuen legebiltzar-ponentzia bat, testu artikulatu bat egin eta prozesuaren emaitza galdeketara eramateko. Prozesua ez dugu amaitu, baina abian jarri dugu. Azkarrago egitea zen gure nahia, baina 75 legebiltzarkidetik 27 ditugu. Proiektua zehaztu beharra dago, gutxieneko batzuk adostu eta herritarrak inplikatu estatus berri hori errealitate egiteko.
Independentziaren aldekoa zara?
Bai, horregatik nago EAJn 16 urte neuzkanetik, uste dudalako erremintarik onena dela Europan euskal estatua lortzeko. Horretarako jaio zen EAJ, eta hori da bere xedea. Kontua da nola iritsi nahi dugun estatu-egitura horretara, ez baita nahikoa independentzia nahi dugula esatea: ibilbide-orria marraztu behar da. EAJk proiektu zehatza eta egingarria aurkezten du. Gero eta dependentzia gutxiago, independentziara arte.
Erabakitzeko eskubidearen aldeko ekimenak bultza daitezke EH Bildurekin eta Elkarrekin Podemosekin?
Datorren legegintzaldirako gure helburua estatus juridiko-politiko berria bultzatzea eta gauzatzea da, Euskal Herria existitzen dela eta subjektu politikoa dela aitortuta, eta erabakitzeko eskubidea duela aitortuta. Oinarri horiek partekatzen dituztenekin elkartuko gara. Agerikoa dirudi PP eta PSOE ez dabiltzala koordenada horietan. Podemosek zer egingo duen ikusteko dago; orain arte ez du argi erakutsi euskaldunok eta katalanek libre eta demokratikoki erabakitzen duguna errespetatu eta aintzat hartzeko apustua egingo duenik.
PSE duzue bidelagun erakundeetan. Kide ahula, inkesten arabera 16tik 8ra jaitsiko liratekeelako...
Aurreko legegintzaldian zehar, guztiekin lortu ditugu akordioak. Aldundietan eta udal batzuetan sozialistekin akordioak izateak ez du etorkizunera begira gure apustu estrategikoa baldintzatzen. Hala ere, konstituzionalismo espainolak Euskadin behera egitea berri ona da beti, ikuspegi abertzaletik.
Gipuzkoan gehiago batzen da gaika. Debagoienean, esaterako, %80 ere bai. Nola lortu da?
Urteetan eginiko kontzientziazio eta sentsibilizazio lanak funtsezkoak dira. Maila horietan gaude, nahiz eta udalerri askotan ez zen edukiontzi-sistema zabaldu. Datuek erakusten dute edukiontzi sistemarekin antzeko kantitateak biltzen direla, baita atez ateko sonatuarekin, hainbesteko zalaparta zituenarekin, baino hobeak.