Zubieta kalea eraberritzeko lehen fasea, 2020ko azaroan martxan

Jokin Bereziartua Lizarazu 2020ko ots. 19a, 10:42

2019-2023 agintaldiko proiektu esanguratsuenetako bat izango da Bergarako Mugertza, Zubieta eta Masterreka ardatza eraberritzea. Lehen faseko lanak, eraberritutako zubitik Mugertza kalera artekoak, 2020ko azaroan hasiko dira eta helburu nagusia izango da oso erabilia den ardatz horretako irisgarritasuna eta segurtasuna bermatzea.

Ardatz osoa eraberritzeko proiektua 2016ko irailean idatzi zuten BEB eta Zetabi arkitektura enpresek, eta proiektu hori hartuko dute oinarri exekuziora begira. Hala ere, auzotarrekin eta oro har bergarar guztiekin bilera ireki bat egingo dute apirilaren 1ean udaletxean (18:30), azken ekarpenak jasotzeko. Hori bai, Udaleko Hirigintza Sailetik aurreratu dute bizilagunen ekarpenek muga esanguratsuak izango dituztela, kalearen zabaleragatik bereziki irisgarritasuna bermatu beharko delako eta margenik apenas dutelako.

Obraren helburu nagusia oinezkoen irisgarritasuna eta segurtasuna bermatzea eta trafikoa moteltzea delako, eta baita azpiegitura guztiak berritzea ere. Gogora ekarri behar da 2016ko irailean BEB eta zetabi arkitektura enpresek idatzitako proiektua izango dela lizitaziora irekiko dena eta faseka exekutatzea aurreikusten dela.

Lehen fasea, 2020ko azarotik 2021ko udaberrira arte

Eraberrituko den lehen zatia, iaz berritu zen zubitik Mugertza kalera artekoa, aurtengo azaroan gauzatzen hastea espero du Udalak eta aurrekontua izango litzateke 637.000 eurokoa, BEZ barne. 2020ko aurrekontutik 200.000 euroko partida bideratu da eta gainerakoa gerakinetik gehituko litzateke; tarte horretako lanek bost hilabete irautea aurreikusten da. Esandako moduan, errepidea estutu egingo dute, baina aurreikusten da bi norabidekoa izaten jarraitzea.

Hori bai, obra guztiek sortzen dituzten kalteez harago, Udaleko Hirigintza sailak badaki obra bereziki konplikatua izango dela Zubietakoa eta afekzioak ahalik eta gehien murrizteko aldez aurretik dena ondo antolatu beharra dagoela diote. 

2021ean beste bi faseak, ahal balitz

Beste bi faseetarako kronograma bat zehaztu du Udalak. Hain zuzen, eta betiere aurrekontuak ahalbidetuko balu, 2021eko apirilean zubitik Igartua txirrindularitza dendara arteko lanak eta 2021eko urrian Masterreka kalearen eraberritzea. Hala ere, badira herrian fase horiek baldintzatu ahal dituen proiektuak, seminarioko parkinga kasu. Parkinga egingo den edo ez ez du erabaki oraindik Udal Gobernuak, azaldu dutenez, aparkaleku beharraren gaineko txostena atzeratu egin delako eta horren arabera berrituko dutelako, besteak beste, Mugikortasun Plana.

Erlazionatuak

Bergarako Zubieta kaleko beharrak gertutik ezagutzen

Jokin Bereziartua Lizarazu 2019 mar 26 Bergara

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak