Jesus Aranzabal Ojanguren hil da, Debagoienak eman duen txirrindulari nabarmenena, zalantza barik. Frantziako Tourrean parte hartu duten lagun gutxi horietakoa zen, eta aitzakia horren bueltan elkarrizketa egin zion GOIENAk uztailean Markel Irizarrekin, Ivan Velascorekin, Jon Odriozolarekin eta Enrique Alonsorekin batera. Orduan mokorreko ebakuntza batetik errekuperatzen zebilen, eta abuztuaren 31n ez zuen kalerik egin urtero Elgetan egiten duten ziklista ohien bazkarira. Han izan zen beste txirrindulari ohi ospetsu askorekin batera, talde erretratua egin zuten lehenengo, eta Intxorta elkartean bazkaldu zuten gero.
Ekaineko elkarrizketan memoria ederrarekin errepasatu zituen 1966 eta 1972 urte bitartean jokatu zituen hiru Tourrak, eta tropel barruan bizi izaten zituztenak ere kontatu zituen, esaterako, Eddie Merckx-ekin batera lehiatu zuen 1972ko Tour hura.
Ziklista profesionala 1964 eta 1972 urte artean
Angiozarren jaiotakoa ziklista profesionala izan zen zortzi urtez. Bidasoako Itzulia irabazi zuen 1963an, eta bere lorpenen artean daude Andaluziako Itzuli bat, Euskal Herriko Itzulian lortutako etapa bat –bigarren izan zen sailkapen orokorrean–, Portugalgo Itzulian bi etapa, Espainiako errepideko txapelketan birritan igo zen podiumera, eta Espainiako Vueltan etapa bat irabazi zituen, besteak beste. Inuri eta GAC Mobylette taldeetan ibilitakoa, bereziki Fagor (1966-1969) eta Bic taldeetan (1970-1972) egin zuen ibilbiderik oparoena. Lurrak goxo har dezala.
Jesus Aranzabal txirrindulari ohia hil da, berau Angiozarren jaioa, Bergaran. Txikitan, sarri ikusten genuen Arrasate inguruetan entrenatzen. Gure idoloetako bat zen pic.twitter.com/1zADxcG0Cw
— Joxe Aranzabal (@joxearanzabal) September 28, 2023
⚫️ Jesus Aranzabal Ojanguren (Bergara, 1938) txirrindulari oiha hil da, 84 urterekin.
— Bergara Kirol Elkartea (@BergaraKE) September 27, 2023
Frantziako tourrean eta Espainiako Vueltan lehiatutakoa.
Doluminak eta besarkada handi bat familia eta lagunei Mahonero guztion partez.
Goian bego. pic.twitter.com/mbzeFP7Umy