Juanjo Arrieta, Realeko zuzendaritzako kide ohia
"Azken hilabeteetan berarekin egoteke, eta, gaur, tamalez, dei bat jaso dut berri txarra emanez. Elkarrekin jokatu genuen urtebete; bera gazte mailatik zetorren eta ni beteranoa nintzen. Harreman pertsonal oso ona izan dut beti berarekin, eta pena eman dit bere heriotzak. Asko sentitu dut. Gizon zabala eta jatorra zen oso, eta futbol arloan, zer esan… ez zen teknikoena izango, baina gogorra eta lehiatzaile izaten inork ez zion irabazten”, adierazi du jokalari ohi, entrenatzaile ohi eta Eibarreko eta Realeko zuzendaritzan aritutakoak.
Inaxio Kortabarria, Realeko kapitain ohia
"Pertsona oso on bat zen, eta futbol jokalari trebea, benetan. Futbolari gisa guztia ematen zuen horietakoa zen, oso gogorra eta indartsua. Alturaz txikia izan arren sekulako salto gaitasuna zuen, eta azkarra zen. Ez zuen zorte handirik izan lesioak direla eta. Pertsonalki, berarekin tokatu zitzaidan hoteleko gelak partekatzea, eta berriro diot, oso pertsona atsegina zela. Oso triste jarri nau bere heriotzaren berri jakiteak".
Asier Garitano, Realeko entrenatzaile ohia
"Aitaren lagun pertsonala zen, eta niretzako erreferentzia bat izan da. Gogoan dut, 10 urte nituela, ia domekero joaten ginela Atotxara berak lagatako sarrerekin. Igeldoko kontzentrazio hotelera joaten ginen, kafetxo bat hartu, sarrerak jaso, eta futbola ikustera. Kasta handiko jokalaria zen, kamiseta asko izerditzen duen horietakoa. Ofizio handia zuen, eta hainbat postutan jokatzeko gaitasuna ere. Egia da, akaso, ez zela jokalari teknikoena izango, baina lehen mailan urte pila bat jokatzeko gai izan zen, eta horretarako, sinistu iezadazu, talentu asko behar da. Kanpoan harrapatu nau berri honek, eta pena handia hartu dut. Banekien azken aldian larri samar zebilela, baina inoiz ez dakizu albiste txarra noiz helduko den. Tristura handia hartu dut, baina bizitza horrelakoa da".