Arrasaten egin zen lehenengo aldiz eta, bailarako herri guztietatik eta Soraluzetik pasatu eta gero, sorterrian da bueltan, berriz Arrasateko Trikitixa Eskolak antolatuta. Hori dela eta, berritasunekin dator; adibidez, ikur berria. Maixa Lizarribar irakasleak Arrasate Irratiari honela esan zion: "Lekukoak bailaratik buelta osoa eman du eta pentsatu genuen polita izango zela hori gorde eta beste bat egitea".
Artisauen lanen zozketa
Egun horren helburua trikitilariak elkarrekin topaketa egitea da, eta aurten 200 inguru batuko dira, 300 bat bazkaritarako. Eskolak lau gunetan banatuko dira –Musakola, San Andres, Erguin eta Herriko Plaza– hamaiketakorako; gero, denok Biteri plazan batuko dira eta "kalejira erraldoia" egingo dute Herriko Plazaraino. Hortik aurrera, eskola bakoitza modu librean ibiliko da, bazkalordura arte. Eskola bakoitzak kantu bat prestatu du eta "bakoitzak bere momentutxoa" izango duela esan du Lizarribarrek.
Beste berritasun bat: pandero egile artisauak izango dira Herriko Plazan, eta haien lanak zozketatuko dira arratsaldean.