Gabiriako berritze lanak, amaituta

Edu Mendibil 2008ko urt. 13a, 23:19
Urte eta erdiko lanen ondorioz, amaitu dituzte Gabiria dorrea berritzeko lanak. Aurrekontua 1,6 milioi eurokoa izan da eta erakundeen eta Tavex lantegiaren artean ordaindu dituzte. Eguenean, hilaren 17an, aurkezpena egingo dute, eguerdian.

XV. mendeko eraikinaren egoera kaskarra ikusita, Bergarako Udalak eta Tavex Algodonerak hitzarmena sinatu zuten 2005eko apirilean birgaitzeko lanak bi aldeen artean ordaintzeko. Lanak 2006ko uztailean jarri zituzten abian azkenik. Udalak eta Diputazioak 780.000 euro ipini dituzte, eta Tavex Algodonerak 900.000 euroko inbertsioa egin du. Amenabar enpresak egin  ditu lanok. Eraikina Udalarena bada ere, Tavex Algodonerak datozen 30 urteotan erabiltzeko aukera izango du. Tavexeko zerbitzu orokorrak bertan kokatuko dira eta urte berriarekin batera 30 lagun ari dira bertan lanean.


Manu Diaz Tavex Algodonerako idazkari orokorraren hitzetan, "1846tik gure lantegia San Antonion egon da eta bertan jarraitzea zen gure asmoa. Era berean, azpimarratzekoa da erakundeek eta enpresa pribatuak horren balio handia duen eraikina berreskuratzeko aurrera eramandako ekimen hau".   

Monumentu historikoa

Gabiria dorrea XV. mendean hasi ziren eraikitzen, jatorrizko eraikinetik oso gertu, 1457an eraitsi egin baitzuten Enrique IV.aren aginduz. Gabiriatarrak XVII. mendeko lehen erdira arte bizi izan ziren han; ordutik hainbat maizterrek hartu zuten errentan. 1719an erre egin zen, eta inoiz ez zuten osorik berreraiki.

Monumentu historiko-artistiko izendatu zuten Gabiria 1964an. 2002an, monumentu izendapena jaso zuen Jaurlaritzaren partetik. Datorren eguenean, hilaren 17an, erakundeetako eta enpresako ordezkariak izango dira. Ekitaldi xumea egingo dutela aurreratu dute Tavex lantegiko iturriek. Aurretik, aurkezpenera etortzen direnekin bisita gidatua egingo dute herrian.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak