Izan ere, jai hirukoitza izango da egun horretan Anoetan: batetik, hiru urteren ondoren, berriz ere euskal derbi klasikoa, Realaren eta Athleticen artekoa, jokatuko delako; bestetik, Euskararen Eguna pasatu berri izango delako –gaur da, egubakoitza– eta hori ere aintzat hartuko dutelako ekitaldi batzuekin; eta azkenik, gehienondako garrantzitsuena izango dena, egun horretan 34 urte beteko direla Atotxan Realeko eta Athleticeko kapitainek ikurrina zelaira atera zutela, lehenengo aldiz eta oraindik keinu hori arriskutsua izan zitekeen momentu historiko eta politiko arantzatsu baten: oraindik ikurrina ez zen legezkoa, eta Espainian eta Hego Euskal Herrian giroa nahasia zen.
Bada, 1976ko abenduaren 5eko hartako protagonistetako batzuk ere debagoiendarrak izan ziren: Realeko kapitaina Inazio Kortabarria arrasatearra zen, Jose Angel Iribarrekin batera ikurrinari eusten irten zena. Eta arratsalde hark beste protagonista debagoiendar bat izan zuen: Jose Agustin Arantzabal Gaztelu jokalari bergararra omendu zuen bere klubak, 10 urte jokalari gisa betetzen zituelako. Klubaren urrezko eta harribitxizko intsignia eman zioten, eta Agustin semetxoa besoetan hartuta irten zen zelaira. Kirol aldetik ere gogoratzeko modukoa izan zen egun hura Gaztelu-rendako; izan ere, Realak Athletici sartu zizkion bost goletako bi harenak izan ziren. Hark "oso oroitzapen onak" ditu egun hartaz, eta partiduaz: " Zelan ahaztuko dut ba, bi gol sartu nituen-eta! Hori bai, Satrustegiren gola izan zen ederrena. Nire lehenengo gola ezkerretik jasotako erdiraketa baten ondoren izan zen, lehenengo zutoin ondotik egin nuen gola. Bigarrena, berriz, penaltiz sartu nuen", esan digu.
Orain dela 34 urteko egun berezi hura gogora ekartzeko, Realak eta Gipuzkoako Foru Aldundiak, Athleticen eta Bizkaiko Foru Aldundiaren laguntzarekin, egitarau berezia antolatu dute, eta Realeko iturriek baieztatu digute orain 34 urteko ikurrin harekin irtengo direla zelaira ume batzuk; gero, euskararen inguruko abestia, Urkoren Guk, euskaraz kantu mitikoaren Etxe musikariaren bertsioa ipiniko dutela, jokalariek eta ikusleek batera abesteko moduan; eta markagailuan agertuko dira hitzak.
Lehenengoz jendaurrean
Orain dela 34 urte zelairatu zuten ikurrina izan zen ekitaldi publiko baten erakusten zen lehenengo halakoa, horregatik erantzun negatiborik edo zigorrik ekarri ez zuena. Ikurrina handik gutxira legeztatu zuten, 1977ko urtarrilaren 17an, hain zuzen ere. Baina egun hartan, inplikatu guztiek zekiten ekintza konprometitua zela: atxiloketak egon zitezkeen, edo deklaratzera dei zitzaketen inplikatuak. Baina, zorionez, ez zen horrelako ezer gertatu.
Keinu hark izan zitzakeen ondorioak neurtu ote zituzten galdetuta, hauxe dio Kortabarriak: "Gauzak fedez, gogoz eta sentimenduz egiten direnean, ez zara ondorioetaz arduratzen". Edozelan ere, egon zen ondoriorik? "Bueno, etxera dei batzuk-eta egin zizkiguten, baina ez zen hortik pasa".
Ikurrina zelan sortu zuten eta zelan eraman zuten Atotxara, hori ere istorio bitxia da: Josean de la Hoz Uranga orduko Realeko jokalariak esan zuen "uste" zuela arrebak josi zuela ikurrina. Gero, De la Hozek eraman zuen etxetik, Getariatik Atotxara, eta Salva Iriarteri eman zion. Deia-ri emandako elkarrizketa baten, De la Hozek azaltzen ditu isilpeko plan haren nondik norakoak: "Nire ideia izan zen. Kontuz eraman genuen kontua, ez genuen jende askok jakiterik nahi (…). Partidua baino ordu erdi lehenago, Iribarrekin hitz egin genuen eta hark taldekideekin kontsultatu zuen. Baiezkoa eman zuten eta erabakia hartu genuen. Baina ikurrina legez kanpokoa zen eta ez genekien zelan jokatu, Atotxako irteeran polizia nazionalak egoten zirelako. Salva Iriarteri eman nion ikurrina. Belakiz eta urez betetako poltsa baten sartu zuen, eta, jokalariak irten zirenean, ni atzetik irten nintzen –ez nengoen deituta– eta Kortabarriari eta Iribarri pasa nien". Handik aurrera, zoramena: "Oso hunkigarria izan zen. Jende askok negar egin zuen, oso hunkituta. Atotxak eztanda egin zuen, 15.000-16.000 lagun zeuden eta ezin daiteke hitzekin azaldu", jarraitzen du De la Hozek.
Orain ere, isilpeko plana
Elkarrizketa berean, futbolista beteranoak esaten du ez dakiela ikurrina harekin ze gertatu zen. "Jokalariren batek hartuko zuen", esaten du. Eta litekeena da jokalari ezezagun hori gure oso gertukoa izatea.
Ikurrina hartaz galdetu die Xabier Urtzelai kazetariak Debagoieneko orduko protagonistei. Inaxio Kortabarriarekin izan garenean ez digu esan nahi izan nork duen orduko ikurrina: "Asko maite dudan pertsona batek duela esango dizuet, ez gehiago". Eta, ondoren, kasualitatez galdetu diogu Gaztelu-ri ea berak ba ote dakien nork duen ikurrina, eta barrezka onartu digu berak duela etxean, baina ez digu komentatu domekan derbian aterako dutenik. Hala ere, badakigu, Realeko iturriek esanda, egun hartako ikurrin bera aterako dutela etzi. Hortaz, zerbait isilpean badarabilte… Hori horrela den ala ez den, Anoeta beteko duten 30.000 lagunek ikusiko dute emaitza.
"Bukatu eta gero ikusiko dut"
Arrazoi askorengatik, oso berezia izango da domekako norgehiagoka, eta Debagoienean irrikatan daude zaleak: hala, Arrasateko Monte tabernan eguen goizean jarri zituzten salgai Realak Arrasatera bidalitako 30 sarrerak, eta 07:00etan dagoeneko taberna noiz irekiko zain zeuden hainbat herritar. Sarrerak 40 eta 90 euro arteko prezioan saldu dira, eta berehala bukatu dira.
Inaxio Kortabarria, joango da partidura: "Mendian ibiltzeko asmoa ere badut, baina norgehiagoka berandu da, horrenbestez, iritsiko naiz partidura", konfirmatu digu. Gaztelu-k gero ikusiko du: " Horrelakoetan larregi sufritzen dut, eta ez zait komeni [Barre]. Realak jokatzen duenean sufritu egiten dut, eta horrelako partiduetan gehiago. Nahiago izaten dut partiduaren ostean, emaitza zein izan den dakidanean, irudiak ikusi".
Gaztelu-k dioenez, "Athletic jenio handiko taldea da, oso dinamikoa. Eurei gola egitea ez da batere erraza". Eta Iribarrek hauxe dio: "Noski, Athleticzaleok gure taldearen alde egingo dugu, baina partidu polit bat ikusi nahi dugu denok".