30 urtetan maitasunari erpin askotatik idazten

Aitziber Aranburuzabala Juldain 2022ko ots. 14a, 12:41
Maialen Akizu, Josu Zubia eta Ekiñe Casado helduen epai-mahaikideak. Argazkia: Jardun.

Iñaki Serranok irabazi du Jardunen Amodiozko Gutunen eta Esaldien Lehiaketako sari nagusia; Leire Goñik jaso du bigarren saria, Zuriñe Etxeberriak gazteena eta Ainhoa Pardinak Bergarako saria; Naia Manchonena eta Nora Iturralderena da, esaldi onena.

Euskarazko sorkuntza bultzatzeko Amodiozko Gutunen Lehiaketa abiatu zuen Jardun Euskara Elkarteak orain dela 30 urte; harrezkero, maitasunarekin lotutako idazlan asko jaso dituzte urtero. "69 gutun izan dira aurten; posta arruntaren bidez, lau besterik ez. Bitxia da, iaz moduan, 40 urtetatik gora idazten duten parte hartzaileen artean gizonezkoa dela nagusi eta 26 urte azpikoetan, berriz, emakumezkoak dira gehienak. Orokorrean, balorazio positiboa egiten dugu jasotako gutunen kopurua eta maila ikusita, baina faltan bota ditugu Arabakoak eta Iparraldekoak. Euskal Herri mailako ikuspegia dugunez, saiakera berezia egin beharko dugu datorren urtean herrialde guztietatik jasotzeko", dio Jarduneko Maitane Arizabaletak.

Orain dela sei urte abiatu zuten lehiaketaren bigarren adarrarekin –amodiozko esaldiena– ere harrera ona izan dute. "Asko eta politak jaso ditugu aurten ere, eta epaimahai gazteak erabakita, Naia Manchon eta Nora Iturralde bergararrek asmatutako Zerbait oparitu beharko banizu, nire begietatik zu zeu ikustea oparituko nizuke, esaldiak jasoko du 100 eurotako saria".

Denetariko gaiak

Iaz pandemiarekin lotutakoak jaso zituzten gehienbat, baina aurten gai asko izan direla dio Ekiñe Casado epai-mahaikideak: "Oso gustura irakurri ditut denak, eta barrena mugitu didate hainbatek. Iñaki Serranorena, zuzena da, benetakoa, identifikatuta sentitu gara. Leire Goñirena laburra da, baina oso intentsua; eta Ainhoa Pardinak hil den amamari idatzitakoaren mezua asko gustatu zait".

Gazte zein helduen epai-mahaikideekin "pozik" daude antolatzaileak. "Aranzadi ikastolako Maren Unamuno eta Maddi Lazkano, eta Ipintza institutuko Alaine Egizabal eta June Aran- do izan dira, eta helduenean Ekiñe Casado musikariarekin batera, iazko irabazle Maialen Akizu, Josu Zubia kulturgilea eta Mikel Etxaburu idazlea. Oso eskertuta gaude guztiekin, denboraz eta txukun egin dute lan".

Sari-banaketa ekitaldirik ez

Iñaki Serranok irabazi du aurtengo Jardun Euskara Elkartearen Amodiozko Gutunen eta Esaldien Lehiaketa. Argazkia: I.S.

Iñaki Serrano (Lehenengo sariaren irabazlea): "Jardunen sariketan fidela naiz"

Urte asko daroa Bergarako lehiaketan parte hartzen Administrazio Publikoan lan egiten duen eibartarra.

Gustuko sariketa duzu, zergatik?

Garai baten asko idazten nuen, eta Bergarakoaren hastapenetan bi sari jaso nituen. Apenas idazten dut orain, baina fidela izan naiz urtero parte hartzen.

Ama batek 13 urteko alabari idatzitakoa da.

Euren harremana tentsioz beteta dago: errebeldia versus gurasoek eman beharreko hezkuntza. Ume zeneko garai goxoak gogoratzen dizkio, egindako sakrifizio guztiak -are eta gehiago bikote gabeko ama nuklear bezala- berak halako izaera independente eta aske bera baitzuen, orain dagokion rol arduratsua azaltzen du, alaba zenbat maite duen aitortzeko.

Zuriñe Etxeberria, Jardunen Amodiozko Gutunen Lehiaketako Gazteen sariaren irabazlea. Argazkia: Z.E.

Zuriñe Etxeberria (Gazte sariaren irabazlea): "Ia pentsatu barik atera ziren hitzak"

Iruñean irakasle lanetan jarduten duen donostiarrak eskuratu du Gazteen saria.

Pozik sariarekin?

Sorpresa polita izan da. Bi gutun bidali nituen, biak oso bereziak niretzat, eta oso eskertuta nago.

Laster jaioko den umeak amari idatzi dio.

Amaren barruan dago eta handik idazten dio, laster elkar ezagutu eta elkar asko maitatuko dutela esaten dio. Idazteko prozesua erraza izan da, azkar eta gustura idatzi nuen. Sentimendu pila bat nituen barruan eta gehiegi pentsatu gabe joan ziren hitzak ateratzen.

Gustuko sariketa duzu?

Hirutan parte hartu dut eta oso gustuko dut. Kultura sustatzeaz gain, otsailaren 14an maitasunak forma eta kolore asko dituela gogoratzeko balio dezakeela iruditzen zait.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak