Partidu borrokatua izan da Azkoagainen Aloña Mendik eta Hernanik jokatu dutena, asteburu honi zegokion jardunaldikoa, 27.ekoa. Ez dira aukera askorik egon, nahiz eta oñatiarrek ere izan dituzten pare bat on, bat oso garbia. Asmatu ez, eta Hernaniri nahikoa izan zaio lehen zatiko erdi aldera egindako golarekin. Kanpokoek ere izan dituzte beste bi aukera on.
Lehen aukera Aloñak izan du; Asier Ugartek atezainari izkin egin baina ate albora bidali du baloia, angelu gutxitxorekin.
22. minutuan heldu da 0-1ekoa, areara bidalitako baloi luzea hernaniarrek irabazita eta lehen errematea Julen Agirrek geratu arren, aldaratzea aprobetxatuta. Atsedenaldi aurretxoan buruz bigarrena egiteko aukera ere izan dute, korner batean.
Bigarren zatian ere nahikoa parean egon dira indarrak, eta aukera garbi bat izan dute bi taldeek. Aloñak aurrena; ezker hegaletik egindako erdirakera bultzatu baino ez zuen egin behar Aimar Lizarrak, baina oina ez du ondo jarri, eta kanpora joan zaio. Hurrengo jokaldian, Julen Agirre atezain oñatiarrak ez du area kanpotik hernaniarrek egindako jaurtiketa urruntzen asmatu; baloiak zutoina jo du, baina aldaratzea ere ez dute aprobetxatu kanpokoek. Azkenen, baina, 0-1 Hernani nagusi.
Atzeratutako partiduak
Zubia bi partidu jokatzeko baliatu dute Ohorezko Erregional mailan. Aloñak eta Aretxabaletak 21. jardunaldian elurragatik atzeratutako partiduak jokatu zituzten eguenean. Oñatiarrek 3-1 irabazi zioten Usurbili etxean, eta Aretxabaletak Anaitasuna hartu zuen mendean Ibarran, 2-1.
Antzuolak eta Bergarak, berriz, 22. jardunaldian egindako grebagatik jokatu gabe geratutako partiduak jokatu zituzten. Antzuolak 0-0 egin zuen Elgoibarrekin Eztalan, eta Bergarak 2-0 galdu zuen Tolosan. Jardunaldi horretako partiduak apirilaren 12an jokatuko dituzte Aloña Mendik eta Aretxabaletak, Ostadarren eta Usurbilen zelaietan, hurrenez hurren.