Esaera berezi batek dio Eliseoetara iristeak ematen duela benetan txirrindulari-txartela, eta bost lagun horiek badakite hiru astez egurrean ibili eta gero zer den azken etapan Parisko kaleetan barrena tropelean hegan joatea, burua eskulekuan sartuta, eta urrunean Eiffel dorrea ikustea. Akaso, ez da izango denen lasterketa gustukoena; Irizarrek eta Velascok sarritan nabarmendu izan dute gurago dutela Italiako Giroa, baina denak datoz gauza batean: Frantziako Tourra munduko lasterketa handiena da.
Batzuk ikusle, besteak lanean
Ez daukat horrela ibiltzeko adinik, etxean ikusiko dut lasai". Enrique Alonsok ere garbi dauka lasterketa ondo telebistan ikusten dela: "Akaso, azken momentuan lagunen baten gonbidapena onartu eta auto barrutik ikusiko dut etapa, baina ziklismoa ikusi nahi duenak etxean du aukera onena. Bide bazterrean egiten dena da giroaz gozatu". Odriozolak ez dauka etxean geratzeko asmorik, baina jendetza artean ibiltzeko gogo handirik ere ez dauka. "Irtengo naiz bide bazterrera, bai noski, baina leku lasairen bat aukeratuko dut, eta, gero, etxetik jarraituko dugu etapa
Velascorendako eta Irizarrendako, berriz, laneguna izango da, zuzendari lanetan ibiliko dira-eta lasterketan. "Scouting-eko autoan joango naiz, egun horretan ez dut zuzendarien autoan joan nahi, hor lasterketara lotuta zoazelako. Aurretik joan nahi dut, lasaiago, eta errepide bazterrean egongo den giroaz gozatu", dio Irizarrek.
Jesus Aranzabal - Tourrak: 1966 / 1967 / 1972
"Merckx gu baino bi koska gorago zegoen beti"
1966ko Frantziako Tourra 130 ziklistak hasi zuten. Edizio hartan txirrindulariek 4.329 kilometro egin zituzten 22 etapatan, eta helmugara 82 txirrindulari baino ez ziren iritsi. Lasterketa amaitu zuenetako bat izan zen Jesus Aranzabal (Angiozar, 1939). "Sasoi hartan Frantziako Tourrera joatea zen mendi gailur altuena igotzea bezala, ez zegoen gauza handiagorik", dio bergararrak. Bistan da 60 urtean gauzak ez direla askorik aldatu. Hain zuzen, Aranzabalek esku hartu zuen lehenengo Frantziako Tour hartan, 1966koan, egin zituzten lehenengoz dopin-kontrolak. Bergarakoak ondo gogoan du sortu zen iskanbila. "Txirrindulariak haserretu egin ginen, eta hurrengo egunean greba moduko bat egitea zen asmoa. Baina Frantziako Tourreko arduradunak beti izan dira oso serioak; han ez dago bromarik. Zuzendariak hurrengo goizean etaparen hasiera adierazi zuenean, autoa hartu eta aurrera egin zuen atzera begiratu gabe, eta txirrindulari guztiak joan ginen atzetik". Lauzpabost egunera, sei txirrindularik positibo eman zuten.
"Tourrean beti izan dira oso serioak, han ziklisten protestek gutxirako balio zuten"
Angiozarkoa behin baino gehiagotan izan zen Tourrean etapa irabazteko puntuan, baina ez zuen helburua lortu. Ez zen izan saiatu ez zelako. Bereziki, 1967ko edizioan izan zuen garaipena gertu. "Bigarren etapan bigarren izan nintzen. Bezperan, atariko erlojupekoa Errandoneak irabazi zuen, eta hurrengo egunean hamar laguneko taldea gindoazen ihes eginda. Pare bat kilometro geratuko ziren etapa amaitzeko, eta taldeko batek [Walter Godefroot belgikarra] ihes egin zuen. Hura harrapatzen saiatu nintzen; atzean utzi nituen besteak, baina ezin izan nuen harrapatu, eta bigarren egin nuen". Egun batzuk geroago, zortzigarren etapan, Estrasburgon hasi eta Ballon d'Alsace-n amaitzen zen 215 kilometroko etapan, balentria egiten saiatu zen Angiozarkoa: "60-80 kilometro inguru egin nituen ihes eginda, baina etapa amaitzeko lau kilometroren faltan harrapatu ninduten. Hura izan zen Tourrean izan dudan atsekabe handiena, garaipena gertu ikusi nuen eta".
Gaur egungo txirrindularitzarekin alderatuta ordukoak zerikusirik ez duela nabarmendu du Aranzabalek. "Hasteko, gaur egun ziklistei dominak zintzilikatzen dizkiete lepotik, eta guk abrelatasak eramaten genituen", dio, barrez. "Anoa-postu mordoa izaten dituzte gaur egun, eta jateko eta edateko bereziak. Gure sasoian, ibilbidean zehar atrakuak egiten genituen; alegia, edozein taberna edo dendatara sartu, ahal genuena hartu eta ospa egiten genuen. Normalean, tabernariek edo dendariek ematen zizkiguten jatekoak edo edatekoak; garagardoa mailloteko poltsikoan sartu eta abrelatasak jartzen zizkiguten lepoan". Aranzabalek garbi dauka aurtengo Tourrera begira bi faborito garbi daudela, UAE Team taldeko Tadej Pogacar eta Jumbo Vismako Jonas Vingegaard. Bost hamarkada atzera egiten baditugu, berriz, izen bakarra nabarmentzen da, Eddy Merckx. "Tour bakarra egin nuen harekin tropelean, 1972koa [56. amaitu zuen]. Eddy Merckxek erakutsi zuen besteok baino pare bat koska gorago zegoela. Errepidean ez zen inoiz konformatzen, baina, gero, tratu pertsonalean oso adeitsua zen; izan ere, oroitzapen ona daukat".
Enrique Alonso - Tourra: 1992
"Txapeldunen Liga da Frantziako Tourra"
Olinpiar Jokoak Bartzelonan jokatu ziren urtean, 1992an, Frantziako Tourra Donostian hasi zen. Atarikoa eta lehenengo etapa Donostian hasi eta han bukatu ziren. Hirugarrenean Paue aldera hartu zuen tropelak. 22 taldek hartu zuten parte. Haietako bat, Sean Kelly lider zuen Festina taldea. 182 dortsalarekin parte hartu zuen Enrique Alonso arrasatearrak. 27 urterekin egin zuen Tourra, eta sailkapen orokorrean 31. lekuan bukatu . "Tourraz berba egitea nire gaztarora itzultzea da, kirolari gisa. Esan ohi da txirrindulariak ez duela profesional-txartela lortzen Tour bat egiten duen arte. Bada, nik txartela atera nuela esan dezaket", esan du. Era berean, harro esan dezake Donostian hasi zen Tourra hasi eta bukatu egin zuela.
"Miguel Indurainek markatu ninduen, lehiatzeko zuen moduagatik"
Indurainek irabazi zuen 1992koa. "Asko miresten dut. Alde batetik, harekin harremana dudalako, baina, bereziki, lehiatzen ikusi dudalako. Hamarrekoa zen errepidean, eta errepidetik kanpo", dio.
Azken etapako kantua
Indurainekin batera Claudio Chiapucci eta Gianni Bugno igo ziren Parisko Eliseoko Zelaietako podiumera. Hiru asteko proba batek izaten dituen gorabehera guztiekin, Parisera heldu izanak oroitzapen ederra utzi dio arrasatearrari: "Hunkigarria izan zen Eliseoko Zelaietara iristea. Orduko hartan, azken etapan, O, Eliseo Zelaiak kantua abesten zen. Nik abestu nuen, eta polita izan zen. Gazteek ez dute gogoratuko. Egun, ez da abesten".
Kritikak
Adituek eta proba egin izan duten ziklistek diote munduko probarik "onena" dela. Alonso ados dago. “Ziklismoaren Txapeldunen Liga da, eta hor onenak egoten dira". Kritikoa ere bada: "Prentsaurrekoak, lekualdaketak... Gauza asko kendu edo aldatuko nituzke".
Ivan Velasco - Tourrak: 2010 / 2011
"Tourra lehiatzen nenbilela jaio zen Nora"
Ivan Velascok (Arrasate, 1980) Tourreko bi edizio egin zituen Euskaltel-Euskadi taldearekin, baina bigarrenean ez zen Eliseoetara iritsi, zortzigarren etapan erorikoa izan eta lepauztaia apurtu zuelako. Lehenengo edizioa ere ez zuen nahi moduan gozatu, errepidean Samuel Sanchezen interesak defendatzen ondo ibili arren burua beste nonbait zeukalako, eta bazuen horretarako motiborik: "Gure alaba Norak abuztuan jaio behar zuen, baina bost astez aurreratu zen eta ni Tourrean nengoela etorri zen mundura. Gogoan dut jaio zenean telefonoan egin nuela gaua, ez nuen batere lorik egin. Anekdota ona da, baina momentuan gogorra izan zen hiru astez alaba jaioberria ikusi gabe egotea. Goienan albistea egin zenuten horrekin, eta alabak oraindik gordeta dauka".
Tentsio galanta hasieratik
Velascok egin zuen lehenengo Tourra, 2010ekoa, Rotterdamen hasi zuten, eta Arrasatekoak ez zuen denbora askorik behar izan jabetzeko hura beste kontu bat dela. "Atariko etapa erlojupekoa izan zen, Rotterdamen [Fabian Cancellara jarri zen lider], baina hurrengo etapan jabetu nintzen zer zen Tourreko irteera puntuan egotea". Rotterdam eta Brusela artean ziklistek 220 kilometro egin behar zituzten, eta lehenengo kilometroak neutralizatuak ziren.
"Tourmaleten Andy Schleck eta Contador egurrean ibili ziren egun hartan gozatu nuen"
Neutralizatuak izango ziren, baina gogoan dut aurrealdean hasi nuela etapa eta, konturatu orduko, tropelaren atzealdean nengoela. Lasterketa hasi baino ez zen egin eta jendea ukondoak sartzen zebilen: alde batera begiratzen nuen eta Andy Schleck ukondoak sartzen, beste aldera begiratu eta Frank Schleck berdin. Han esan nuen: zer demontre da hau?".
Tourreko etapetan bizi izaten den tentsioa ez dago beste inon, ezta Pirinioetan egoten den giroa ere. "Gehien gozatu nuen egunetako bat izan zen Tourmaleten amaitu zen etapa. Andy Schleck eta Contador egurrean ibili ziren azken mendate hartan, eta gogoan dut Samuk erorikoa izan zuela baina aurrera etortzen lagundu geniola. Gainera, lagunak etapa ikustera joan ziren. Sekulako giroa egon zen egun hartan, eta gozatu egin nuen, bai".
Velascok onartzen du orain ziklista zenean baino gehiago gozatzen duela taldekideek lortzen duten garaipen bakoitzarekin. "Beste modu batean bizi dut dena, gehiago gozatzen dut, eta baita ziklistekin gehiago sufritu ere. Auto barruan batzuetan beldurra ere pasatzen dut eurak ikusita".
Markel Irizar - Tourrak: 2011 / 2013 / 2014 / 2015 / 2016 /2017
"Tourreko estresa ez da beste inon egoten"
Markel Irizar (Oñati, 1980) da Tour gehien egin dituen debagoiendarra: sei, guztira. "Ni baldin banaiz gehien egin dituena, konponduta gaude”, dio, barrez. Oñatikoak iparreko klasikoak izaten zituen bereziki gorriz markatuta, baina bistan dago hiru asteko itzulietan ere egiten zuela talde-gizon moduan ekarpena, guztira 19 itzuli handi amaitu zituen eta. “Bereziki, 2014ko Tourrean ibili nintzen ondo, inoizko sasoi onenean nengoen eta taldean ekarpen polita egin ahal izan nuen. Haimarrek [Zubeldia] seigarren egin zuen urte hartan, eta momentu kritikoak gainditzeko, haize askoko etapetan eta halakoetan, hanka onak izan nituen". Itzuli handietan lider ezagunen interesak defendatzea tokatu izan zaio oñatiarrari; esaterako, Fabian Cancellararen, Alberto Contadorren eta Andy Schlecken bizkarrak zaindu ditu. "Oso ezberdinak dira. Contador oso tipo gogorra da, inoiz ez zuen bere buruarekin zalantzarik izaten. Cancellararen kasuan, izugarria zen ze indar zeukan hanketan; taldeak zituen gabezia batzuk hark bakarrik estaltzen zituen, zeukan talentuarekin. Harreman estuena, berriz, Andyrekin izan nuen. Izan ere, besteek euren etxeraino sartzen utzi zidaten, baina Andyk sukaldeko ateak zabaldu zizkidan".
"Tourra negozio moduan ikusi izan dut beti; Italiako Giroak, berriz, beste xarma bat du"
Oñatikoak aitortzen du Frantziako Tourrean ez duela aparteko makalaldirik izan, egun gogorragoak bizi izan dituela Giroan. Baina ez du ahazten 2015ean taldeko lider Cancellara eroriko baten ondorioz etxera joan zenean zer-nolako hutsunea utzi zuen taldean. "Huy-n izan zen; jende mordoa joan zen lurrera, eta Fabianek hasieratik esan zidan hilabete batzuk lehenago Flandriako Tourrean izan zuen erorikoan sentitu zuen berbera sentitu zuela, ornoren bat hautsita zeukala. Nik ezetz esaten nion, aurrera egin behar genuela, eta zuzendariak autotik esaten zidan Fabiani goxo berba egiteko, animatzeko. Helmugaraino iritsi ginen, baina arrazoi zuen, orno bat hautsi zuen, eta etxerako bidea hartu zuen lider zegoela, gainera".
Londres, itogarri
2014ko Tourra Ingalaterran hasi zuten, eta hirugarren etapa Londresen amaitzen zen. "Gogoan dut sekulako jendetza zegoela. Itogarria zen dena; etapa aurretik batzarra egiten dugu, eta autobusera iristen nahikoa lan izan genuen. Gogoan dut txiza egin nahi genuela, eta ez zegoela non geratu. Jendaurrean egiten badugu, zigorra jasotzen dugu, eta jenderik ez dagoen lekuetan geratzen gara. Baina han ez zegoen metro bakar bat jende barik. Hori da Tourra".
Jon Odriozola - Tourrak: 1997 / 1999 / 2000 / 2001
"Baneston urteko prestaketa osoa Tourrari begira egiten genuen"
Etapaka egiten den hiru asteko edozein probak zailtasun eta une gogor asko izaten ditu. Gorabehera handiko probak izaten dira. Baina egunerokoak berak sorrarazten dituen momentu gaziei min hartuta egotea gehitzen bazaie, sufrikarioa hazi egiten da. Horixe gertatu zitzaion Jon Odriozola oñatiarrari 1999an. Bigarren Tourra zen. Baina aste batzuk lehenago Kordoban jokatu zen Espainiako Txapelketan erorikoa izan zuen, eta saihets bat apurtu zen. "Erradiografia bat egin zidaten Tourra hasi eta segituan; haustura ikusten zen. Tourra uzteko esan zidaten, baina geratzea erabaki nuen. Gauetan ia lo egin barik eta asko sufritzen, baina Parisera heldu nintzen; lan ona egin nuen. Hori da, zalantza barik, Tourretik daukadan oroipen txarrena", gogoan du.
Eliseoko zelaiak
Italiako Batik taldearekin jokatu zuen lehen Tourra Odriozolak, 1997an. Eugeni Berzin zen taldeko liderra. Ez zen Tour ona izan Batik taldearentzat, baina Jon Odriozolak oroitzapen onenak gordetzen ditu. "Berzin erretiratu egin zen, eta gidari barik geratu ginen. Nicola Minallik bi etapa irabazi zituen, eta bigarrena, Parisen, Eliseoko Zelaietan. Baina, oztopoak oztopo, nik lan ona egin nuen. Taldeko gazteena izan arren, etapa askotan lehian egon nintzen, aurreko lekuetan. Parisera heltzea ikaragarria izan zen. Are gehiago, Minallik irabazita. Txirrindulari-txartela atera nuen orduan", gogoratzen du, irribarre batekin.
Zulleren gelakide
"Jose Miguel Etxabarrik esaten zigun Tourrean egindako lanak ipintzen ziola nota denboraldi osoari"
Lehen Tour haren ostean, Banestok fitxatu zuen txirrindulari oñatiarra, eta maillot harekin egin zituen beste hiru: 1999koa, 2000koa eta 2001ekoa. 1999koa Lance Armstrongek irabazi zuen, eta, dopinaren kontrako kontrol batean positibo eman arren, ez zuten probatik kanporatu. Bestela, Alex Zullek irabaziko zukeen proba. Hain justu ere, Tour hartan, Zulleren gelakide, lagun eta psikologo izan zen Odriozola. "Zalantza asko zituen txirrindularia zen, eta askotan egin behar izan nuen psikologo lana harekin. Hura zen liderra eta ni taldekidea, baina oso harreman berezia genuen. Are gehiago, hotel batzuetan, logelan, ohe handi bat eta ohe txiki bat edukitzen genituen. Garai hartan, liderra asko zaintzen zen, baina, guk oheak aldatu egiten genituen. Zulle ohe txikian zegoen batean Jose Miguel Etxabarri etorri zen gure gelara, eta harrituta geratu zen. Liderra ohe txiki batean, eta ni, luze eta zabal, ohe handian".
Tourra, bakarra
Banesto egin zituen sei denboraldietan Tourra zen denboraldiko probarik garrantzitsuena. Urtero borrokatu behar izan zuten Lance Armstrongen nagusitasunaren aurka. "Garai hartan Tourra ez zen etapakako probarik onena. Proba nagusia zen. Bakarra. Jose Miguel Etxabarrik esaten zigun Tourrak ipintzen ziola nota denboraldiari. Prestaketa guztia hari begira egiten genuen. Ez zegoen ezer garrantzitsuagorik", gogoan du.
Tourrean nota ona ateratzen ez zutenek Espainiako Vueltan zuten aukera ikasturtea gainditzeko, eta Odriozolak maila ona eman du beti irailean. "Sasoi puntuan heltzen nintzen Vueltara".
Klasikoen indarra
Dena den, aitortzen du gauzak dezente aldatu direla azken urteetan. Bereziki, Tourrak berak antolatzen dituen beste lasterketa batzuek indarra hartu dutela uste du. "Klasikoak indartu egin dira, eta hori oso ona da txirrindularitzarentzat. Tourrak indarra dauka oraindik, baina oso gertu ditu beste proba batzuk".