Inkesten arabera, bigarren indarra izango da EH Bildu; oposizioko lehen indar bilakatuko da edo gobernua osatzen ahaleginduko da?
Herri akordio zabala proposatu diegu EAJri, Podemosi eta eragile sozialei, hiru helbururekin: erreskate soziala bermatzea, bakegintzan zauriak behingoz ixtea eta estatus politiko burujabe baten bidea abiatzea. Azken 8 urteotan bizitako blokeo egoera eta politika grisak gainditzeko eta etorkizunera begira jartzeko garaia da.
Zenbateraino izan liteke bidelagun Elkarrekin Podemos?
Espainian aldaketa politikoa ezinezkoa da. Hemen posible da politika berriak eta alternatiboak aurrera eramatea, herritarren beharrak eta interesak erdigunean jarriko dituztenak, ez gutxi batzuenak. Legebiltzarrean gauza asko aldatuko dira, aukera berriak sortuko dira. Gu prest gaude akordio zabal eta anitz berri horiek adosteko, ez dakiguna da ea Madrildik hemengoei EH Bildurekin eta eragile sozialekin ibilbide hori egiteko baimena emango dieten.
Irudikatzen duzu EH Bilduren, Elkarrekin Podemosen eta PSEren arteko gobernu edo inbestidura akordiorik?
Zail ikusten dut PSE Euskal Herriak aurrera egiteko behar dituen akordio horietan egotea. Erabakitzeko eskubidearen aurkako bere jarrerak EHn bazter batean kokatzen du, PP eta Ciudadanosekin batera. Zer esanik ez euskararen aurka kanpaina honetan erakutsi duen jarduera mingarri horrekin. Akaso, beste akordio batzuetan egongo gara PSErekin, Etxebizitzaren Legearekin bezala.
Nazio izaera edo ekonomia-eredu aldaketa. Zer lehenetsiko duzue?
Bata bestearen faltan ez dago aurrera egiterik. Herri bezala aurrera egiteko tresnak behar ditugu, eta herri batek izan dezakeen tresnarik eraginkorrena estatu bat da. Hemen hobeto bizitzeko estatua behar dugun moduan, euskarak ere euskal estatua behar du, eta feministok ere berdintasuna lortzeko estatu bat behar dugu... Argi dagoena da Espainiako Estatuan jarraitzea euskal herritarrentzat galga bat dela.
Orain ere Madrilekiko erabateko apurketa du EH Bilduk ipar?
Hemen ezin dugu erabaki. Espainiak bere politikak eta neurriak ezartzen dizkigu euskal herritarren nahi eta beharrekin kontatu gabe eta gure ekonomiarako erabat kaltegarriak diren neurriak inposatuz. Ez da Madrilekin apurtu nahi dugula, baizik eta hemen hobeto bizitzeko apustua egiten dugula, eta horretarako bide bakarra gure tresnak gure esku izatea da, Euskal Estatua sortzea, alegia.