Hona bada, datuak: EH Bildu da lehen indarra, 9.338 botorekin; EAJ da bigarrena, 9.148 botorekin eta Elkarrekin Ahal Dugu da hirugarrena, 8.808 botorekin. 3.353 boto eskuratu ditu, berriz, alderdi sozialistak eta 1.591, PPk. Azken horren kasuan, deigarria da botoek izan duten aldaketa txikia abendutik hona: hiru besterik ez ditu galdu PPk. Izan ere, sozialistek ere galdu egin dituzte botoak Debagoienean, 88, hain justu ere.
Deigarria da, beraz, EH Bilduren eta EAJren arteko boto desberdintasun txikia: eskualdean 190 boto gehiago eskuratu ditu-eta EH Bilduk.
Koalizio morearekin konparatuz gero, Elkarrekin-Ahal Duguri 530 botoko aldea ateratzen dio EH Bilduk. Eta EAJren (bigarren indarra) eta Elkarrekin-Ahal Duguren (hirugarren indarra) arteko aldea, berriz, 340 botokoa izan da.
Haiengandik urrutirago dator PSE-EE. Izan ere, koalizio moroeak 5.455 botoko aldea atera dio PSE-EEri.
Herrika begiratuta
Datu guztiak eskuartean, eta herrika begiratuta, bostetan gailendu da EH Bildu: Oñatin, Antzuolan, Aramaion, Elgetan eta Leintz Gatzagan. EAJ nagusitu da, berriz, Aretxabaletan eta Bergaran (abenduan EH Bildu nagusitu zen) eta bina eskuratu ditu Elkarrekin-Ahal Dugu koalizioak: Arrasate eta ezustekoa eman duen Eskoriatza (abenduan EAJ nagusitu zen).