Iñaki Serranoren amodiozko gutuna

Jardunen Amodiozko Gutunen eta Esaldien Lehiaketako sari nagusia irabazi du Iñaki Serranok gutun honekin.

Beste behin… Nerabezorotasunaren ekaitzak eztanda egin eta lehertu da sumendia. “Gorroto zaitut! Galdu zaitez!” orroe mingarriak oihukatu eta muturren aurrean atea itxiz zure logelan konfinatu zara… Beste behin.

Zeinen urrun geratzen diren haurtzaroko une goxo horiek ohean edo sofan biok etzanda, samurtasunez masail bigunak elkarri estututa eta ume batek amari bakarrik heltzen dion moduan lokartzen zinela. Eta ni, maitasunez gainezka, hortzak estutzen nituen zu gogor besarkatzerakoan, zure gorputz ttipia gehiegi ez estutzearren.

Filmaren batean gurasoren bat hiltzen bazen (Tradizioz Walt Disneykoetan), tristuraz nola negar egiten zenuen. Batez ere Bambiren amaren heriotzarekin sufritu zenuen; luzaroan amesgaiztoekin babes eske nire ohera inguratzen zinen: “amatxo, zu beti nirekin”.

Zeinen urrun geratzen diren kalean harro-harro eskutik helduta ibiltzen ginenekoa! Orain aldiz, 13 urterekin, hori guztia aldatu da, eta zure erantzun automatikoa “zurekin ez” bihurtu da; ez kalera, ez mendira, ez inora. Lotsarazi egiten zaitu nire presentzia hurbilak.

Zeinen urrun ere duela 3 urte koronabirusarengatik hilabetetan konfinatuta egon ginenekoa. Telelan sasoi hartan nire alaba berrezagutu nuen. Mimosagoa sentikor zeunden, umetuta bezala, eta berotasuna behar zenuen ulertzen ez genuen mundu arrotz batean. Garai majikoa izan zen niretzat, ez bainekien horrenbeste maite zitekeela eta ginenik. Zenbat besarkada ematen genion elkarrri, logela bakoitzean, babesik falta ez zakigun. Ama eta adiskide izan nintzen, “best friends”, haragi mamizkoa, ez tableteko edo mugikorreko lagun birtual horien bezalakoa.

Orain beste muturrean gaude. Errebeldiazko nerabetasun goiztiarrean sartuta, molestatu egiten dizu nik esan edo egiten dudan oro. Ez diezu kasurik egiten ez aholkuei ez mandatuei. Logela zeharo desordenatuta daukazu, eta ez duzu deus jasotzen zure borondatez. Noski, sukalde kontuei eta etxeko lanei buruz ez duzu deus jakin nahi. Pantailetara lotuta, zure logelatik apenas ateratzen zara, afaltzera doi-doi. Huskeriengatik asaldatzen zara nire aurka, ernegatzeko nahita egiten didazu gaztelaniaz; edozer gauza, nerbioak gal ditzadan. Laburbilduz, haserre sesioetarako edo isiltasun deserosoetarako ez bada, ez dugu elkarrekiko hartu emanik.

Bizitzaren legea. Zer uste nuen ba? Nondik datorkizu zure jenio eta odola? Ni neu ere izan nintzen garai batean jitean zebilen nerabe kaskarina eta izaeraz antzerakoa. Gogoratzen naiz aldian aldiko zirraran nuela erabateko gozamena, eta grina baten irrikaz bizitzari txinpartak ateratzea nahi bakarra. Libertimenduz libertimendu, ez nuen biharko ezer ez uzten, ez abenturarik, ez emoziorik, ez gaueko musurik. Eta gurasoak desesperatuta izan nituen bolada luze batean.

Nola lotu kate motzean ni bezalako katamotza?

Egia esan, mirakulu baten fruitu izan zinen. Gizon asko laket izan nituen, baina maiteago nituen askatasuna eta jaia. Halere, bizitzan itzultzen ez diren gauzen artean daude galdutako aukerak, eta adinarengatik amatasunerako ez dago gehiegi itxaroterik. Ez nekien zer nahi nuen etorkizunerako, baina zirt edo zart egin behar zen. Haur baten sukarraldia piztu zitzaidanean, olatuaren zurrunbiloan murgildu nintzen: ohi bezala gehiegi pentsatu gabe.

Ai ama, haurdun geratzean, ez nekien zer egin: zoriontasunez barre egin edo negarrez nire buru arintasuna madarikatu. Erronka handiegia ama bikote gabe batentzat. Izan ere, zuk irribarrearekin batera ekarri zenituen familia ardurak ere, eta arestian sinpleagoa zen bizimodua areago korapilatu nuen urte askotarako guraso hipotekarekin. Ezinbestean, aingura bota eta sustraiak errotu nituen, zurekin eta zuretako bizitzeko. Akabo askatasuna eta buruan nerabilen beste amets txoro haiek.

Ziztu bizian lanetik atera, arrapaladan bokata prestatu eta erlojuaren mugan ikastolako atarian jasotzen zintudan. Lehen ikas urtean besarkada batekin egiten zenidan ongietorria, eta horrek ahalegin dena bidezkotzen zuen. Hurrengo ikasturtetik aurrera ordea, emozioek ohiturari txanda ematean, zuzenean ikastolako motxila askariarengatik trukatu eta zure lagunekin biltzen zinen

parkean. Ez dago parkea baino maitasun froga handiagorik. Zuretzat ia ikusezina, jolasean min hartzen bazenuen salbu, nire bizitzako ordu luze, hutsal eta aspergarrienak pasa nituen bertan. Hotz zein bero, afinitaterik sentitzen ez nuen gainerako gurasoekin haurrei buruz solasean adiskidearena egiten. Askotan iruditzen zitzaidan parke hartan minutuak astiroago igarotzen zirela, eta ondoren, etxeratzerakoan denborak galdutako minutuen abiadura berreskuratzen zuela, eta garbiketak, afariak eta beste hainbat zeregin oraindik egiteke, bat batean orduan amatxo existitzen zela gogoratzen zinen jolasetarako. Eskerrak, apurka-apurka eskolaz kanpoko jardueretan izena emateko momentua etorri zen, eta ondorioz, parkea berriz ere ez zapaltzeko tenorea.

Beste bizitza askeago bat izatea desiratzen nuen, eta nagusituko zinen egunaren zain falta ziren urteak kontatzen hasi nintzen. Loturarik gabe opor luzeak igarotzera toki exotikoetara urruti joan zitezkeenei inbidiaz begira, edo noizbait berriz ere gizonezkoren batekin pasioan galtzeko aukera baten esperoan. Barrena kiskaltzen zidaten betegabeko fantasien itxaropenean bilatzen nuen kontsolamendua eguneroko estres itolarriei eta lan kargaren sufrikarioei aurre egiteko.

Dena dela, adinarekin norberaren energiak zein helburuak eta lehentasunak ere aldatzen dira. Konformistagoa edo sosegatuagoa bilakatu nintzen aparteko eskakizunik gabe; zure ongizatea begiratuz, bizimoduarekin aski pozik egotea, zu edukitzeagatik zorionekoa sentitzea eta aldartearen arabera ahalik eta une gozo gehien ateratzea. Arestian irudikatutako bidaiak edo konkistak deitoratzen nituen, zugandik aldentzea esan nahi zuten heinean.

Baina akabo, honaino iritsi gara. Jadanik ez nauzu behar, edo hori sinestarazi nahi nauzu, nitaz paso egiten duzula.

Orkatz gazteak egun batean gordelekutik gehiegi urrundu eta ez dute ama berriz ikusiko, ez eta oroituko. Izan ere, sortzen diren garaian baizik ez dute orkatzek amaren beharra izaten, ttikiak izaki euren kabuz baliatzen ikasi arte. Horregatik egiten zitzaizun horren tragedia Bambiren amaren galera.

Bestalde, ez dut ukatzen. Beharbada ez naiz izan zuk nahi bezalako ama liberala: motelegia eskubideak ematerakoan eta arinegia mugak jartzerakoan, baita pazientzia gabekoa purrustadaka errieta moralizatzaileak botatzeko orduan.

Badakit amorratuta zaudela nire debekuekin, badakidalako zu ez zarela kikiltzen den horietakoa. Nik ere animatu nahiko nizuke lehen aldien misterioa deskubritzera, oroitzapenak sortzera, momentu ahaztezinen parte izatera, eta zera esan: “atera kanpora, gozatu, bizi, eta gogoratu inoiz ez zarela izango gaur bezain gazte”.

Hori litzateke errazena, baina ez arduratsuena, eta nire ardura da zu zaintzea. Sentitzen dut, baina artean gazteegia zara asteburu pasa jaialdi horretara joateko, nahiz eta zenbait lagunek gurasoen baimena lortu duten. Pixkanaka pixkanaka hegan gero eta urrutiago joan, eta egunen batean jada ez zara itzuliko nire habira. Baina oraindik ez. Ez, ez da momentua.

Agian, edo ziur aski, berekoikeria da ere. Zerbait okerra pasatzen bazaizu, zer izango da nitaz? Nola barkatu neure burua? Zu galduz gero, dena galtzen dut. Ez zait ezer geldituko.

Nola esan? Atzera begiratu, eta amestutako hamaika bizipenen edo zurekin partekatutako hamaika sentipenen artean erabaki behar banuke, hamaika aldiz errepikatuko nukeela bizitza zure alboan.

Zenbat sakrifizio eta ardura… eta maitasun. Zu gabe bizitza errazagoa izango litzateke, baina inolaz ere zoriontsuagoa. Zu zara bizitzak eman didan opari handiena. Horrenbeste maite izango zintudala jakin izan banu, ez zintudan erdituko.

Ausartzen banaiz, gutun hau ate azpitik pasako dizut. Zuk nahi duzun arte bakeak berregiteko. Baina ez naiz ausartuko… Beste behin.

Amatxo

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak