Uda betea dator Bergaran, kulturaz neurri barik gozatzeko

Jokin Bereziartua Lizarazu 2022ko eka. 23a, 15:43

Uztailaren 1ean, 8an, 15ean eta 22an kontzertuak izango dira Espoloian, Berumugaren barruan (22:00), eta Usondon bost emanaldi izango dira; bestalde, etzi, kontzertu berezia emango du bandak San Pedro elizan (12:30), erraldoiekin eta Elgoibarko gaiteroekin.

Udalaren udarako kultura eskaintzaren barruan musika izango da osagai nagusia. "Bergara herri bizia izatea nahi dugu, eta sinistuta gaude kulturak herria aberastu egiten duela. Maila handiko taldeek hartuko dute parte, eta saiatu gara emakumeen presentzia ere bermatzen, herriko taldeei lekua egiten eta nazioartean sona duten taldeak ekartzen", esan zuen Kultura zinegotzi Kristina Markinak, atzo egindako agerraldian.

Uztaileko musika, Usondon

Kontzertuetarako "ederto" funtzionatu izan duen Usondo parkerako bost emanaldi prestatu dituzte. Kultura teknikari Maider Osak azpimarratu du Usondo parkearen egokitasuna: "Usondon egindako emanaldiek ederto funtzionatu izan dute eta aurten erabaki dugu uztaileko musika eskaintza parke horretan zentralizatzea". Uztailaren 2an, Pelax taldeak joko du (22:00); uztailaren 5ean, Ertzak taldeak (20:00); uztailaren 10ean, Potx eta Lotx pailazoen emanaldia egongo da (19:00); uztailaren 14an, Liher taldeak joko du; eta Usondoko emanaldiak borobiltzeko, La Furia abeslaria igoko da Usondoko oholtzara, uztailaren 28an (22:00). Musikaz gain, uztailerako ardo dastatzea eta ikastaroa antolatu dute San Lorentzon, Mikel Garaizabalen eskutik; uztailaren 19an izango da, 19:00etan. Gainera, uztailaren 21ean Trapu zikinak antzezlana ikusi ahalko da Errekalde jauregian (19:00).

Berumuga barruko lau kontzertuez gain, Usondon bost emanaldi izango dira uztailean

Berumuga, kalitatearen berme

Berumugako lau kontzertuak "bereziki goi-mailakoak" izango dira aurten; Espoloian, 22:00etan hasita. Uztailaren 1ean, Mexikoko Son Rompe Pera taldeak joko du; bost musikarik osatzen dute, eta marimba, conga, perkusioa, güiroa, bateria, gitarra, baxua eta bateria jotzen dituzte. Soinu bizia eskainiko dute, garage, marimba, punk eta cumbia doinuak nahastuz. Uztailaren 8an, Donostiako Arima Soul taldea izango da gonbidatua; Mikel Makala baxu-joleak eta Lidia Insausti abeslariak sortutako proiektua Paul San Martin teklatu-joleak eta Gorka Gaztanbide bateria-joleak osatu dute. Soul, funk eta jazz-groove doinuak eskainiko dituzte. Uztailaren 15ean, Los Angelestik (AEB) datorren The Reverend Shaman Amos taldea igoko da Espoloiko oholtzara; rhythm & blues doinuetan oinarritutako "kontzertu zirraragarria" izango da. Eta, uztailaren 22ko kontzertuarekin, Montpellier-ko (Frantzia) The Big Marteen's taldeak itxiko du zikloa; swing eta rhythm & blues doinuak eskainiko dituzte, zuzeneko indartsu bezain dotorearekin. Abuztuaren 3an eta 31n, Fraiskozurin Aztikeriak magia emanaldia eta Hemendikara zirku saioa izango dira, hurrenez hurren.

Domekan, banda eta erraldoiak

Uztailera arte itxaron barik, domeka honetan bi emanaldi berezi izango dira: batetik, 2020an erraldoien taldeak 20. urteurrena ospatzeko bandarekin batera egin behar zuen kontzertua berreskuratuko dute, eta San Pedro elizan joko dute etzi (12:30). "Piezak erraldoien bueltakoak izango dira gehienak. Elgoibarko gaiteroen ezinbesteko laguntza izango dugu horretarako, eta, bereziki, Txomin Mujikarena. Gaita eta banda munduak ederki ezagutzen ditu Mujikak, eta dantzaldian eskainiko diren pieza guztiak hark konposatu edo moldatutakoak dira", dio bandako zuzendari Enrike Txurrukak. Elgoibarko gaiteroek 50 urte bete dituzte aurten.

Bestalde, Mozart protagonista izango duen Missa coronación kontzertu sinfonikoaz gozatzeko aukera egongo da Santa Marina elizan, 19:00etan

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak