ALBISTEAK

Bergarako San Martin Agirre plazako obrak azken txanpan sartu dira

Oier Zumarraga Aranburu

Maiatzean hasitako berrurbanizazio lanak, abenduaren erdialderako amaituta egotea espero du Udalak. Oinezkoei lehentasuna emango diete, eta plazan aparkatzeko aukera kenduko dute.

Bergarako San Martin Agirre plaza berrurbanizatzeko lanak azken fasean sartu dira. Maiatzaren hasieran ekin zieten obrei, eta hasieran aurreikusitakoa baino zertxobait gehiago luzatu badira ere, abenduaren erdialderako amaituta egotea espero du Udalak. Orain arteko prozesuaren balorazio positiboa egin du Markel Azkargorta Hirigintza zinegotziak.

Une honetan, Bidekurutzetatik datorren saneamendu sarea egokitzeko lanetan ari dira, euri urak eta ur zikinak bereizteko. Horren ondorioz, Komenio eta Bidekurutzeta kaleak itxita egongo dira ibilgailuentzat hiru astez, eta Artekaletik igaro beharko dute autoek. Hala ere, Komenio kalean garajeak dituzten bizilagunek autoarekin sartzen eta irteten jarraitu ahal izango dute. Oinezkoek, berriz, bi kaleetatik igarotzeko aukera izango dute, orain arte bezala. Obren inguruko zalantzak argitzeko, Udaleko Bulego Teknikora jo dezakete herritarrek.

Oinezkoei lehentasuna

Plazaren itxura ez ezik, inguruko mugikortasuna ere aldatuko da obrak amaitutakoan. Udalaren helburua oinezkoei lehentasuna ematea da, eta, horretarako, gaur egun plazan dagoen aparkatzeko aukera kenduko dute.

Mugikortasun urriko pertsonentzako aparkalekuak, berriz, Komenio kalean egokituko dituzte. Hala, erdiguneko espazioaren erabilera berrantolatuko dute, oinezkoentzako eremua lehenetsita.

Bidekurutzeta, hurrengo urratsa

San Martin Agirre plazako berrurbanizazioa Bergarako alde zaharra biziberritzeko estrategiaren barruan kokatu du Udalak. Plazako lanak amaitzear daudela, dagoeneko zehaztu du zein izango den hurrengo esku-hartzea: Bidekurutzeta kalea.

Udalaren asmoa da agintaldia amaitu aurretik Bidekurutzeta berrurbanizatzeko proiektua idatzita uztea. Bitartean, San Martin Agirre plazako azken lanetan jarraituko dute, abenduaren erdialderako herritarrek espazio berritua erabiltzeko aukera izan dezaten.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak