Ruper Ordorikaren kontzertua Amaia Udal Antzokian [EGUBAKOITZA, 22:00]

Ane Elordi 2014ko mai. 23a, 12:56

Ruper Ordorikak, gaur, Kooltur Ostegunen aurtengo edizioari amaiera emateko kontzertua Amaia Antzokian izango da azkenean, antolatzaileek esan dutenez. Hasiera batean, kontzertua Mugalaris taldearekin batera Monterron parkean eskaintzekoa bazen ere, eguraldi iragarpenek euria iragartzen dutenez, Amaia antzokira pasa dute. 22:00etatik aurrera hasiko da Arrasateko udalarekin elkarlanean antolatu duten ekimen hau.

Laugarren edizioa izan da aurtengoa, eta kontzertu berezi batekin eman nahi izan diote amaiera. Ruper Ordorika musikari oñatiarrak eskainiko du kontzertua; antolatzaileen esanetan, amaiera ekitaldi dotorea da eta publiko oso zabalari eskainitako kontzertua. Izan ere, Kooltur Ekintzaren helburuetarako bat, kultura eskaintza irekia eta askotarikoa egitea. Kooltur Ekintza taldeak laugarren edizioaren balorazio positiboa egin du.

Kooltur: "Kalitatezko proposamenak ekarri ditugu aurten ere"

Kooltur Ekintza taldearen Kooltur Ostegunak ekimenaren laugarren ikasturtea egubakoitzean –aurtengo azken emanaldirako eguna aldatu dute– amaituko da, Ruper Ordorikak Monterron parkean eskainiko duen kontzertuarekin (22:00). Eguraldi txarra egiten badu Amaia antzokian izango da, doan. Antolatzaileak pozik daude aurtengoak eman duenarekin: "Balorazio oso ona egiten dugu. Aurten ere kalitatezko proposamenak ekarri ditugu", adierazi du taldeko kide Iker Barandiaranek. Publiko gehien erakarri dituzten kontzertuen artean joan den egueneko Willis Drummond –300 lagunetik gora izan ziren–, Glaukoma, Who The Bitch (Japonia) eta The Hangmen (AEB) nabarmendu ditu Barandiaranek.

Iaz baino jende gehiago

Ekimena errotu denik ez dago zalantzarik: "Nahiz eta entzuten den tamaina erdiko emanaldietan oso jende gutxi egoten dela, iaz baino jende gehiago egon da aurten. Hori oso positibotzat daukagu". Hori bai, unibertsitateko ikasleen artean ez dauka arrakastarik: "Oso kontzertu gutxitara etortzen dira. Halako aukera egonda, ez aprobetxatzea... Ez dakite zer galtzen duten".

Bestalde, hurrengo urtean eguenak musikatzen jarraituko duten ez dute garbi: "Ez gara elkartu oraindik. Suposatzen dugu baietz, baina lan guztia boluntarioa da eta denon artean erabaki behar dugu".

"Sorpresatxoa" ekainean

Aurten inoiz baino amaiera borobilagoa emango diote ikasturteari, Ruper Ordorika The Mugalaris taldearekin etorriko da-eta.  Udalarekin elkarlanean antolatu dute: "Gaztetxetik kanpo egiteko aukera borobildu dugu. Biok, Udala eta gu, pozik gaude elkarlanarekin". Ofizialki hor amaitzen da ikasturtea, baina San Juan jaien aurretik "sorpresatxo" bat egongo dela aurreratu dute.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak