Tokiko hedabideak diru laguntzen irizpideekin ados eta fintzeko borondatez

Julen Iriondo 2014ko urr. 24a, 08:23

 

Hedabideentzako diru-laguntzek eragin duten eztabaida dela-eta, euskaragatik ez ezik, jardun industrialagatik ere laguntzak behar direla dio Tokikomek

Joan den astean eman zuen jakitera Eusko Jaurlaritzaren Hizkuntza Politikarako Sailburuordetzak euskarazko hedabideetara bideratutako diru-laguntzen ebazpena, eta laguntzotara bideratutako 4.875.000 euroak nola banatuta geratu diren hizpide bihurtu da.

Bi datu ematearren, aurreko urtean 60.000 euro gehiago jasotzetik zetorren Berria egunkariak, iaz baino 208.000 euro gutxiago jasoko ditu aurten –Hizkuntza Politikarako sailburuorde Patxi Baztarrikak ñabardura egin eta irizpide aldaketari egotzi dakiokeen kopurua 97.000 eurokoa dela dio–; euskarazko tokiko hedabideak batzen dituen Tokikom elkarteko kideek, berriz, iaz baino 180.000 euro gehiago jasoko dituzte denera, aurreko urteetan beherakadak izan eta gero –2012an aurreko urtean baino %18 gutxiago jaso zuten euskarazko tokiko hedabideek–. Egoera zaila leuntzea eragin du Tokikomeko kideentzat.

Hizkuntza Politikarako Sailburuordetzak diru-laguntzak emateko irizpide berriek eragin dute aldaketa, neurri handi batean. Orain arte ez bezala, hedabide bakoitzaren irismenari eman dio garrantzia gehien; hau da, hedabide bakoitza irits daitekeen publiko potentziala kontuan hartuta, zenbat jenderengana iristen den hartu dute gehien kontuan. Hori horrela, tokiko hedabideen esparrua, adibidez, nazio mailakoena baino txikiagoa izanik –eta irakurle kopurua kontsideragarria den kasuetan–, oro har, irizpide aldaketak mesede egin die hedabide gertukoenei –ez guztiei– .

Irizpide berriak, "egokiagoak"

Tokikomen eta elkartea osatzen duten hedabideetako ordezkariek diote dirua banatzeko irizpide berriak lehengoak baino egokiagoak iruditzen zaizkiela. Ez dute erabateko pozik agertzen, jakitun direlako euskarazko beste zenbait hedabidek kopuru txikiagoa jasoko dutela.

Honela, askok aipatzen dute diru-laguntzen banaketarako irizpideak fintzeko eta irizpideok Jaurlaritzak sektorearekin kontrastatzeko ahalegina egiteko beharra. Hortik harago, baina, ezinbesteko ikusten dute hedabideotara bideratzen diren diru-laguntzak ez daitezela bakarrik euskararen sustapenagatik izan; beste iturri batzuk ireki ditzaten ere eskatzen diete erakundeei. Tokikomeko zuzendari Alaitz Artolazabalek dio, adibidez, hedabideek "jarduera ekonomiko-industrialagatik" ere jaso behar luketela dirua, "beste sektore batzuetan egin den bezala". Erakundeek dioten bezala sektorea estrategikoa bada, hori praktikan gehiago erakusteko eskatzen dute.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak