Joan den astean aurkeztu zuen Bergarako Udalak udara begira Agorrosin kirol eremurako dituen planak. Ekainaren 22tik irailaren 13ra izango da normaltsun berriaren barruko uda denboraldia eta Udalaren asmoa da, besteak beste, Agorrosingo eremua zabalik dagoenean ohiko berdeguneaz gain Ipintza futbol zelai erdia eguzkia hartzeko bideratzea.
Ipintza libre igerilekuak itxita daudenean
Udalak erabakita dauka ekainaren 22tik aurrera Ipintza erdi eguzkia hartzeko bideratzea eta Agorrosingo futbol zelaitik gertuen dagoen zelai zatia erabiliko da horretarako. Kirol zinegotzi Aitor Arantzabalek gogora ekarri du Ipintza udal instalazio bat dela eta COVID-19ak eraginda Agorrosingo berdeguneko aforoa handitzeko "beharrezkoa" dutela zelai zati hori. Arantzabalek gaineratu du Ipintza libre egongo dela igerilekuak itxita dauden bitartean, hau da, 10:15era arte eta 19:45etik aurrera.
Agorrosin ustelduta, beheko aldetik
Futbol campusa suspendituta ere, BKEk dio ezingo duela aurre-denboraldirako belar naturaleko zelaia erabili. BKEren arabera, konfinamenduan ez dute baimenik izan mantenu lanetarako eta bere egoera tamalgarria da. Iosu Elortza presidentearen arabera, belarra usteldu egin da beheko aldetik eta orain kanpoko enpresa bat kontratatu beharko da klubarentzat horrek suposatzen duen inbertsioarekin. Ipintza solarium moduan erabiltzeko egokitasuna ere zalantzan jarri du BKEk, belar plastikoak beroa ematen duelako eta kautxoak arazoak sortu ahal dituelako igerilekuetako filtroetan.
Arazoak komunikazioan
Era berean, BKEk ere salatu du komunikazio aldetik Udala ez dela batere fin ibili eta arazoaren arrazoi nagusia hor kokatzen dute, uste dutelako hasieratik klubaren beharrak ezagutuz gero elkarlanean beste erabakiren bat hartzeko aukera egongo zela. Udalak dio, baina, modu batera edo bestera "uneoro" jakinarazi zaiola BKEri zein zen asmoa.
Bilakaeraren arabera, neurriak aldatzeko aukera
Udalak BKEri emandako azken erantzunaren arabera, Ipintza solarium gisa erabiltzeko hesi zati bat zabaldu dute eta zelai erdia hesiz eta plastikoarekin banatuta egongo da. Amaitzeko Udalak nabarmendu du Ipintzak duen erabileraren arabera aztertuko dutela zelai osoa erabiltzea. Arazoak arazo bi aldeek adostasunera heltzeko prestutasuna agertu dute.