2024an bete ziren 100 urte Miguel Okina (1924-2021) jaio zela, 4.000 margolan baino gehiago sinatu zituen margolari bergararra. Efemeridea helduleku hartuta elkartu ziren Xabier Agirre, Antton Arrillaga, Bingen De Pedro eta Miguelen iloba Josu Okina, artista emankorra omentzeko eta haren obra herritarrekin partekatzeko.
Ikusmin handia piztu dute orain arte antolatutako ekintzek, eta itxura bera dute egiteke daudenek: batetik, bihar Miguel Angel Elkoroberezibar (Bergara, 1966) idazle eta ikertzaileak aurkeztuko duen Miguel Okina 1924-2021. Artea etxeetara iritsi zenekoa liburuaren aurkezpena, udaletxeko osoko bilkuren aretoan (13:00); eta, bestetik, urriaren 3tik 26ra Aroztegi aretoan irekiko duten Okinaren obra antologikoaren gaineko erakusketa.
"Konstantea zen lanean"
Okinaren gainekoa idatzi duen hamargarren liburua da Elkoroberezibarrentzat. Azken liburu horretako 180 orrialdeetan barrena 75 argazki eta 200 margolan aurkituko ditu irakurleak. "Beart-eko hainbat lagunek jo zuten niregana; bazekiten aspalditik neukala Okinaren biografia idazteko gogoa", adierazi dio GOIENAri egileak.
Okinaz diharduenean igartzen zaio Elkoroberezibarri estimu handian zuela: "Okina xumea eta apala zen, marrazteko erabiltzen zuen ikatz-ziria bezalakoa, beti lagunez inguratuta. Jantzia, irakurle handia eta musikazalea; mendizalea eta bidaiaria –Kanarietatik Galiziaraino, Marokon eta Europako hainbat lekutan margotu zuen–; Madrilen, Bartzelonan eta Parisen egin zituen egonaldiak erabakigarriak izan ziren haren ibilbide artistikoan. Okinak bazuen dohain bat: konstantea zen lanean, eta hortik bizi ahal izan zen. 70 urtetik gora pinturari emana, ia 90 urterekin azken koadroa egin zuen arte. 4.000 margolan inguru pintatu zituen! Gutxik egin dezakete halakorik... Okina bere marrazki eta konposizio apartagatik, kolorearen erabileragatik eta argiaren tratamenduagatik nabarmentzen da. Bestetik, haren erretratuetako pertsonak interpretatzeko gaitasuna harrigarria da. Ez zen margolari konformista izan, eta beldurrik gabe arriskatu zuen; koherentea izan zen beti pintatzeko moduarekin".
Aurkezpena, sorpresa eta guzti
Biharko aurkezpena "Okinaren lagunen eta zaleen topagunea" izango dela dio liburuaren egileak: "Sorpresatxo bat ere badaukagu: goi mailako bi margolan erakutsiko ditugu, istorio bereziak dituztenak, Bergaran inoiz ikusi gabeak. Amaitzeko, Alai Berri otxoteak pare bat abesti eskainiko dizkigu; horietako batek zerikusi zuzena dauka margolan batekin".
Horrez gain, Okina omentzeko batzordeko artistak ere goraipatu nahi izan ditu: "Pintura master bat izan da, luxua. Margolanen bilaketan, azterketan eta aukeraketan buru-belarri aritu dira. Bestetik, Udalak lehen unetik eskaini digu babesa; batez ere, Kultura zinegotzi Maite Usabiagak".
Elkoroberezibar: "Okina konstantea zen bere lanean; 70 urtetik gora pinturari emana"
Pintura duintzearen "sustatzaile"
Bergara oraindik ere herri margolaria den galdetuta, honako hau dio Elkoroberezibarrek: "Okina bezalako artistei esker Bergaran pinturari duintasuna dario, errespetuz tratatu izan da. Artista izatea erabakitzen duenak, etxekoen babesa ez ezik, herrikoen bultzada ere sentitu du. Belaunaldiz belaunaldi, nork irakatsi eta non ikasi izan du zaleak: eskolan, estudioetan, lagun artean, akademietan edo kalean. 60ko hamarkadatik aurrera Bergaran pintura zabaldu egin zen, eta Bergara pintura-leku gisa aipatzen hasi zen. Artea eta artistak gure paisaiaren parte bihurtu ziren, eta herriko pintoreen artelanak etxeko paretetan zintzilikatzen hasi ziren". Liburua eskuratu ahalko da bihar –15 euro–; ostean, Aroztegin, urri amaierara arte.
Lehen elkarrizketa, duela hamar urte
Okinarekin hainbat ordu pasatu zituen liburuaren egile Migel Angel Elkoroberezibarrek: "Miguel oso maitea genuen etxean, haren margolanekin hazi ginen. Azkenaldian, tarteka meriendatxo bat egiten genuen. Gauzari kolorea ematea deitzen zion horri. Nostalgiaz gogoratzen zituen Madrilgo, Bartzelonako eta Parisko ibilerak. Begi bihurri haietan txinparta berezi bat sortzen zitzaion hango pasadizoak kontatzerakoan. Askok pentsatzen dute ez zela Barrenkaletik atera".
Prozesua, "luzea bezain aberatsa"
Liburua sortzeko prozesua "luzea bezain aberatsa" izan dela dio ikertzaile bergararrak: "Orain dela hamar bat urte egin nion lehen elkarrizketa Okinari. Gerora, ehunka lagunekin egon naiz hari buruzko testigantzak eta bizipenak jasotzen eta dokumentazioa zein material grafikoa biltzen. Ia hutsetik eraiki behar izan dut haren biografia. Beste liburu bat idatzi beharko nuke kolaboratzaile izan ditudan lagun guztien zerrenda egiteko".