Alaitz Artozabal, Tokikomeko zuzendaria: "Efizientzia lortzeko lan handia egiten ari dira tokiko hedabideak"

Julen Iriondo 2014ko urr. 24a, 09:15

Eusko Jaurlaritzaren ebazpenari eta Tokikomeko hedabideen egoerari buruz mintzo da Artolazabal.

 


Ze iritzi duzu Jaurlaritzaren ebazpenaren ondorioz Tokikomeko hedabideei iritsiko zaizkien kopuruei buruz
?
Tokiko hedabideek oso funtzio garrantzitsua betetzen dute, gertuko edukien erakargarritasunean oinarrituta, euskara gure etxeetaraino heltzeko. Lan horri esker, kapilarizazio handia lortzen da, euskarazko edukiak oso profil desberdinetako jendearengana eramanez eta mintzagai bihurtuz. Lan handia egiten ari dira tokiko hedabideak eta Tokikom efizientzia eta eraginkortasuna lortzeko asmoz: profesionalizazioa, apustu teknologiko sendoa, sinergiak eta eraginkortasuna garatzeko ahaleginak… Salto kualitatibo bat eman da, eta horretan inbertsio handia egin da, tokiko hedabideek izan dituzten eta dituzten baliabide murritzekin, eta borondate eta esfortzu askorekin. Hori guztia ikusita, uler liteke Jaurlaritzak nolabaiteko aitortza egin diola lan horri guztiari ebazpen honen bidez. Tokiko hedabideek jasoko duten poltsa, oro har, handiagoa da aurten, eta hori datu pozgarria da. Batetik, azken urteotan jaso dituzten laguntzen beheranzko joera eten egin delako, eta, bestetik, ondorioz, Tokikomeko hedabide gehienek –ez guztiek– laguntza handiagoa izango dutelako banan-banan hartuta. Baina komeni da perspektiba ez galtzea: 2010ekoekin konparatuta, esaterako, Tokikomeko bazkideek aurten jasoko duten bataz besteko laguntza txikiagoa da duela lau urtekoa baino.

Banatzeko zegoen diru kopurua iazko bera izanda, besteetan gertatzen den moduan, batzuk gehiago jasotzen badute, beste batzuk gutxiago...
Arazoaren muina da gure hizkuntz komunitatearen tamaina txikia: merkatua oso txikia da, eta euskaratik eta euskaraz sorturiko edukiak zabaltzeko negozioa ez da errentagarria egungo negozio eredua aplikatuz behintzat. Horrek euskara bultzatzeko konpromiso publikoa duten erakunde publikoen babesaren beharrean jartzen gaitu, eta gure autofinantzatze gaitasuna mugatu egiten du, negozioa dibertsifikatu ezean. Poltsa honen tamaina gora-behera, bada kontuan hartu beharreko alde garrantzitsu bat. Hizkuntza Politikarako Sailburuordetzaren diru-laguntzak hedabideen jarduerak dituen bi dimentsioetako bakarrera bideratuta daude: euskararen eta euskal komunitatearen sustapenera, hain zuzen ere. Baina euskal hedabideon jarduerak badu beste alde bat: ekonomikoa, industriala, eta horrek gainditu egiten du sailburuordetzaren irismena. Euskararen alorrean betetzen dugun funtzioa ondo garatzeko, beste alderdi batzuk ere garatu behar ditugu hedabideok, lehiakortasuna lortze aldera: berrikuntza, prestakuntza, inbertsioak, garapen teknologikoa... eta horiek ez dagozkio zuzenean. Benetan estrategikotzat jotzen badira, euskal hedabideen sektoreari beste ate batzuk ireki behar zaizkio erakundeen partetik, eta jarduera ekonomiko-industrial hori ere lagundu, beste sektore batzuetan egin den bezalaxe. Eta diru-laguntzak ez dira jarduera horri laguntzeko bide bakarra. Gure erakunde publikoen publizitate-inbertsioa, esaterako, hutsaren hurrengoa da diskurtso publikoan "estrategikotzat" jotzen den sektorean.


Zer deritzozu sailburuordetzak irismena lehenetsi izanari?
Bai, hala da, agian lehen aipaturiko bi dimentsio horietatik bakarrera bideratuta egoteagatik. Nire ustez, epe luzeko eraginkortasuna hedabideen lehiakortasunean dago, eta lehiakortasuna ez da egun batetik bestera lortzen. Lehiakortasun hori lortzeko beste aldagai batzuk ere baloratu beharko lirateke: besteak beste, sektorean, Hekimenen baitan lantzen ari garen eta Jaurlaritzarekin ere landu nahiko genituzkeen kalitatea, berrikuntza edo eraginkortasun soziala. Gure sektorean neurtzen horren zaila den irismena, azken helburua litzateke, lortu nahi den inpaktua. Hori da guztion helburua, baina horrekin batera neurtu beharko lirateke emaitzak, eta emaitza horretara heltzeko landutako prozesua ere kontuan hartu beharko litzateke, azken helburu hori lortzeko bidean.


Zein da Tokikom osatzen duten hedabideen egoera ekonomikoa?
Tokikomeko hedabide askok egun bizi duten egoera larria da, krisi ekonomiko orokorraz aparte, sektorea birplanteatzera bultzatzen gaituen krisi bat ere bizi baitugu. Birplanteatze horrek epe luzera begira jartzera behartzen gaitu, eta hori zaila da epe motzeko arnasa soilik duzunean. Gainera, batetik, aurrez aipaturiko merkatuaren tamainaren eta errentagarritasun ekonomiko eskasaren ondorioz, zaila da merkatu globalean lehiakor izatea; bestetik, horrek erakunde publikoen babesaren beharra eragiten du, eta haiekiko dependentzia ekonomikoa. Bizi garen ezagutzaren eta komunikazioaren aroan, Tokikomeko hedabideen balioa da balio jakin batzuk konpartitzen dituen euskal komunitatea sortzea, eta horretan izan nahi dugu lehiakor. Komunitatea sortzeko lan horretan, ordea, azpiegitura tangibletik baino gehiago intangibletik behar da, eta hori, tamalez, ez da egun diru-laguntzak emateko finkaturik dauden kostu estandarraren parametroetan islatzen. Lehiakortasuna lortzeko bidean, tokiko hedabideek salto kualitatibo bat eman dute, eta, aurrera begira, hortik jarraitu nahi dute, baina hori lortzeko baldintza ekonomiko hobeak behar dira: egonkortasuna eta ekiparatzea lortu behar dira. Gure borondatea da erakunde publikoekin sektorearen babes hori lantzen joatea, baina, era berean, autofinantzatzea ere lantzen joan nahi dugu, egungo bidetik, harpidetzak, publizitatea eta bestelako zerbitzuen eskaintza landuz, bizi izan ditugun diru-laguntzen gorabeheren eragina minimizatzeko.


Zein behar luke sektorearen estrategia edo jarduteko modua aurrera begira, Tokikomen irudiko?
Horren desberdinak garen hedabideak biltzen dituen neurrian, batzen gaituenean zentratu beharko luke, azken finean horrek sinestaraziko baitigu sektore bat garela eta modu horretan sinestaraziko baitiegu besteei sektore bat garela.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak