Ostiral iluntzean hasi eta domeka arte euri jasa mardulak bota ditu Debagoienean. Arrasaten, esaterako, 24 ordutan 134 litro jaso ziren metro karratuko eta Elorregin, 75 litro metro karratuko Euskalmetek aditzera eman zuenez. Hala, maila horira iritsi zen Deba ibaia Elorregiko estazioan zapatu arratsaldean.
Lur-jausi ugari
Horren ondorioz, ur putzu asko eta handiak sortu ziren errepideetan, Arrasatetik Elorregirako bidean eta Aretxabaletarako sarreran (Arrasatetik bueltan), besteak beste. Azken hori itxita egon zen hainbat ordutan. Elorregitik pasatzen den bidegorria ere urez bete zen.
Lur-jausiak ere ugariak izan dira; Elorregitik Oñatira bidean eta Oñatiko Gesaltza auzoan, esaterako. Gesaltzako Errotatxo Txiki baserrian, gainera, ura sartu zaie. Eta Oñatiko Roke Azkune kaleko garajeetara ere suhiltzaileek joan behar izan zuten ura ateratzera.
Arrasateko Zerrajerako etxeen atzeko partean ere jausi zen lurra eta ur putzu handiak sortu ziren errepidean.
Bergaran ibaiak gainezka
Bergaran gainezka egin zuen Deba ibaiak, Ibaiondo kalean hain zuzen ere. Udaltzainek itxi egin zuten kalea Marxiategi eta San Lorentzo lotzen dituen zubiaren azpian eta garaje batzuk hustu egin zituzten.