Bigarren urtez jarraian, kontrako botorik ez Bergarako Udalaren aurrekonturako bozketan

Jokin Bereziartua Lizarazu 2021ko urt. 26a, 16:06

25.119.000 euroko aurrekontua izango du Bergarako Udalak 2021erako, iazkoaren antzeko kopurua –25.251.152 euro–. Diru sarrerak nabarmen jaitsi direnez, zorpetzea "ezinbesteko" ikusi du Udal Gobernuak, pandemiari aurre egin eta inbertsio gaitasuna mantentzeko, besteak beste. Bigarren urtez jarraian EAJ eta PSE-EE abstenitu egin ziren, bereziki EAJk kritika zorrotzak egin arren. 2021erako proiektuen artean aipagarrienak, Zubieta kalea eraberritzea, Arrizuriaga jauregia egonkortzea eta Agorrosin Berrirako lehen fasea.

Atzoko osoko bilkuran behin-behineko izaeraz onartu zen 2021erako udal aurrekontua. Erabateko adostasun politikorik ez zen izan baina ezta kontrako botorik ere, bigarren urtez jarraian EH Bilduren Udal Gobernuaren proposamenaren aurrean EAJ eta alderdi sozialista abstenitu egin zirelako. Hori bera nabarmendu zuen Gorka Artola alkateak, gertuko baten sintomen ondorioz bere burua konfinatu eta etxetik jarraitu zuen bilkuran. 

EAJren abstentzioa, eta parkingaren "beharra"

EAJ abstenitu egin zen, aurkeztu zituzten hamahiru emendakinetatik batzuk onartu dituelako Udal Gobernuak. "Pobreak eta landu gabekoak" ziren aurrekontuei "iparrorratza" jarri dietela uste dute jeltzaleek, eta bereziki aldeko botoa ez emateko bi arrazoi eman zituen Elena Letek: Seminarioko lur azpiko aparkalekua eta Udalak ostalariei eman beharreko zuzeneko laguntzak.

PSE-EE ere abstenitu, eta "ahalik eta proaktiboenak" izaten saiatu

Alderdi sozialista ere abstenitu egin zen, Gobernuak euren emendakin batzuk onartu dituelako eta pandemia hasi zenetik gobernuaren lana ez oztopatzea erabaki zutelako. "Garrantzitsuak ikusten genituen partida batzuk onartu dizkigute, baina ez dira gure aurrekontuak. Gu anbizio handikoagoak izango ginateke aspektu batzuetan… Hori bai, pandemia hasi zenetik Gobernuaren lana ez oztopatzen eta ahalik eta proaktiboenak izaten saiatu gara, eta horregatik abstenitu gara", esan zuen PSE-EEko bozeramaile Alberto Alonsok. 

Zubieta, Arrizuriaga eta Agorrosin Berria

"Pandemiara egokitutakoak eta dinamikoak" diren aurrekontu hauen barruan, 2021ean martxan jarriko dituzten proiektuen artean, Udal Gobernuak bereziki hiru nabarmendu ditu: Zubieta kalea eraberritzea, Arrizuriaga jauregia egonkortzea eta Agorrosin Berrirako lehen fasearekin hastea.

2021erako udal aurrekontu proiektu nagusiak

Kultura

  • Sorkuntza beka: 5.000 euro.
  • Udalbiltza, Geuretik sortua: 20.000 euro.
  • Euskal kultura erosteko partida berria sortu: 10.000 euro
  • Kultur ekintzetan 80.000 euro gehiago.
  • Jaiak: mantendu egin da. San Martzial arteko jaietako dirua partida global batera eraman da, ospatu ahal baldin bada hortik ordaintzeko eta ez badira baldintzak betetzen beste behar batzuetara bideratzeko.

Kirola

  • Agorrosin futbol zelai gunea: 250.000 euro.
  • Udal pilotalekuko aldagelak berriztu: 87.000 euro.
  • Labegaraieta kiroldegi berritua zabaldu, rokodromoa hornitu eta antzerakoak: 80:000 euro.
  • Ume eta gazteentzat kirolgunea (skatepark): 60.000 euro.

Laboratorium

  • Eraldaketa sozialerako diru-laguntzak: 40.000 euro.
  • Jardueretarako partida mantendu: 80.000 euro.


Berdintasuna

  • Emakume etxearen prozesua: 15.000 euro.
  • Berdintasun plana: 15.000 euro.
  • Formazioa: 18.000 euro.
  • Berdintasun teknikaria Udal langile bihurtuko da eta jardun erditik jardun osora pasatuko dute.

Turismoa

  • Olaso dorrea fundazioarekin hitzarmena bisita gidatuak egiteko: 20.000 euro
  • Ekintza plana 2020ko aurrekontutatik egingo da baina hortik ateratako ekintzetarako 40.000 euro.


Ondarea

  • San Pedroko organoaren errekuperazioa: 40.000 euro.

Sustapen ekonomikoa

  • 495.000 euro ziren 2020ko aurrekontuetan eta 590.000 eurora igo da 2021ean.
  • Inbertsioetatik sustapenera: 70.000 euro.
  • Enplegu garapena: 291.000 euro.
  • Azokako parte-hartze prozesutik eratorritako ekintzetarako: 20.000 euro.

Gizarte zerbitzuak

  • 2.153.000 eurotik 2.394.000 eurora igo da.
  • San Joxepeko eguneko zentroko erabilera berria: 100.000 euro.
  • Premia berezietarako: 65.000 euro.
  • Etxeak alokairura ateratzeko programa: 50.000 euro –azterketa 15.000 euro eta programa 35.000 euro–.

Lurraldea

  • Urbanizazioak: 1.000.000 euro (Zubieta eta Martoko).
  • Bidegorriak (herri barruko sarea): 100.000 euro.
  • Auzoak birgaitzeko proiektuak 60.000 euro.
  • Osintxu biziberritzeko 30.000 euro.
  • Energia plana: 15.000 euro.
  • Energia berriztagarrietarako: 50.000 euro.
  • Arrizuriaga eraikina egonkortu: 300.000 euro.
  • Arrizuriagako kultur proiektua idatzi: 50.000 euro.


Hezkuntza eta gazteria

  • Gazteen foroa sortu: 3.000 euro.
  • Martinez Iralan karpa: 200.000 euro.
  • Hezkuntza mahaia sortu eta hortik datozen ekintzak: 15.000 euro.

Euskara

  • Euskararen erabilera lan munduan sustatzeko proiektua: 6.000 euro.
  • Haur eta gazteen eskolaz kanpoko mundua euskararen arnasgune izateko proiektua: 5.000 euro.

Memoria

  • Gerra eta gerra ondoko txostena: 25.000 euro.
  • Euskararen historia soziala Bergaran: 5.000 euro.

EAJk egindako ekarpenetatik honako hauek onartu ditu EH Bilduk

  • Jaiotze-tasa handitzeko azterketa egiteko: 10.000 euro.
  • Hileta zibiletarako gunea sortzeko azterketa egiteko: 10.000 euro –eta osoko bilkuren aretoa horretarako egokitzea–.
  • Martokoa auzoa berriro urbanizatzeko: 250.000 euro.
  • Enplegu garapenaren transferentziaren partida handitu: 44.000 euro.
  • Arrizuriagan 50.000 euro gehitu.

PSE-EEk egindako ekarpenetatik honako hauek onartu ditu EH Bilduk

  • Turismoan 10.000 euroko partida handitzea.
  • Fatxadak berritzeko 40.000 euroko partida.
  • Euskal kultura erosteko partida berria sortu: 10.000 euro.
  • Liburuak erosteko partida: 6.000 euro.
  • Eskola materiala erosteko Bergaran: 10.000 euro.
  • Eraikinetatik amiantoa kentzeko lanetarako: 30.000 euro.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak