Eusko Legebiltzarrerako Hauteskundeak 2016

Pili Zabala: "Beste politika mota batzuk aurrera egitea behar du Euskadik"

Josu Bilbao Atxutegi 2016ko ira. 16a, 12:39

Pili Zabala. Argazkia: Ellkarrekin Podemos.

Pili Zabala tolosarrari, Elkarrekin Podemos koalizio moreko lehendakarigaiari, elkarrizketa.

Hauteskundeei begira inkestek 14-15-16 eserleku ematen dizkizuete. Indartsu sartuko zarete?

Aurrerapen sozial, demokratiko eta elkarbizitzan oinarritutako beste politika mota batzuek Euskadin euren bidea edukitzea da gure helburua. Legebiltzarrean gure sarrera indartsua izango da, baina boto eta eserleku bakoitza garrantzitsua izango da Euskadin inor atzean ez gelditzeko.

Posible ikusten duzu ezkerreko alternatibarik?

Egoera irekia da eta horrek gauza asko gerta daitezkeela esan nahi du, baina irailaren 25eko gauera arte ez dugu jakingo. Orain herritarrek entzuteko, hausnartzeko eta erabakitzeko ordua da. Gure apustua argia da. Beste politika mota batzuk aurrera egitea behar du Euskadik. Batez ere, arlo sozialean.

Ezkerrekoak, zentrokoak edo nongoak zarete edo non kokatzen duzu zure burua?

Bizitza eskubidearen edota adierazpen askatasunaren, denok etxebizitza bat izateko eta duintasunez bizi ahal izateko edota lana izatearen eskubidea, gizonen eta emakumeen berdintasuna exijitzen duten edota osasun eta hezkuntza eskubidea bermatzen duten moduko gauzak proposatzen dituzten giza eskubideak nire bandera direla esatea gustuko dut.

Erabakitzeko eskubidearen aldeko indarrak legebiltzarkide guztien %75 inguru zarete. Hor badago aukerarik zerbait egiteko…

Datozen lau urteak erabakigarriak izan daitezke euskal herritarron artean akordio berri bat lortzeko. Guk horrela nahi dugu, eta zabala eta transbertsala izatea espero dugu. Gizarte plural eta askotariko baten elkarbizitza bultzatuko duen akordioa, herritarren erabakitze ahalmenean aurrerapena bultzatuko duen akordioa, lurralde estatus berri bat, horrela erabakitzen badugu, eta gure eskubide sozialen blindatzea. Euskal gizartearen etorkizunerako akordioak lortzeko lau urte.

Euskal hezkuntzaz, euskaraz, ingurumenaz, ekonomiaz… zer daukazue eskaintzeko euskal gizarteari?

Hauteskundeetara 900 proposamen dituen programarekin aurkeztu gara. Euskadin egituratutako hezkuntza sistema publiko inklusibo eta euskalduna, helduek euskara doan ikasteko aurrerapausoak ematea, Osakidetzan podologia eta odontologia moduko espezialitate berriak ezartzea, oraingo DBEa hobetzea eta errenta basikoaren inguruan eztabaida soziala irekitzea, industria politika duin baten alde egitea...

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak