Harrera beroa egin die bergararrek Miguel Okinaren gaineko liburuari

Mirari Altube Arrese 2025ko ira. 23a, 15:34

Miguel Okina. 1924-2021. Artea etxeetara iritsi zenekoa liburua aurkeztu zuen joan den zapatuan Miguel Angel Elkoroberezibar ikertzaile eta idazleak. Eta Bergarako udaletxeko osoko bilkuren aretoa lepo bete zen. Duela hamar urte baino gehiago hasi zen lanaren emaitza da aurkeztutakoa, eta liburuan, Miguel Okina pintore bergararraren ibilbidea jaso du.

Liburua idaztea  bide luze bezain aberatsa izan dela zioen, eta herriaren laguntza izan duela horretan. Eskertuta agertu da gertu izan dituen lagunei, horien artean, Xabier Agirre, Bingen de Pedro, Antton Arrillaga eta Josu Okina.

Bergarako margolariaren jaiotzaren mendeurrena borobiltzera dator liburua eta artea zabaltzeko egindako lana aitortu gura izan dio Elkoroberezibarrek; izenburuak dioen bezala, artearen normaltasuna ekarri zuelako herrira. Eta gogorarazi du haren koadro bat Bergarako ia etxe guztietan dagoela. 

Gertuko pertsona ere izan zen Bergarako pintorea eta horren erakusgarri izan dira orain arte antolatutako ekitaldiek zein zapatukoak izan duten harrera beroa.

Okinak 4.000 koadro margotu zituen, eta zapatuko aurkezpenean horietako bi erakutsi zituzten. Goenkale kalea lana, 1968an margotutakoa; eta Okinaren ikasle izan zen Frantxulet antzuolarraren erretratua. Okinaren beste hainbat koadro jarriko dituzte ikusgai urriaren 3an zabalduko duten erakusketan.

Okinaren obra antologikoaren gaineko erakusketa ikusgai egongo da urriaren 3tik 26ra bitartean, Bergarako Aroztegi aretoan.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak