Neubat talde gasteiztarrean hasi zuen bere ibilbidea Libe Garcia de Cortazarrek. Sorkun eta Ekon-en partaide izan da eta Izaki Gardenak taldearekin bi disko argitaratu ditu. Hala ere, bere kantu propioak lantzeko denbora ere aurkitu du eta horretan ibili da isilpean azken urteotan. Abesti horietako batzuetan Joseba Poncek lagundu dio, ideiei forma ematerako orduan eta konposizioak biribiltzerako orduan. Kanta horiek talde modura landu eta garatu zituen gero, eskarmentu handiko gasteiztar musikariz lagunduta: Atxus (Neubat, Sorkun, Vicepresidentes), baxuan; Txus Villalabeitia (Same Old, Eh!), gitarran; eta Eneko De Arza (Naut, Trumbo), baterian.
Lokalean lauren artean ondo prestatu ondoren erabaki zuten, Karlos Osinagaren gidaritzapean, Bonbereneako estudioan sartzea, hamaika kanta biltzen dituen Ihesaldi handia diskoa grabatzera. Talde berri baten lehen lana bada ere, disko landu eta heldu baten aurrean gaude. Rock malenkoniatsu eta iluna, oinarri erritmiko sendoez lagundutako teklatu eta ahotsak direlarik nagusi. Doinu sendo eta indartsu bezain hauskorrak.