Hezkuntzan eta komunikazioan hizkuntza politika eraginkorragoak eskatu dizkio Debagoieneko EH Bilduk Jaurlaritzari

Jon Berezibar 2014ko urr. 24a, 09:58

Euskararekin eta hezkuntzarekin lotutako azken egunotako albisteen harira, Debagoieneko EH Bilduk bere babesa berretsi die euskarazko komunikabide eta euskalgintzari, oro har. "Estrategikotzat" jotako arloak izanda, konpromisoa eskatzen dio Eusko Jaurlaritzari "hizkuntza politika eraginkorragoak" egin ditzan. Horrekin batera, "babestu eta txalotu" egiten dituzte "Debagoienean lanean ari diren komunikabide, eskola/ikastola eta euskararen aldeko proiektuak". Euskaltzale eta instituzioen arteko elkarlanerako deia egiten du EH Bilduk.

Debagoieneko EH Bilduren oharra:

"EMAN DIEZAIOGUN EUSKARARI BULTZADA

Azken egunotan, Euskararen berreskurapenaren bidean albiste kontrajarriak ezagutu ditugu: batetik, Nafarroa osorako euskarazko irakaskuntza zabaltzeko UPN-PPk izan ezik alderdi guztiek lortu duten akordioa; bestetik, Eusko Jaurlaritzak Euskarazko komunikabide nazionalen diru laguntzak murriztea eta PPen gobernuarekin hizkuntza ereduen politika mantentzea adostea.

Hezkuntza eta komunikabideak hizkuntzaren berreskurapenerako arlo estrategikoak dira. Biak ala biak euskara zokoratzeko erabili izan dituzte Estatu Espainiar eta Frantsesak urte luzez: euskara komunikabide eta eskoletan debekatuz lehenik eta gutxiagotasunezko egoeran mantenduz ondoren. Bada garaia, estatuek euskarari egin dioten kaltea aitortzeko, baina horren zain egon gabe, Euskal Herritarrok euskara berreskuratzeko hizkuntza politika eraginkorragoak behar ditugu baita hezkuntzan eta komunikazio arloetan ere.  Egin ditugun aurrerapen gehienak euskaltzaleen bultzadaz egin ditugu: herri komunikabideak sortuz eta euskarazko ikastola zein eskolak eraikiz.  Orain da garai instituzioetatik ere euskarari bultzada askoz handiagoa emateko. Debagoienako EHBilduren erabateko konpromisoa adierazi nahi dugu euskarazko hezkuntzarekin, euskarazko komunikabideekin eta euskalgintzarekin oro har. Babestu eta txalotu nahi ditugu Debagoienan lanean ari diren komunikabide, eskola/ikastola eta euskararen aldeko proiektuak. Zuen lana ezinbestekoa da gure eskualdea euskalduntzeko eta instituzio guztien babes ahalik eta handiena merezi duzuelakoan gaude. EHBildu behintzat horretarako ari da lanean, euskalgintzaren erabateko autonomia errespetatuz, ahal bezain babes ekonomiko eta politiko handiena emateko.

Ondoko konpromisoak eskatzen dizkiogu Eusko Jaurlaritzari:

    •    Euskarazko herri zein nazio komunikabideak babesteko. Zentzu horretan Berriari egindako murrizketa larri eta bidegabea bertan behera utzi eta proiektuak behar duen finantziazioa bermatzeko.
    •    Hezkuntzako eragile  nagusiek (sindikatuek, guraso elkarteek, ikastetxe sareek, ikasle eragileek) eskatzen dutena betetzeko. Ikasle guztiak euskaldun eleanitzak izatea bermatuko duen murgiltze eredua martxan jartzeko Katalunian bezala EAEn ere.

Egin dezagun euskara berreskuratzeko bidea euskaltzaleok eta instituzioek elkarlanean. Aprobetxa ditzagun garai berri hauek alderdikeriak utzi eta euskararen berreskurapenari herri bezala bultzada handi bat emateko. Hori da EHBilduren nahia eta konpromisoa."

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak