Bergarako EAJ: "Parkinga ez egitearen kalteak jasango ditugu"

Jokin Bereziartua Lizarazu 2021ko urt. 21a, 15:58
EAJko Maite Agirre, Joseba Elosua, Elena Lete eta Iñaki Arrondo, Seminarioko patioan, eguazten arratsaldean. Argazkia: EAJ.

Urtarrilaren 25ean onartzekoa den udal aurrekonturako negoziaketa "azken minutura arte" luzatzeko gertu dago EAJ, eta diote aurkeztutako emendakinetatik parkingak eragin duela eztabaida gehien: "Izugarrizko galera eragingo du aparkalekua ez egiteak".

Urtarrilaren 25eko osoko bilkuran eztabaidatuko da, beste gai batzuen artean, 2021erako udal aurrekontua. EH Bilduren Udal Gobernuak egingo duen proposamenaren aurrean oposizioko talde nagusia den EAJk zer bozkatuko duen ezjakina da oraindik, jeltzaleek diotenez "azken minutura arte" negoziatzeko gertu daudelako.

EAJrendako, Seminario azpiko parkinga da gakoa: "Aurkeztutako hamahiru emendakinetatik, parkingaren gaia izan da eztabaida nagusia. EH Bilduren Gobernuak beti esan du mugikortasun planaren emaitzaren arabera hartuko zela erabakia, baina ez da horrela izan. Hau zen Bergarak zuen azken aukera, hurrengo hamar urteetan, gutxienez, ez dugu beste aukerarik izango, honek herrian izugarrizko galera ekarriko du, ostalaritza, komertzioa, Seminarixoa, osasun zentroak… Guztiok jasango ditugu parkinga ez egitearen kalteak".

Lete: "Herrian izugarrizko galera ekarriko du, ostalaritza, komertzioa, Seminarixoa, osasun zentroak… Guztiok jasango ditugu parkinga ez egitearen kalteak".

"Pobrea eta lanketa gabekoa"

EAJko Elena Letek dio Udal Gobernuak ez duela proiekturik: "Ez dute inongo lanketa berezirik egin inongo arlotan. Gainera, azken unean, hainbat proposamen jarri dituzte mahai gainean, ulertezina dena hilabete lanean egon ondoren.

Kudeaketarik eta agintaldi osorako proiekturik eza nabaria da". Aldi berean, dio Letek, EH Bilduren proposamena "oro har pobreak eta lanketarik gabekoa" da: "Kudeaketarik eza ere agerian geratu da, aldaketa asko azken astean iritsi dira eta. Aldi berean, guk egindako proposamen gehienen onarpenari esker, Bergararentzat aurrekontua hobetzea lortu da".

San Joxepeko eguneko zentroa

Letek aipatzen dituen hobekuntza horiek dira jeltzaleek EH Bilduri proposatu eta haiek onartu dituzten proposamenak. Adibide garbiena da kalte arinak dituzten bergararrendako San Joxepeko eguneko zentroa egokitzea: "Bizi dugun osasun krisiaren aurrean, ezinbestekoa da lehenbailehen zerbitzua martxan jartzea. Zerbitzua egonkortzea kartera mapak zehaztu du; gure proposamena bere osotasunean ez onartu arren, martxan jartzeko konpromisoa hartu du EH Bilduk".

Ostalaritzarendako laguntza zuzenetan ere akordiora heldu dira, neurri batean: "2021erako partida zehatza ezartzea eskatu du EAJk, 150.000 euro. Proposamena bere horretan onartu ez bada ere, diru partida handitu dute". Zubieta kalea eta Martokoa eraberritzeko proiektuetan ere, besteak beste, akordioak lortu dira. "Azken minutura arte" akordiorako lanean jarraituko dute jeltzaleek.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak