11:00etan hasiko da, Amaia Antzokian bat-bateko finala (sarrera doakoa da); ondoren, elkarrekin bazkaldu eta Arrasateko Txatxilipurdi elkarteak gidatutako jolasak egingo dituzte arratsaldean. Debagoienean bertsolaritza sustatzeko urteetan egindako lana eskertzeko asmoaz ekarri dute aurtengoa gurera.
Zortzi bertsolari oholtzan
Bertso txapelketen ohiko egitura orokorra izango du domekakoak ere: hasteko, bertsolari bakoitzak bere agurra kantatuko du, lau oinak emanda zortziko txikian bertso bana egin beharko dute gero, binaka zortziko txikian bina bertso ondoren eta segidan gaia emanda beste bi bertso, zortziko handian horiek; eta saio puntuagarria bukatzeko, bakarka, puntuari erantzun eta gaia emanda bertso bana egin beharko dute. Saioa borobiltzeko, bada, ohiko bukaerako agurra kantatuko dute. Lehiaketa bukatuta, bapateko eta idatzizko bertsoen sariak banatuko dituzte; Leintz Bertso Eskolako sortzaile taldekoa den Patxi Goikoleak jantziko dio bapateko irabazleari txapela.
Zortzi dira Amaia Antzokiko oholtzan lehiatuko direnak: Amaia Urbieta (Zarautz), Aratz Igarzabal (Gabiria), Eneko Arristegi (Segura), Iñigo Ibañez (Azpeitia), Iraitz Mateo (Oiartzun), Jon Gurrutxaga (Azpeitia), Maider Arregi (Oñati) eta Paul Iruretagoiena (Ataun). Horiek guztiek, aurten lehenengoz, bertso eskoletako ikasleek prestatutako gaiak kantatuko dituzte. "Gai-jartzaile lanetan jarduteko aukera ere eman nahi izan diegu. Inazio Usarralde eta Egoitz Aizpuruk lagunduta, ikasle talde batek prestatutako gaiak jarriko ditu domekan, Maialen Lujanbiok. Asmoa da hurrengo txapelketetan ere, bide horretatik jarraitzea" azaldu du Edurne Soraluzek, Gipuzkoako Bertso Eskoletako koordinatzaileak.
Bertso-afari formatuan
Bost kanporaketa izan dira: Azkoitian, Lasarten, Zumarraga-Urretxun, Mutrikun eta Zarautzen. "Bertsotan modu goxoagoan egiteko helburuaz, mahaiaren bueltan izan dira kanporaketak. Bataz-beste 50 lagun inguru batu gara saioko eta giro bikainean, 34 bertsolariren primerako saioekin gozatu dugu", dio Soraluzek.
Debagoieneko sei bertsolari izan dira horien artean: Ixak Sarasua, Ane Zuazubiskar, Marixe Ruiz de Austri, Maider Arregi, Urko Arregi eta Gontzal Belategi. "Ez da broma bailara batetik sei aurkeztea; asko esan nahi du horrek, bertan egiten den lan handiaren erakusle", gaineratu dute antolatzaile taldetik.
Ekainaren 21ean, Orion
Euskal Herriko bertso eskolen arteko Txapelketa Nagusia dute hurrengo hitzordua. Herrialdeko bina ordezkari joango dira; baita domekako irabazleak ere.
Egun osoko jaia antolatu dute, bazkaria eta erromeria horien artean. Bazkarirako txartelak eskuragarri daude dagoeneko, Bertsosarrerak.eu atarian.
----------------------
Maider Arregi (Bertsolaria): "Txapela baino gehiago, saio txukuna egitea dut finalerako helburu"
Domekan oholtza gainean izango da Arregi, finalisten artean.
Zein aurreikuspen dituzu?
Ez nago oso urduri, oraingoz behintzat; nire helburua, saio polita egitea da. Hor dago txapela bai, baina nire helburua ez da txapelaren bila joatea, arriskutsua da hori. Guztion artean saio polita egingo dugulakoan nago.
Nola ikusten lehiakideak?
Ez ditut aurten bertsotan ikusi baina ezagutzen ditut gehienak bertso-udalekuetan eta parrandan elkarrekin ibilitakoak ere bagara. Maila ona daukate guztiek.
Ze oroitzapen dizu Zumarragako kanporaketaz?
Oso gustura geratu nintzen egin nuen saioaz eta baita egon zen giroaz ere. Bertso afari formatuan izan zen eta formatu horrek presioa kentzen dio txapelketari.
Zer diozu eskolartekoaz?
Bertsolari gazteek plazara ateratzeko lehengo pausua da; beraz, garrantzitsuak nire ustetan.
Finala jokatuta, ze asmo duzu gerorako?
Arratsaldeko jokoetan geratzeko asmoa dut, parte hartzen ez badut ere, giroaz gozatzeko behintzat.
----------------
Patxi Goikolea (Leintz Bertso Eskolako sortzailea): "Txapelketak, eskolan ikasitakoa praktikan jartzeko aproposak dira"
Domekako bat-bateko irabazleari txapela jantziko dio bertsolaritzan eskarmentu handia duen arrasatearrak.
Pozik irabazleri txapela janzteko eman dizuten aukeragatik?
Bai; nahiko pozik, ohore bat da. Eskertuta nago lehenago egindako lanengatik (akaso jolasengatik esan beharko nuke, guretako lana baino, jolasa zelako) gaur egun ere gogoratzen direlako.
Leintz Bertso Eskolako hazia ereindakoa zara.
Bai, baina ez nintzen bakarrik ibili, gertutik nituen Juanito Akizu eta Xanti Iparragirre. Juanito eta biak, bertsozaleak ginen, Xanti, berriz, bertsolaria zen, beraz, bertso-teknika ondoen maneiatzen zuena. Asko ikasi genuen guztiok, elkarrekin.
Nola ikusten dituzu gaur egungo eskolak?
Gogoan dut Mikel Mendizabal bertsolaria fitxatu genuela bertso eskolen lehenengo arduradun moduan. harez gero, lan handia egin du urteetan Mendizabalek, besteak beste, bertso eskolak herri guztietara zabaltzeko; gaur egun, ezagun da egindako ahalegin hori, oso indartsu eta osasuntsu ikusten ditut eskolak.
Ze garrantzia ematen diezu bertso eskola arteko txapelketei?
Oso handia. Eskoletan ikasitako hitzekin jolasteko teknika praktikan jartzeko modu aproposa da. Txapelketa horietatik sortzen dira gainera, biharko bertsolariak. Era berean, bertsozaletasuna sustatzeko ere balio dute, polita da, oholtzako bi aldetan gazteak ikustea.