Agorrosingo berdegunea artifiziala izango da, beranduenez, 2023rako

Jokin Bereziartua Lizarazu 2019ko mai. 14a, 15:01

Hurrengo agintaldia izango da Agorrosin Berria errealitate bihurtzeko agintaldia; belar naturala kendu eta artifiziala jartzeko lehen fasea, behintzat. Hala jasotzen du atzoko osoko bilkuran onartu zen hitzarmenak –talde guztien aldeko botoa, Irabaziren kontrakoa izan ezik–: kanpoko finantzaketa barik eta udal aurrekontuetatik gordeta, beranduenez 2023rako gauzatuko da lehen fasea.

Ezohiko deialdian atzo egindako osoko bilkuran onartutako hitzarmenak jasotzen duenez, Bergara Kirol Elkarteak dohaintzan emango dio Udalari Agorrosin, eta kanpoko finantziazio indartsurik gabe udal aurrekontuetatik gorde beharreko diru kopurua aintzat hartuta, beranduenez 2023rako belar naturala kenduta eta artifiziala jarrita egon beharko litzateke. Hori bai, BKEk 2021a dauka begiz jota lehen fasea gauzatzeko, baina horretarako oraindik lotu gabe dagoen kanpoko finantziazioa beharko litzateke.

Gogora ekarri behar da Agorrosin Berrirako lehen fase horretan belar artifiziala jartzea dela lanik handiena, argiteria, hesi perimetrala eta atezainendako eremua egokitzeaz gain. Lehen fase horretarako aurrekontua milioi bat eurokoa da. Bigarren fase baten aldagela berriak egongo lirateke eta hirugarren fase baten harmailak, baina fase horietarako ez da zehaztu eperik oraingoz.

Negoziaketak, gutxienez, 30 urte

Aldi berean, ezin da ahaztu gutxienez azken 30 urteetan ez dela posible izan Udalaren eta Bergara Kirol  Elkartearen artean akordio batera iristea Agorrosin udalekotzeko. Hori bera nabarmendu zuen atzo Elena Lete alkateak, hitzarmenak ekarriko dituen onurak aipatzearekin batera.

EH Bildu ados dago Agorrosin udalekotzearekin, bereziki BKEren beharrak asetzeko eta eremuari beste erabilera batzuk emateko bideak irekitzen dituelako. Hori bai, Udal Gobernuak eramandako prozesua salatu dute eta baita harridura erakutsi hitzarmen horretarako ezohiko bilkura bat deitu izanagatik.

Irabazik, berriz, kontra bozkatu zuen beste lanketa bat eskatzen duelako eta bereziki diotenez asko erabiltzen diren atletismo pistak desagertzeko arriskua dagoelako.

Udaleko eta BKEko ordezkariak hitzarmena sinatu berritan.

Iosu Elorza: "Eremua hobeto aprobetxatuta, aukerak sortuko dira"

Bestalde, Bergara Kirol Elkarteko presidente Iosu Elorza oso pozik dago udalbatzak hitzarmena onartu duelako: "Bergara Kirol Elkarteak oso balorazio positiboa egiten du. Klubera iritsi ginenetik gure lehentasunetako bat izan da instalakuntza arazoari irtenbidea ematea eta azken urteetako lanaren ostean Agorrosin berria proiektua martxan jarriko dugu. Klubeko jokalari eta futbol eskolako neska-mutikoek beharrezko instalazioak izan ahalko dituzte. Horrez gain, eremua hobeto aprobetxatuta, bestelako aukerak ere sortuko dira".

Egungo zuzendaritzaren lehentasun nagusia izan da Agorrosin Berria eta Elorzak dio “beharrezkoa” den proiektua diseinatzeari ekingo diotela elkarlanean. BKEko presidenteak GOIENAri nabarmendu dio Agorrosin Berrian lekua izango dutela askotariko kirolek, instalazioak nabarmen hobetuko direla eta zerbitzu berriak sortzeko eta aparkalekuak gehitzeko aukera dagoela, besteak beste. Bihar, eguaztena, sinatuko dute hitzarmena modu ofizialean.

Erlazionatuak

Mahoneroek Agorrosin berritzeko behar gorria dute

Jokin Bereziartua Lizarazu 2018 uzt 30 Bergara

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak