Segurtasun Sailak euri jasengatik jarritako alerta laranja domekan bukatutzat eman zuen atzo, baina, barnealdean, abisu horia ezarri dute elurragatik gaur arratsaldera arte. Euria gutxitu da baina kalte asko eragin ditu. Ibaiak, oraindik hazita joan arren, bere onera etortzen ari dira apurka.
Arrasaten, esaterako, 24 ordutan 134 litro jaso ziren metro karratuko, eta Elorregin 75 litro metro karratuko, Euskalmetek aditzera eman duenez. Hala, maila horira iritsi zen Deba ibaia Elorregiko estazioan zapatu arratsaldean. Horren ondorioz, ur putzu asko eta handiak sortu ziren errepideetan, Arrasatetik Elorregirako bidean eta Aretxabaletarako sarreran, besteak beste. Elorregitik pasatzen den bidegorria ere urez bete zen.
Lur-jausiak eta euriak eragindako arazoak ugariak izan dira. Elorregitik Oñatira bidean eta Oñatiko Gesaltza auzoan, esaterako bi lur-jausi izan dira. Lehena, iaz gertatu zen toki berean izan da, Fanderia parean, baina ez da azkena bezain garrantzitsua izan. Arrasateko Zerrajerako etxeen atzeko partean ere jausi zen lurra eta ur putzu handiak sortu ziren errepidean.
Gesaltzako Errotatxo Txiki baserrian, gainera, ura sartu zaie astebukaeran, eta Oñatiko Roke Azkune kaleko garajeetara ere suhiltzaileek joan behar izan zuten ura ateratzera.
Haize boladak ere ia 100 kilometro ordukoak izan dira Debagoienean, eta Arrasateko Uarkape pilotalekuan, adibidez, sabaiaren zati bat behera bota zuen zapatuan.
Urkuluko urtegian ere, uraren mailaren gorakada nabarmena izan da azken egunotan botatako euria dela-eta. Urtea %63ko betetze mailarekin hasi zuen, eta jada %80a pasa du. Iaz, otsaileko azken astean, urtegia %100eko betetze maila zuen.