San Martin plaza urbanizatzeko lanak apirilean hastea aurreikusten du Bergarako Udalak

Idoia Aranbarri Arzuaga 2026ko otsailaren 23a

Construcciones Zubieder SL enpresari esleitu dio Bergarako Udalak San Martin plaza berrurbanizatzeko lanen kontratua. Obrek 1.950.569,54 euroko aurrekontua izango dute, eta bost hilabeteko epean gauzatzea da aurreikuspena, hasiera akta sinatzen denetik, zenbatzen hasita. Udalak jakinarazi du "gaurkoz" apirilean hasteko aurreikuspenarekin ari direla lanean enpresako eta udaleko teknikariak, baina datozeetan esango dutela hasiera data zehatza.

Plaza berrurbanizatzeko lanen artean, zoladurak eta estaldurak berrituko dituzte; lur mugimenduak eta saneamendu sarea egokitu; argiteria publikoa berrantolatu eta energia sareak eguneratu; telekomunikazioen, gasen eta ur horniduren sare berriak ezarri; lorategi eta altzarigintza elementu berriak instalatu, eta obren fasekatzea egin oinezkoen joan etorriak eta merkatarien sarbidea ahalik eta gehien bermatzeko. Proiektua Vaumm Arkitektura enpresak idatzitakoa da.

Markel Azkargorta Hirigintza zinegotziaren iritziz, alde zaharra biziberritzeko estrategiaren barruan kokatzen dira San Martin Agirre plaza berrurbanizatzeko lanak: "Bergarako erdigune historikoko espazio nagusietako bat egokituko dugu, bergararron eguneroko erabilerarako atseginagoa eta irisgarriagoa izan dadin. Era berean, lanak fasekatuta egingo dira, ahalik eta eragin txikiena sortzeko, eta ondare arkeologikoa bermatzeko mekanismo guztiak aktibatuko dira".

Udalak jakinarazi du, kontratua sinatu ondoren, adjudikazio hartzaileak obra hasteko dokumentazioa, segurtasun eta osasun plana eta lanen antolaketa aurkeztuko dituela.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak