Ekainaren 15etik 19ra Agorrosingo harrera irekiko dute, 09:00etatik 19:00etara, eta udako denboraldia ekainaren 22tik irailaren 13ra izango da, taberna barne. Hau da, ekainaren 22tik aurrera barruko igerilekua, kanpoko igerilekua, fitness gela, areto txirrindularitza gela eta padel pista. "Agorrosin irekitzea oso garrantzitsua da herritarrei begira, eta, baldintza oso berezietan bada ere, irekitzearen alde egin dugu. Baldintza horiek zehazterakoan bergararrek orain arte erakutsi duten konpromisoarekin kontatu dugu; erabiltzaileek baldintzak zenbat eta hobeto bete, orduan eta zerbitzu hobea eskaini ahalko dugu. Abonatuek abantaila batzuk izango dituzte eguneko erabiltzaileen aurrean ", esan zuen atzoko agerraldian Gorka Artola alkateak.
Gorka Artola: "Agorrosin irekitzea oso garrantzitsua da herritarrei begira, eta, baldintza oso berezietan bada ere, irekitzearen alde egin dugu".
Igerilekua: Ipintzan eguzkia hartu
Kanpoko igerilekuak jolasik gabe irekiko dira, legeak txirrista eta iaz instalatu ziren kanpoko umeen txorrotak itxita izatera derrigortzen du eta. Kanpoko igeritokia egunero egongo da zabalik, 10:00etatik 20:00etara –14:30etik 15:30era itxi egingo da garbiketa egiteko–; hori bai, bi txanda zehaztu dituzte: goizekoa izango da 10:00etatik 14:30era eta arratsaldekoa, berriz, 15:30etik 20:00etara. Kanpoko igeritokiko edukiera 525 lagunekoa da. Eremua zabalik dagoenean erabili ahal izango dira ohiko berdegunea eta Ipintza futbol zelai erdia eguzkia hartzeko; kanpoko igerilekua, barruko igerileku txikia, barruko igerileku handiko bost kale eta kanpoko komunak. Berdeguneetan, markatutako tokietan soilik egon ahal izango dira erabiltzaileak. Hamakak eraman ahal izango dira, baina ez da bertan gordetzeko aukerarik egongo, eta kanpoko igeritokiko erabiltzaileek ez dute aldagelarik izango.
Barruan: hamar kale, hamar lagun
Barruko igerilekuari dagokionez, astean zehar hamar kale erreserbatu ahal izango dira honako ordu tarte hauetarako: 06:30etik 10:30era, 14:30etik 15:30era eta 19:30etik 21:30era. Gainontzeko orduetan bost kale bakarrik erreserbatu ahalko dira. Igerileku txikian, berdegunea itxita dagoenean, hiru pertsonak egin dezakete erreserba, eta erabiliko diren instalazioak izango dira igerilekua eta bertan dauden dutxak zein aldagelak –dutxa gabe–. Barruko igerilekurako txandak ordubetekoak izango dira, eta txanda horietan denbora errespetatzea "oso garrantzitsua" dela dio Kirol zinegotzi Aitor Arantzabalek: "Erabiltzaileak ordubete izango du kiroldegira sartu, igeri egin eta irteteko. Oso garrantzitsua da denbora horiek betetzea, beste erabiltzaile bat zain egongo da eta".
Gimnasioa, bizikleta eta padela
Gimnasioan, muskulazio makinak eta kardio-makinak erabili ahalko dira. Koltxonetak eta eskuzko materialak kendu egingo dira, eta giharrak lantzeko ondoko gela itxita egongo da. Gimnasioan 20 lagunek hartu ahal izango dute txanda ordutarte bakoitzean, eta txandak, kasu honetan, ordu eta erdikoak izango dira. Erabiltzaileak derrigorrez toalla eraman beharko du; eta erabilitako makina erabili aurretik eta ondoren garbitu beharko du. Horretarako, Udalak makinak garbitzeko desinfektatzailea eta papera jarriko ditu. Lehorreko aktibitate honetan aldagela eta dutxa erabiltzeko aukera egongo da. Baldintza berberekin irekiko dute areto txirrindularitza gela. Padel pistak ere irekiko dituzte eta lau lagunek erabili ahalko dute ordu tarte bakoitzean. Aldagela eta dutxa erabili ahalko dira eta abonatuek zein eguneko erabiltzaileek ordaindu beharko dute padelean egin ahal izateko.
Txandak, edukieraren izenean
Legeak kirol guneetako edukiera %60ra murriztu ditu. "Ondorioz, erabiltzailea kirola egitera etor daiteke eta lekurik ez izatea, eta hori ekiditeko txandak hartzea proposatzen dugu", zehaztu du Arantzabalek. Abonatuek astebete lehenago har dezakete txanda eta eguneko erabiltzaileek egunean bertan. Erreserbatutako txanda hori pasatu arte ezingo dute beste txandarik hartu zerbitzu berean. Txandak lau eremutan banatu dira: berdegunea, igerilekuko kalea, gimnasioa eta areto bizikletak. Erabiltzaile bakoitzak, gehienez, eremu bakoitzetik txanda bat hartu dezake egunero; hau da, gehienez, egunero lau txanda.
Udako abonua, %20 merkeago
Uda sasoirako abonamendu bakarra atera du Udalak, abonamendu arrunta, eta hileko abonamenduaren prezioak uztailean eta abuztuan %20ko murrizketa izango du. 2020ko martxoan altan zeuden abonatuek ekainean doan izango dute abonamendua, eta, uztailean baja eman nahi izanez gero, ekainaren 30era arte izango dute horretarako aukera. Aldiz, erabiltzaile berriek ekainean alta eman nahi badute, hilabete osoa ordaindu beharko dute. Bi modu daude alta emateko: Agorrosingo harrerara bertaratuta eta inprimakiak beteta; edo www. bergarakirola.eus webguneko argibideak jarraituta. Abonatuak lehenetsi ditu Udalak, baina eguneko erabiltzaileek egunean bertan erreserbatu ahal izango du nahi duen txanda; helduen prezioa 6,75 euro da.
Sarrera-irteerak, beste era batera
Hatz marka kendu egin dute, eta txartela emango zaie abonatu guztiei. Beraz, txartela ez duen abonatuak lehen egunean harreran eskatu egin beharko du. Igeri egitera doazen erabiltzaileak spako tornutik sartuko dira; berdegunera doazenak sarrerako bi tornuetatik eta gimnasiora edo ikastaroetara doazenak gimnasiora joateko atetik –irakurgailua jarriko da bertan–. Irten leku beretik egingo da, baina badago salbuespena: kanpoko igerilekuen eremuan dauden erabiltzaileek, txanda bukatzean, Ipintza ikastetxera ematen duen ate handitik irtengo dira zuzenean.
Bost ikastaro eskainiko dira
Udaleko Kirol Zerbitzuak erabaki du bost ikastaro eskaintzea uztailaren 1etik 28ra: padela, yoga, pilatesa, body balancea eta areto txirrindularitza. Ekainaren 15etik 23ra eman ahalko da izena eta plazen zozketa ekainaren 25ean egingo da; libre geratzen diren plazak ekainaren 26tik aurrera eskatu ahalko dira.