Berari buruzko liburuaren aurkezpenean, argi geratu da Bergarak Miguel Okinari dion estimua

Txomin Madina Milikua 2025ko ira. 20a, 19:31

Gaur aurkeztu dute jendez lepo bete den Bergarako udaletxeko osoko bilkuren aretoan Miguel Angel Elkoroberezibarrek idatzi duen Miguel Okina. 1924-2021. Artea etxeetara iritsi zenekoa liburuaren aurkezpena bertatik bertara jarraitzeko.

Miguel Okina margolari bergararraren jaiotzaren ehungarren mendeurreneko ospakizunak azken txanpan sartu dira, eta gaur bertan gauzatu da horren bueltako azken ekintzetako bat: Miguel Angel Elkoroberezibarrek idatzi duen Miguel Okina. 1924-2021. Artea etxeetara iritsi zenekoa liburuaren aurkezpena.

13:00etan izan da hitzordua Bergarako udaletxeko osoko bilkuren aretoan, eta ordurako jendez lepo beteta zegoen. Okinaren familiakoak eta lagunak, herriko artistak, Udaleko ordezkariak, idazlearen beraren senitartekoak… "Aretoa egon den moduan egonda, argi geratu da Miguel Okinak sekulako ekarpena egin diola herriari; ez bakarrik arlo artistikoan, baita herritar eta jendarteko parte moduan. Oso gertukoa izan zen eta hori nabarmen geratu da gau", esan du aurkezpenean parte hartu duen Bergarako alkate Gorka Artolak.

Liburua idazteko asmoa, 2014tik

Miguel Angel Elkoroberezibarrek berak azaldu duenez, duela hamar urte baino gehiago hasi zen liburua idazten, baina bestelako konpromisoak tarteko, eta Okinarekin harremanetan jarraitu zuen arren, utzi egin zuen bere momentuan. "2021ean Lorenzo Askasibarri buruzko liburua aurkeztu nuenean, baina, Okina bertan egon zen, eta handik astebetera hil zen. Orduan ikusi nuen zirt edo zart, Okinari buruzko liburua egin behar nuela. Era berean, ehungarren urteurreneko batzordekoak nirekin jarri ziren harremanetan eta liburua idaztea  bide luze bezain aberatsa izan da. Herri guztiak lagundu dit, eta hori gabe liburua ez litzateke posible izango. Zer esanik ez gertu izan ditudan Xabier Agirre, Bingen de Pedro, Antton Arrillaga eta Josu Okina gabe", azaldu du  Elkoroberezibarrek.

Gaineratu du, liburuaren izenburuak dioen bezala, artearen normaltasuna ekarri zuela herrira: "60ko hamarkadan, bera bezala beste hainbat margolari kalera irten ziren eta giro bat sortu zuten; jendeak haiek egiten zuten lanari erreparatzen zion. Neurri batean, lagundu zuten arte hori etxeetara iristea, eta ez bakarrik aberatsak zirenen etxeetara. Esan daiteke bergarako etxe guztietan dagoela Okinaren koadroren bat".

Liburuan 200 margolan agertzen dira eta idazleak adierazi du Okinaren bizitza pertsonala eta artistikoa, biak uztartzen saiatu dela: "Bizitza hori, gainera, orduko testuinguruan kokatzen saiatu naiz: orduko Bergara, orduko ekimenak…".

Okinaren bi koadro aurkezpenean

Okinak 4.000 koadro margotu zituen bere bizitzan zehar, eta gaurko aurkezpenean horietako bi erakutsi dituzte. Batean, 1968an margotutakoan, Okinarentzat kuttuna zen Goenkale jalea agertzen da. Bestean, Okinaren ikasle izan zen Frantxulet antzuolarraren erretratua agertzen da; 1951an lehen erakusketa egin zuenetik gaur arte ez da berriz ere jendaurrean erakutsi. Eta hain zuzen ere, besteak beste  Frantxulet-i buruzko abestia kantatu duen Alai Berri otxotearen emanaldiarekin bukatu da gaurko aurkezpena.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak