Zuriñe Etxeberriaren amodiozko gutuna

Jardunen Amodiozko Gutunen eta Esaldien Lehiaketako gazteen saria irabazi du Zuriñe Etxeberriak gutun honekin.

Kaixo, amatxo:                                                                    11.gutuna

Oraindik ez dugu elkar ezagutzen baina ez da ezer ez geratzen momentu hori iristeko. 8 hilabete t’erdi daramatzagu batak bestearen bihotz taupadekin dantzan eta bada garaia melodia horiek zure altzoan dantzatzeko.

Egunak eta gauak pasatzen ditut zure arnasarekin baretzen, zure aurpegia irudikatzen eta zure ahots goxoa adi-adi entzuten. Oraindik ez dut oso ongi ulertzen esaten duzuna, baina tonuagatik ikasi dut somatzen zugan tristura eta alaitasuna.

Azkenaldian, zure ahots korden notak goibelagoak dira, zure hitzak ilunagoak eta zure arnasa irregularragoa. Begi-zuloetatik erortzen zaizkizun malkoak sarritan iristen dira euri-tanta forman sabelera. Eztakit sentitzen duzun, baina nik, orduan, tripa laztantzen dizut malkoak lehortzen saiatzeko.

Beldurrez eta zalantzaz beteta zaude azken sprint honetan. Pozez zein tristuraz margotzen dizkizute egunak hormona kontrolaezin, ero eta errebeldeek.

Itsusi ikusten duzu zure burua ispiluan begiratzen duzun bakoitzean: lodia dago zure gorputza, ezin borobilago zure aurpegia, granoz beterik kopeta eta ildaskaz beteta zure azala. Begiak ixten dituzu zure irudiaren isladarekin topo egiten duzun bakoitzean.

Baina, nik, amatxo, sekula baino ederrago sentitzen zaitut hemendik. Inoiz baino politago dago zure gorputza zure txoritxoarentzat kabia eraiki zenuenetik. Etxea eraiki didazu aste luze hauetan bizi ahal izateko eta zin dagizut oso goxo egin dudala lo. Inoiz baino leunago dago zure azala – ildaska eta guzti- nire laztanekin amesten duenetik. Sekula baino dirdiratsuago dago zure irribarrea nire izena ahozkatzen duenetik: Nora deituko nauzuela entzun dut hemen barrutik, kontatuko didazue noizbait zergatik…

Hazi nauzu, elikatu nauzu, babestu nauzu eta laster bizitza oparituko didazu. Ederra baino, magikoa zara, amatxo.

Nik oraindik ez dakit idazten, baina noizbait ikasi egingo dut eta jakin ezazu, orduan, hitz hauek bihotzean tatuatuko dizkizudala ahazten zaizkizunean berriro irakur ditzazun.

Nik oraindik ez dakit bizitzaz ezer ez, baina iritsi bezain laster, zurea alaitu eta argituko dizut. Zin dagizut.

Nik oraindik eztakit zer den tristura ez eta beldurra ere, baina jaiotzean, muxu emango dizut sentimendu horiek zugan somatuko ditudan bakoitzean.

Amatxo: nik oraindik eztakit edertasuna zer den baina badakit zu ederra zarela.

Nik oraindik eztakit maitasuna zer den, baina, jakin badakit, asko, asko, asko maite zaitudala.

Bihotz-bihotzez: eskerrikasko,

Nora.

 

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak