Baliteke hau garaia baino lehen irakurri behar izatea, nahiz eta horrek ernegatu egiten zaituen. Hogeita bost urte luzetan zenbat aldiz ez ote zaren kexatu aspertzen nauen zatian aurrera salto egin eta ez dizudalako uzten pelikulak osorik ikusten. Zenbatetan egin didazun errieta, sorpresa gordetzeko gaitasunik ez eta urtebetetzetako oparia eguna iritsi baino lehen ireki arazteagatik. Ez dira gutxi izan haserrealdiak, gaizkiulertu baten erruz, azalpenak ematen utzi baino lehen eztanda egin dudalako. Izaten dituzun amets goxoak gogoratu ezinaren errua ere niri botatzen didazu, ia maindireak zimurtu ere egin gabe dagoen ohearen zure zatira ertz guztietatik ateratzen ditudan maindireen nire partea bota eta bertan katramilatuta, behar baino lehen esnatzen zarelako. Eta zure onetik irtenda oihukatzen didazu komuneko papera dagokion armairutxoan gordetzea ahaztu zaidala berriro lurra zuri-zuri topatzen duzunean, Miluk bere hatzapar jostariekin harrapatu eta txiki-txiki egin duelako.
Hogeita bost urte hauek ez dira beti errazak izan, ez; ez zuretzat, eta ezta niretzat ere. Ez duzu ikasi garbigailutik ateratako kamisetak buruz behera eta ondo tenkatuta esekitzen, gero plantxarik egin behar ez izateko; ez eta, harrikoa egin ondoren, trapua ondo xukatu eta bere txokoan gordetzen, blai eginda harraskan utzi beharrean. Miluri jatekoa jartzerakoan, ez zara beti gogoratzen bere ontziarekin, gure plateretako bat erabiltzeak sortzen didan higuinaren jakitun izan arren. Eta leihoak ixteko heldulekuetatik bultza beharrean kristaletan hatz-markak uzten jarraitzen duzu oraindik. Irteera bat antolatzen dugunean, berriz, behar dugun zerbait etxean ahaztu zaidala konturatzen naizen arte itxaroten duzu aurpegiratzeko zerrenda bat egin izan banu ez zitzaidala gertatuko.
Baina erraz ahazten ditut horiek guztiak, igande alferrenetako goizetan esnatu eta ertzetatik atera ditudan maindire anabasaren artean ere, ezkutuan geratutako irribarrea bezain begirada bihurriz niri begira harrapatzen zaitudanetan. Egun grisenetan eguzkiak epeltzen dituenetan goxatzen nauen bizipoza kutsatzen didazunetan. Barre algara berezkoenak pizteko gune ezkutuan kilimak eragiten dizkidazunetan. Buruari bueltaka aritu eta nire barnera bilduta ezkutatzen naizenetan, dutxako manpararen bestaldera begiratzean bezain biluzik ikusten nauzunetan. Manpara hori hain gardena izan ez dadin desiratzen hasi naizenetik kirurgiak utzitako orbainak izan aurretik bezainbesteko irrikaz nirekin dutxatzen zarenetan. Munduko belarririk politenak ditudala esaten didazunetan.
Hau guztia ere laster ahaztuko dudan beldur naiz, ordea, gaixotasunak aurrera egin ahala nire beso eta hankek nola mugitu, birikek nola arnastu eta bihotzak taupadaka nola segi ahaztuko duten moduan. Baina, maitatzen ez da sekula ahazten. Horregatik, nor zaren galdetzen dizudan egunean, edozein egun dela ere, ospatu ditzagun zilarrezko ezteiak, eta irakurri iezadazu hau guztia, berriro ere zurekin maitemindu nadin. Eta orduan bai, orduan itzali makinak lasai, utzidazu joaten, zu gogoan hartuta joango bainaiz, eta maiteko zaitut, betiko.