Jose Agustin Aranzabal 'Gaztelu' zendu da, Realeko jokalari historikoetako bat

Mireia Bikuña 2020ko abe. 30a, 21:57

'Gaztelu' bere seme Agustin Arantzabal besoetan duela, 1976ko zuri-gorrien aurkako derbiaren atarian, omenaldia jaso zuenean.

Agustin Aranzabal Askasibar Realeko jokalari ohi bergararra 74 urterekin hil da gaur. 20 urterekin debutatu zuen Realean, eta 308 alditan jantzi zuen elastiko txuri-urdina, 1966tik 1981era. Agustin Arantzabal Realeko jokalari ohiaren aita zen. 

Jose Agustin Aranzabalek (Bergara, 1946) 1966an debutatu zuen Realarekin, talde txuri-urdinak, Puertollanon, Lehen Mailarako igoera lortu baino urtebete lehenago. Hasierako denboraldietan Alberto Ormaetxearen eta Marco Antonio Boronaten taldekide izan zen. Hai justu ere, Boronat, Aranbarri eta sasoi hartako askorekin elkartu zen azkenekoz duela urte bi Bergaran, Umore Ona elkartean, bere seme Agustinekin batera.

1970eko hamarkadan taldeak bizi izan zuen eraldaketan ezinbesteko jokalari izan zen bergararra. Puertollanon igoera lortu zuen taldeko eta 1981ean Lehen Mailako Liga txapelketa irabazi zuen taldeko jokalari izan zen. 198oko hamarkada izan zen Realaren urrezko garaia. Urte haietan lortutako liga eta kopa txapelketak aurreko urteetan egindako lanaren emaitza izan ziren. Arkonadak, Zamorak, Satrustegik, Kortabarriak, Gorrizek eta Idigorasek, besteak beste, asko edan eta ikasi zuten Gaztelu-rengandik. 

'Ikurrinaren derbi'-ko protagonista

Bihar, abenduak 31, jokatuko dute Realak eta Athleticek derbia Anoetan. Gaztelu-ren heriotzak biharko festa saminez bete du. Dena den, gogora ekarri behar da, Gaztelu bera protagonista izan zela beste derbi batean: 1976an Atotxan jokatu zen derbi historikoan Zaleek gogoan dute derbi hura, bi taldeak batera irten zirelako zelaira, ikurrina eskuetan. Inaxio Kortabarria eta Jose Angel Iribar kapitainek atera zuten bandera zelai erdira.

Horren aurretik, baina, Gaztelu-k Realaren Brillantezko Intsignia jaso zuen Jose Luis Orbegozo presidentearen eskutik, Realean hamarkada bat betetzeagatik. Bergara Kirol Elkarteak ere omendu zuen Gaztelu ekitaldi berean, Pedro Egaña elkarteko presidentea han zela. Derbia Realak irabazi zuen, 5-0. Gazteluk egin zituen bi gol; Satrustegi (bi gol) eta Zamora izan ziren beste bi golegileak.

1976ko derbi historikoaren atarian egin zioten omenaldian: Jose Luis Orbegozo, presidentea –ezkerretik, 3.a–; 'Gaztelu' –ezkerretik, 4.a–; eta Pedro Egaña –ezkerretik, 7.a–.

Ligako txapeldun

1979-1980 denboraldian, Realak 38 partidu jarraian egin zituen galdu barik, baina liga txapelketak ihes egin zion, Sevillaren kontrako lehia galdu ostean. Gaztelu-k huts egin zuen pase batean, eta Sevillako jokalariek aukera hori baliatu zuten lehia irabazteko, eta talde txuri-urdina txapelketa barik uzteko. Edozelan ere, Gaztelu erabakigarria izan zen denboraldi historiko hartan, eta zaleek hala aitortu zuten.

Hurrengo denboraldian, Ligako txapelketa irabazi zuen Realarekin, txuri-urdinen historiako lehena; 1981-1982 denboraldian irabazi zuen bigarren Liga Realak. Gaztelu-k jada erretiroa hartuta zuenean. Bigarren Mailatik Lehen Mailara igo –1967an, Puertollanon–, eta, era berean, Realeko Liga irabazi zuen bakarra izan zen.

Hamalau denboralditan, 252 partidu jokatu zituen Lehen Mailan eta 28 gol egin zituen. Ligako, Kopako eta UEFAko partiduak gehituta, guztira, 308 partidutan jantzi zuen elastiko txuri-urdina, eta 32 gol egin zituen. Espainiako selekzioaren elastikoa bitan jantzi zuen.

Erretiroa hartu aurreko azken denboraldietan, Realeko talde txapeldun hartako kapitaina izan zen.

Samina futbol zaleen artean

Gaztelu-ren heriotzak samin agur asko sortu ditu. Bergara Kirol Elkarteak –gaztetan Bergaran aritu zen, Realera joan aurretik– zera adierazi du: "Jokalari bikaina eta gizon oso maitatua herrian. Familia mahoneroaren izenean, besarkada handi bat senide eta lagunei". Realak ere "doluminak" bidali dizkie "familiari eta hurbilekoei".

Denek nabarmendu dute pertsona ona izan zela. Juanjo Arrieta Realeko zuzendaritzako kide ohi eta Bergaran Gaztelu-rekin jokatutakoak, Inaxio Kortabarria Realeko jokalari ohi eta Gaztelu-ren taldekide ohiak, eta Asier Garitano Realeko entrenatzaile ohiak ere penaz hartu dute bergararraren heriotza eta nabarmendu dute Agustin Aranzabal Askasibar kirolari eta pertsona moduan.

Gipuzkoako Futbol Federazioko presidente izendatu berri Manu Diaz bergararrak ere idatzi du Gaztelu-ren gainean: Lokatzetan dantzan egiten zuen mutila.

Bergara Kirol Elkarteko gazte mailako taldea, 1964 urtean; Bartzelonaren aurka Errege Kopako kanporaketa bat –final-laurdenak– jokatu zuen taldean zegoen 'Gaztelu', zutik, eskumatik bigarrena.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak