Eusko Legebiltzarrerako Hauteskundeak 2016

Borja Semper: "Kontzertu Ekonomikoa PPrekin bermatuta dago"

Josu Bilbao Atxutegi 2016ko ira. 16a, 12:51

Borka Semper. Argazkia: PP.

PP alderdiko Gipuzkoako zerrendaburuari, Borja Semper irundarrari elkarrizketa.

Espainiako ekonomia ereduak eta krisitik ateratzeko neurriak balekoak dira Euskadin?

Ez da soilik balekoa, baizik eta Espainiako Gobernuak hartutako eta herritarren sakrifizioaren neurriak dira, eta gure herria krisitik ateratzen ari dira, Euskadi barne. Azken lau urteetan krisiak sortutako arazoei irtenbidea bilatu eta gure ekonomia zuzendu barik Eusko Jaurlaritza beste kontu batzuekin kezkatuago egon da. Gure autonomia fiskalak ematen dizkigun erremintak izanik eta lan arloan ditugun konpetentziak edukita tamalgarria da Urkulluren Gobernua ez dela Euskadi krisitik irteteko behar den erreformen bide horretan aurrera egiteko gai izan.

Bakegintzan gutxi aurreratu da azkeneko urteotan, kontuan izanda, gainera, ETAk behin betiko utzi duela jardun armatua. Rajoyk ez du urrats bat ere eman. Ondo egin du?

ETAri terrorismoa uztea besterik ez zitzaion gelditu, ez zen boluntarioa izan, baizik eta behartua. Zuzenbidezko estatua izan da ETAk krimenak egiten uztea lortu duena. Orain desegin eta desagertu egin behar du. ETA euskal gizarteari kuantifikatu ezin daiteken mina egin dion erakunde kriminal bat besterik ez da.

Ondo iruditzen zaizu Otegi ezin aurkeztu izatea lehendakari izateko?

Arnaldo Otegi ezin daiteke hautagai izan horrela erabaki duelako epaiak, Epaitegi Penalak kondena ezarri baitzuen delitu bat zela eta. Eta epai judizialak bete egin behar dira.

Alfonso Alonso ere zigortu dute epaitegiek…

Alfonso Alonsoren epaia, Kontu Epaitegiak jarria, zigor baten ordainketan datza, gaitasungabetze barik, eta errekurtsoa aurkeztuta dago. Kasu ezberdinak dira, eta hau zigor administratibo bat da.

Foru aldundiak desagertu egin behar dira, Ciudadanosekin egin duzuen akordioak dioen moduan?

PPk ez du Ciudadanosekin diputazioen desagertzea azaltzen den akordiorik sinatu, eta gutxiago foru aldundiena. Popularrok beti diputazioen defentsan azaldu gara, beste alderdi batzuek haien desagerpena proposatu dutenean.

Kontzertu Ekonomikoa arriskuan dago?

Kontzertu Ekonomikoa bermatuta dago. Izan ere, gure posizioa foruendako eta euskal autogobernuarendako garantia da. PP moduko alderdi nazional indartsu bat egotea ezinbestekoa da, foruekin, Kontzertu Ekonomikoarekin eta euskal identitatearekin konprometitua.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak