Hondeamakinak, berriro ere San Antonioko Algodoneran

Eneko Azkarate Laspiur 2025ko urr. 24a, 09:00

Garai batean San Antonioko Algodonera –Tavex Taldea– ehungintza fabrika zegoen tokia berrurbanizatzeko eta etxebizitzak egiteko lanak hasi ditu Amenabar etxegintza-enpresak; oraingoz, ingurua garbitzen ari dira.

Hondeamakinak San Antonioko Algodonerara itzuli dira. Garai batean Bergarako ehungintza fabrika garrantzitsuenetakoa kokatuta egon zen Gabiria auzoko meandroan lanean ari da Amenabar etxegintza-enpresa. Ingurua berrurbanizatu eta etxeak egiteko helburuarekin, gune industriala izan zena bizitoki bihurtzeko.

Berrituko den A-18 Guneak, orotara, 30.183 metroko azalera dauka eta zortzi partzela eraikigarri hartzen ditu bertan, zazpi Algodoneran –Gabiria dorrea barne– eta beste bat Artabillan; etxebizitzetarako 9.085 metro koadro guztira. Hala jasota dago aurten, Bergarako udalbatzak, aho batez, behin betiko onartutako A-18 Guneko Plan Berezian, 2009an eta 2011n, hurrenez hurren, onartutako Hiri Antolamenduko Plan Orokorra eta Hiri Antolamenduko Plan Berezia aintzat hartzen dituena.

A 18 Gunean egitea aurreikusita dagoen planoa. 

346 etxebizitza

Plan Berezi horretan jasotzen denaren arabera, 346 etxebizitza berri eraikitzea aurreikusten da. Horietako gehienak libreak, baina baita tasatuak eta babes ofizialekoak ere. Era berean, 492 aparkaleku publiko egongo lirateke eta beste 933 garaje-plaza. Errepide berriak, biribilgunea eremu erdian, bidegorria, berdeguneak, parkeak… ere jasotzen ditu. Ibai ertza berreskuratzen da, Gabiriako zubiari beste begi bat irekitzen zaio…

Zubi berria Torrekuatik

Inguru osoa berrurbanizatuko da. Hala, meandrorako sartu-irtena ahalbidetuko duen zubi berria eraikiko da Torrekua aldetik, Ertzaintzaren komisariatik gertu egingo den biribilgunetik abiatuko den bide berritik. Horrek, baina, gaur egungo bus geltokiari eragingo dio zuzen-zuzenean, eta Bergarako Udalean lanean ari dira horri irtenbidea emateko.

Lehengo Vasco-Navarro trenbidearen zubia, gaur egun bidegorria; honen ondoan eraikiko da zubi berria.

Zubi berri hori gaur egungo trenbide zaharreko zubiaren –Labegaraieta alderako bidegorria– parean joango da, paralelo, eta apur bat gorago. Ez du zutoinik izango, ibaiaren jarduna ez oztopatzeko.

Bestalde, gaur egun San Antoniotik eremu hartara sartzeko dagoen zubiari eutsiko zaio. Gabiria kalerako eta Artabillako etxeetarako sarbidea izango da, oraingo moduan. Eta eremuaren erdian biribilgunea egingo dute.

Algodonerako gaur egungo zubia; oinezkoendako eta Artabillako etxeetara zein Gabiria dorrera joateko eta irteteko erabiliko da.

Gune berriko bidegorria errekaren ertzetik igaroko da, Gabiriako zubi horren altueran joango dena, baina gune osoa baino beherago. Hain justu ere, bidegorri hori egiteaz bat, erreka ertz osoa –ibaiaren ezkerreko aldea– berreskuratuko da; horretarako, gaur egungo hormigoizko hormak suntsitu egingo dituzte.

Gabiria dorrea eta baserria

Meandroan geratzen diren eraikin guztiak botako dituzte, bat izan ezik: Gabiria dorrea, eraikin historikoa, gaur egun Tavex Taldearen egoitza dena. Botako dituzte lehengo Algodonerako bulegoak eta etxebizitza izan zena, San Antonio kalerantz errekaren gainean geratzen dena, eta Gabiria baserria. Eraikin horiek ordenazioz kanpo geratzen dira Plan Berezian. Konpentsazio moduan, baserriaren jabeei, Artabillan dagoen Migel Altuna berriaren ondoko lursail bat uzten die Bergarako Udalak, Amenabarrek bi etxebizitzatako eraikina egiteko han.

Errepiderik ez saihesbiderantz

Aurten behin betiko onartutako A-18 Guneko Plan Bereziaren aurrekaria da 2007koa. Orduko hartan aurreikusten zen Algodonerako meandrorako beste sarrera-irteera bat: Gabiria baserriaren azpitik GI-627 errepidearekin bat egiten zuena eta A18 Gunea Bergara hegoaldearekin lotzea ahalbidetzen zuena. Bide berriak, gainera, oinezkoentzat eta autoentzat izateaz gain, XXI. mendeko lehen hamarkadan egitea aurreikusita zegoen tranbiari ere tokia egiten zion, auzune berritik igarotzea aurreikusten baitzen; Aretxabaleta eta Bergara lotuko lituzkeen tranbia. Plan berriak ez du aurreikusten bide berri hori egitea.

Oraingoz, Amenabar enpresako hondeamakinak hasi dira sastrakak garbitu, arbola-arramak kendu eta hondakinak erretiratzen. Horrek piztu du herritarren artean jakingura, ia 20 urtez geldi izan direlako lanak eremu hartan. Urbanizazio lanak hasi eta etxeak eraikitzen hasi aurretik, ordea, katak egitea eta kutsadura kentzea izango da egiteko nagusia, Eusko Jaurlaritzak, Ura agentziak, Udalak… eskatzen dituen baldintzapean. Hori eginda, proiektua aurkeztu, onartu… Urte batzuk joango dira etxeak amaituta ikusi orduko. Amenabarretik adierazi diote GOIENAri, katak egiteko ingurua garbitu eta Jaurlaritzaren Lurzoruaren Kalitate Ziurtagiria lortzea dela hurbilena, ostean urbanizaio plana tramitatzeko.

A 18 Gunea airetik.

"Berri ona"

Bergarako alkate Gorka Artolak zuhurtzia erakutsi nahi izan du: "Ezer eraikitzen hasi aurretik, A18 Guneko Plan Bereziaren garapena zehaztu behar da, urbanizazio plana idatzi, beharrezkoa balitz zehaztapen azterketa egin, jabekideen kontzertazio junta osatu, partzelak banatu, eskuordetzeak egin…", adierazi dio GOIENAri. Dena den, lanak hasi izana pozgarria dela aitortu du: "Gunea garatzen hasteko aukera balego, berri ona litzateke, planeamenduaren garapenean aurrera egin eta etxebizitza libreak merkaturatzeaz gain etxebizitza babestu eta sozialei erantzuteko aukera sortuko litzaiokeelako Udalari ere, sustapen publikoko 90 etxebizitzarekin".

Ehungintza fabrikatik bizitokira

Algodonera de San Antonio lantegiak –gerora, Tavesa eta Tavex Taldea– ehungintza sektorean jardun zuen XIX. mende erdialdetik XXI. mende hasierara arte, San Antonio auzoko Gabiria kalean. 2001ean, produkzio osoa Elorregiko lantegi berrira eroan zuen. Hutsik geratutako Gabiriako lursail hari beste erabilera bat ematea erabaki zuen Bergarako Udalak orduan, industria erabilera edukitzetik bizitoki izatera pasatuz. Ehungintza enpresak lursaila saldu eta Elorregin araztegia eraiki zuen, besteak beste. 

Tavex Taldearen San Antonioko Algodonerako fabrika 1990eko hamarkadan. Argazkia: BUA

Hasi orduko, gelditu

"Bergarako Bigarren Zabalgunea" izango zen auzo berriko lanak hasi orduko, 2005ean, geratu egin behar izan zituzten. Arrazoia: 25 urteko behargin bat hil zen, Goizuetakoa, gidatzen zuen hondeamakinak azpian harrapatuta. Gerora, 2008 urtean finantza krisi globala etorri zen eta horrek zaildu egin zuen inguruak eskatzen zuen tamainako inbertsioa egin ahal izatea. Honenbestez, ia bi hamarkada izan da ingurua lagata, aurtengo udan berriro lanak hasi direnera arte.

Dorrea Tavex Taldearen egoitza

Bestetik, Bergarako Udalak eta Tavex Taldeak lankidetza-hitzarmena sinatu zuten Udalaren jabetzakoa den Gabiria dorrea berritzeko, Tavex Taldearen egoitza soziala eta bulegoak bertan kokatzeko. Lanak 2006ko uztailean abiatu zituzten, eta 2008an inauguratu zuten dorre berritua. Udalak eta Gipuzkoako Diputazioak 780.000 euro ipini zituzten; Tavex Taldeak, 900.000 euro. Amenabar enpresak egin zituen lanok. Eraikina Udalarena bada ere, Tavex Taldeak 30 urtez erabiltzeko aukera izango zuen. 30 lagun hasi ziren bertan lanean.

2008ko urtarrila; Tavex Taldearen egoitza izateko berritutako Gabiria dorrearen inaugurazioa. 

Hondeamakinak itzuli dira San Antonioko Algodonerara. Bergararen azken hamarkadetako hirigintza garapenaren beste adibide bat izango litzateke 18 Gunearena. Sasoi batean ehungintzako fabrika izan zirenak bizitoki-gune bihurtuta; Movilla, Otazua edota Lasagabaster zirenekin gertatu bezala, orain Algodonerarekin.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak