Aurten diru-laguntzak banatzeko irizpide aldaketa egin duzue eta irismenari, eraginkortasunari, eman diozue garrantzia. Zergatik aldaketok?
Lehenik eta behin, zenbait gauza argitu nahi nituzke. Guk hedabide guztiak hartzen ditugu kontuan, ez bakarrik Berria, baizik eta euskarazko hedabide guztiak eta euskarazko hedabide guztien ondoan, euskarazko irakurle guztiak hartzen ditugu kontuan, kopuruari dagokionez. Zergatik irizpide aldaketa? Hizkuntza Politikarako Sailburuordetzaren laguntzetan helburua delako euskarazko komunikazioaren eta hedabideen eraginkortasuna sustatzea.
Guretzat eraginkortasuna zuzen-zuzenean lotzen zaio komunikazio produktu horien kontsumoari. Guk helburu bat dugu ororen gainetik eta da euskararen erabilera areagotzea etengabe. Hedabideen kasuan horrek esan nahi du kontsumoa; hau da, irakurleak areagotzea. Helburu horri erantzuteko jartzen ditugu irizpideak eta horietan irismenarena da irizpide nagusia. Horrela kontuan edukitzen dugu egiten den zabalkundea eta hedabide bakoitzaren zabalkunde-gune horretako euskaldunen kopurua, euskaldunak direlako hedabide horien hartzaile potentzialak. Beraz, zenbat eta proportzio altuagoan iritsi hedabide bat hartzaile horiengana, orduan eta babes eta sustapen handiagoa izan behar du guztiona den diru publikotik. Euskarak nozitzen duen muga, hizkuntza gutxitua izatean merkatuak duena, konpentsatzen laguntzea da gure diruen helburua. Horrela, zenbat eta proportzio altuagoan herritarrengana sartu hedabide bat, are eta handiagoa eduki behar du laguntza. Beste hitzetan esanda, euskarazko hedabideek nahitaezkoa dute, urteetan egin dugun bezala eta egiten jarraituko dugun bezala, babes instituzionala, eta horrek izan behar du irakurleen babesaren pareko.
Azken batean, hedabide baten epailea ez da Jaurlaritza, ez da hedabidea bera, baizik eta irakurlea.
Irakurleak izatea da, gure ustez, edozein hedabidek bere buruari ezarri behar dion lehen helburua, eta Jaurlaritzaren lehen egitekoa da helburu horretan aurrera egiteko laguntza ematea eta sustapena egitea.
Horrek eragiten du hedabide batzuk sarbide handiagoa dutenez, proportzio egokiagoa izatea eta beste batzuek gutxiago; baina, datu batzuk badira oso kontuan hartu beharrekoak.
Aurten diruz lagundu diren hedabide guztien erdiak baino gehiagok iaz baino diru laguntza handiagoa jaso du. Idatzizkoetan, zehazki, guztira 66 produktuk jasoko dute diru laguntza, eta horietatik 45ek iaz baino diru laguntza handiagoa jasoko dute. Hori guztia gertatzen da aurten daudenean 12 hedabide berri. Beraz, zeinen artean partitua handiago da.
Irismenarekin, baita ere, esan behar da gauza bat. Irismena aplikatzeko faktore konpentsatzaileak ere kontuan hartu dira. Hiru aipatuko ditut: batetik, aldizkariei dagokienez. Kontsideratuz, ez daudela egunerokotasunari lotuak eta gai espezializatuen lantze bat dela beraiek egiten dutena, horiek multzo baten daude, eta bestean egunerokotasuna lotutako informazioa lantzen duten hedabideak daude; egunerokoak izan edo tokiko hedabideak izan.
Bi multzo egotean, esan nahi du multzo bakoitzean bertakoen artean gertatzen dela lehia eta, beraz, ez dira batzuk eta besteak elkarrekin nahasten. Faktore hori konpentsatzailea da, bestela, aldizkariak kaltetuta aterako lirateke, zalantzarik gabe.
Bestetik, bada bigarren faktore konpentsatzaile bat ere. Iaztik aurten arte, eraginkortasunaren eta erabileraren eta irakurlearen onarpenaren irizpide hau aplikatzeak aldaketa handiak eragingo balitu, araua jarrita dago oinarrietan esanez inork ez duela, iazko jarduera bera eta aurrekontu berdina baldin badu, iaz baino %20 baino gehiagoko beherapenik izango. Horrela, aurreko urteko %80a guzti-guztiek daukate bermatuta. Hori da beste faktore konpentsatzailea, hain zuzen ere, oreka batzuk gordetzeko. Bada, beste faktore konpentsatzaile bat ere mesede egiten diena hedadura-eremu handiko hedabideei, hurbileko hedabideen aurrean. Puntu gehiago ematen zaizkio zabalkunderako zailtasun gehiago dutelakoan, adibidez, hedadura nazionala dutenei. Hor puntu aldaketa dago. Hiru faktore konpentsatzaile horiek gutxienez, egon badaude.
Hemen gertatu den zarata da Berria-k eragin duena, baina hedabideen artean inoiz ez da jakiten deialdi baten aurretik ze diru laguntza jasoko duen bakoitzak. Iaz, adibidez, Berria-k jaso zituen aurreko urtean baino 60.000 euro gehiago. Aurten hori gertatu da, baina Berria.eus-ek, adibidez, iaz baino %12 gehiago jasoko du. Argia.eus-ek jaitsiera izan du eta jaitsiera horren kopuru bera da Berria igotzen dena, Internetekoan. Argia idatziari 351.000 euroko diru laguntza ematean, 930 euroko beherapena izan du.
Honako hau ez da atera baina Berria-k jaitsi egin du aurten bere aurrekontua, 485.000 euro. Iaztik aurtengo diru laguntzara duen diferentzia ez da kopuru hori, erdira ere ez da iristen, baina, datu hau ez da ezaguna. Berria-k bere aurrekontua jaitsi egin duenez, deskuido batean aurten aplikatu izan balira iazko irizpide berberak, aurrekontua jaiste hutsagatik, 110.000 euro gutxiago jasoko lituzke aurten. Beraz, iazkoarekiko benetako diferentzia aurten ez da 208.000 eurokoa, 97.000 eurokoa baizik. 208.000 eurokoa da aldea baina irizpide aldaketei atribuitzen zaizkionak 97.000 euro lirateke, zeren beste 108.000 euroen beherapena egotzi beharko litzaioke berak aurrekontua jaisteari. 97.000 euroz hitz egiten ari gara 1.301.000ko kopuru osotik.
Beste kontu bat ere badago, Eusko Jaurlaritzak diru laguntza deialdi honetan Berria-k jasoko duen kopurua da euren aurrekontuaren %21,38a, zehazki. Aldiz, hedabideek, oro har, jasoko duten diru laguntza da, batez bestekoa, aurrekontuaren %18,72. Beraz, hemen diskriminaziorik egotekotan, Berria-ri dagokionez, diskriminazio positiboa da, argi eta garbi. Eta hori da Berria egunkariaren aurrekontuaren gaineko portzentajea, ez Berria holding osoaren aurrekontuaren gainekoa; ze hori beste bat da. Berria-ren enpresa guztiak, zabalkundekoak direla edo aholkularitzak eta abar… Gu ez gara horretan sartzen, gu egunerokoaren aurrekontuan soilik sartzen gara. Guk ez dugu ezagutzen, oro har, tamaina horretako diru-laguntza publikorik beste inon. Ez dut esango ez dagoenik baina balego, ezagutu nahiko nuke, nola egiten dute ezagutzeko.
Kataluniarekin alderatzen bagara, aldea izugarria da. Aurten Katalunian, gobernuak 6 milioi eta erdi euro banatu ditu 290 hedabideren artean. Hemen, Eusko Jaurlaritzak, 83 hedabideren artean, guztira 122 proiektu, 4.875.000 euro banatuko ditu. Beraz, ahaleginaren tamaina bistakoa da. Hedabideentzako diru laguntzetan eza dago jaitsierarik, 2014an eutsi egin diogu nahiz eta diru-sarrera publikoak gutxitu egin diren. Katalunian hedabide idatzietan diru-laguntzarik handiena jasotzen duen hedabideak jasoko duen diru kopurua da 856.000 eurokoa.
Bestetik, esan da Berria-ri emandakoa inoizko diru laguntzarik apalena izan dela; bere aurrekontuaren %21,38 izan da laguntza, esan bezala. Eta badago datu bat gakoa dena: azkeneko hamabi urteetan, hau da, Berria-ri dirulaguntza eman zaion tarte guztian, beste zazpi urte izan dira diru laguntzaren portzentajea %21,38 hori baino baxuagoa izan dena.
Nik ulertzen dut edozein hedabidek bere lanerako diru gehiago nahi izatea eta ez dut zalantzarik diru gehiago izango balitz ere eraginkortasuna ateratzen jakingo genukeela baina, baita ere, garrantzitsua da denok jabetzea diru publiko honen tamaina hori dela. Gure obligazioa da diru publikotik ateratzen den euro bakoitzetik ahalik eta zuku gehien ateratzea, herritarrari zor diogun zerbait da hori. Horrek esan nahi du erdigunean irakurlea jartzea; guk herritarren babesaren ondoan jarraituko dugu halako tamaina duen babesa ematen, irakurleen babesaren ondoan hedabide idatziei dagokienez.
Ze argazki egiten duzue gaur egungo hedabideen egoerarena?
Euskarazko hedabideen erradiografia ez da txarra, baizik eta positiboa da, gauzak perspektiban ikusita. Ikusi behar da zer nolako aurrerapena egin den hedabideei dagokienez; bai prentsa idatzian, bai irratietan, bai telebistetan… zer esanik ez Interneteko agerkarietan. Hobetzeko tarte luzea dago bi ikuspegietatik. Batetik, ez dut uste gaur oraindik nahi genukeen sendotasuneko merkatua osatzen dutenik euskarazko hedabideek, eta, bestetik, uste dut, tarte luzea dagoela egiteko euskal hiztunek bere egin ditzaten euskarazko hedabideak eta produktuak. Euskarazko hedabideek asmatu egin behar dute beren egitekoan irakurleak edo ikus-entzuleak irabazten. Horretarako, oso kontuan eduki behar dituzte haien gogo-apetak eta ikuspuntu ugaritasuna. Guztientzako produktu erosoak eta benetan erakargarriak egiten asmatu behar dute. Daukagun lehia da nola egin euskararen erabilera erakargarriagoa gure gizartean, hain zuzen ere, euskarak behar dituelako hiztunak eta erabiltzaileak eta, aldi berean, hedabideek behar dituzte irakurleak eta ikus-entzuleak. Horrek eman diezaieke benetako bultzada. Hor hobekuntza tartea egon, badago. Baina, iragan hurbilean baino askoz egoera hobean daude hedabideak. Kontuan hartuz zer nolako egoera ekonomiko zaila jasaten ari diren guztiak –eta aurtengo deialdian 12 hedabide berri badaude–, emandako babes eta elkarlan hori gabe, oker ginateke. Momentu honetan Eusko Jaurlaritza da euskarazko hedabide gehienen babesle nagusia eta hala izaten jarraituko du, guk geuk oso premiazkoak ikusten ditugulako euskarazko hedabideak euskararen erabilera areagotzeko bide horretan.
Esan da sortu den zalaparta hau guztia ekiditeko, sektorearekin irizpideak findu eta adostu beharra dagoela. Halakorik egin da ala egiteko asmorik badu Jaurlaritzak?
Zalaparta Berria-k sortu du. Guk hedabide guztiak hartzen ditugu kontuan. Harriduraz irakurri ditut nik zenbait gauza. Irismena, eraginkortasuna, erabilera, diru publikoa… guk ez dugu interes pribatu ala alderdikoirik. Interes publikoa ordezkatzen eta kudeatzen dugu. Behin eta berriz adierazi dugu interes publiko horretarako irizpidea erabilera dela. Gu irizpide horren gainean kontrastean aritu izan gara. Hitz egin dugu Hekimenekin, Tokikom-ekin eta Berria-rekin berarekin espezifikoki. Aztertu dugu eta eztabaidatu dugu eta entzun ditugu batzuen eta besteen posizioak.
Adostu ez, ez ditugu adostu; baina adosteari buruz bi gauza esango nituzke. Batetik, euskarazko hedabideen sektoreak berak irizpide adostuak ba al ditu? Ez dut uste. Bigarrenik, Jaurlaritzari dagokionez, uste dut ezinbestekoa dela irizpideei buruz sektoreko kideek –askotarikoa baita, ez homogeneo eta uniformea– eztabaidatzea. Irizpideak finkatzea, baina, ez da Jaurlaritzaren eskubidea, da Jaurlaritzaren eginkizuna. Guztien artean adostua balitz, oso ondo, horrek kalterik batere ez du. Baina irizpideak finkatzen dituena parte interesatua izatea ez dut uste joko-zelaia denik. Ze, zelai horretan Jaurlaritzak egin ezin dezakeena da beste aldera begiratu eta interesatuei eskatu daukagun diru poltsa partitzea. Jaurlaritzak eginkizun politiko bat dauka eta berari dagokio irizpide horiek modu garden eta arrazoitu batean finkatzea. Guk oinarria garbi daukagu: eraginkortasuna eta euskararen erabilera bultzatzea.
Berria-k eta bere inguruak atera duten zalaparta horri dagokionez, gure asmoa da elkarlan zintzoari eustea. Edozeini errespetatu behar zaio bere ikuspegitik gauzak azaldu nahi izatea. Sinadura bilketa bada bidea, hori norberaren erabakia da, baina ez dugu uste konfrontazioa denik elkarlan hori sustatzeko bidea. Uste dut badaudela euskarazko hedabideetatik harantzagoko interesak Berria-ren babesle nagusia den Jaurlaritzaren aurka, zenbait alderdi eta erakunderen aldetik. Euskara politikakerietatik albo batera utzi behar da eta euskarari buruz ari garenean hauteskundeetarako kanpainek ez dute eraginik izan behar. Ikusita batzuen erreakzio eta adierazpenak firma bilketa kanpainaren inguruan argi geratzen da politikakeriak leku handia hartu duela honetan guztian; ze, datu objektiboak kontuan izanda, nekez justifika daiteke zenbaitek sortu duen zalaparta hau euskarazko hedabideen eta euskararen esparrura mugatzen baldin badugu analisia. Eskaera egingo nuke politikakeriak albo batera utzi eta elkarlan zintzoari heltzeko. Berria-ren babesle nagusia ez dago Berria-ren kontra eta eztabaidak izatekotan, izan behar du irizpideei buruzkoa.
Beste batzuek pentsatuko dute Berria-ri egindako jaitsiera ere ez ote den arrazoi politikoengatik, Jaurlaritzak Berria-ren ildoa gustuko ez duelako.
Jaitsiera zergatik izan den, azaldutakoak azalduta, argi dago. Irakurleen babesaren kontuarengatik da. Horretaz eztabaida daiteke. Eta bigarren kontu bat. Inoren ala zerbaiten kontra egiteko modua bada 1.300.000 euroko diru-laguntza ematea, askok hartuko lukete gustura. Guk, berriz diot, euskarazko hedabide guztiak dauzkagu kontuan begiratu gabe bakoitzaren joera politikoa zein den. Berria ere bai, baina ez Berria bakarrik. Eta ona litzateke erakunde guztiek gauza bera egitea, denak edukitzea kontuan.
Zer deritzozu tokiko hedabideek egiten duten lanari?
Oso garrantzizkoa da egiten den lana gizarte bizitzan euskararen erabilera areagotzeko. Adibide bat emango dut diru-laguntza deialdi honekin zerikusia duena. Gaur tokiko hedabide idatziek 97.000 aletik gora ateratzen dituzte eta eguneroko Berria-k ateratzen ditu 15.000. Inpaktu kuantitatiboari dagokionez, bistan da zer nolako garrantzia duten tokiko hedabideek. Tokiko hedabideek dituzte 194.000 irakurletik gora. Euskararen erabilera areagotzea eta irakurleak euskarazko irakurketarekiko leialago izatea helburu badugu Jaurlaritzan, tokiko hedabideei arreta garrantzitsua eskaini behar zaie, nahi eta nahi ez. Milaka euskaldun dira tokiko hedabideak kontsumitzen dituztenak eta milaka horietan askok eta askok euskaraz irakurtzen dute soilik tokiko hedabide hori. Horri gehituko nioke, zentzu horretan, euskararentzako gune propio bat eraiki dutela tokiko hedabideek. Komunikazioaren munduan, euskara indartsuen, hain zuzen, tokiko informazioan dago. Zenbait lekutan tokiko hedabideak dira euskararen arnas gune bakarra. Tokiko hedabideetan ere babes handiagoa jasotzen dute irismenaren irizpidearekin irakurlearen aldetik babes handiagoa duten hedabideek, ez tokiko hedabide huts izateagatik, irismen handia izategatik baizik. Inertziak dira aurrera egiteko etsairik handienak eta inertziak gainditzeko ausardia eduki behar da eta ausardia hori arrazoietan oinarritu behar da. Denok ari gara, metatuta dugun eskarmentu horri esker, hobetu behar direnak hobetzen. Publikoarekin babestu eta bultzatu dezagun euskarazko hedabideen kontsumoa. Hori da erronka, kontsumitzaile potentzialak, kontsumitzaile erreal bihurtzea, euskaradunak euskaldun bihurtzea, baita hedabideen kontsumoan ere; horretarako erakargarri diren produktuek behar dute guztiona den diru publiko horren aldetik bultzada.