Mahoneroek Agorrosin berritzeko behar gorria dute

Jokin Bereziartua Lizarazu 2018ko uzt. 30a, 10:00

Ezkerreko irudian, izaskun Larzabal arkitekto taldearen Agorrosin berrirako aurre-proiektuaren ilustrazioetako bat; ezkerrean, Agorrosin futbol zelaia –lehen planoan– eta Ipintzako zelai artifiziala gaur egun, zerutik ikusita.

Agorrosin berritzeko proiektuak ez du oraindik finantziaziorako konpromiso ofizialik, baina Bergara Kirol Elkartearen eta Udalaren arteko jabetza aldaketarako akordioa "inoiz baino gertuago" dago, bi aldeen arabera; aurre-proiektuko hiru faseetarako aurrekontu osoa 1.670.069 euro da.

Aspaldikoa da Bergara Kirol Elkarteak jabetzan duen Agorrosin futbol zelaia Udalari laga eta bertan Bergararendako "beharrezkoa" den proiektu integral bat egitearen ideia. Azken 30 urteetako alkateen edota udal gobernuen eta BKEren artean ez da adostasunik lortu bereziki jabetza aldaketaren baldintzen inguruan, eta horregatik ez da proiekturik burutu.

Argazkia: 1920ko hamarkadarako egun Agorrosin dagoen lekuan bazegoen futbol zelai bat.

Hala ere, esan daiteke lehen aldiz bi aldeak Agorrosin berria egiteko sintonia berean daudela, eta halaxe kontrastatu ahal izan du azken egunotan GOIENAk, proiektuaren bueltako protagonista esanguratsu batzuekin egon ostean. Hortaz, esan daiteke gaur egun inoiz baino gertuago dagoela jabetza aldaketa hori eta, beraz, Agorrosin berria martxan jartzeko prozesua.

Baldintzak eta finantziazioa

Agorrosin berriak jabetza aldaketarako adostasuna inoiz baino gertuago egonda, finantziazioa izango da erronka nagusia Agorrosin berria errealitate izan dadin. Izan ere, Anoeta berrirako proiektua diseinatu zuen Izaskun Larzabal arkitekto taldearen aurrekontu estimazioa 1.670.069 euro da –BEZa barne–. Udalak oraindik ez du zehazterik izan noraino lagundu ahalko duen ekonomikoki proiektu horretan eta Diputazioak urtero kirolaren arloan izan ohi du diru-poltsa bat kirol instalazioak berritzeko, baina ezin da ahaztu Labegaraieta 2019an eta 2020an zehar berritzeko ia 600.000 euro bideratuko dituela Aldundiak.

Gipuzkoako Federazioan galdetuta, diote gaur gaurkoz ez dagoela dirurik, baina Espainiako Federazioaren bitartez "aukera ona" izango litzateke, hilabete batzuez bertako presidente izan den Juan Luis Larrearen arabera, kinielen zergetatik datorren diru kopuru bat aprobetxatzea. Aukera hori hor dago, zortzi urtez BKEko presidente izan den Iñaki San Josek erraza izango ez dela aurreratzen duen arren.

Zelai artifiziala jartzeko joera

Finantziazioa lortzea lan zaila izango bada ere, gaur egungo BKEko zuzendaritzak argi duena da futbol sailean duten jokalari kopurua ikusita –2017-2018 denboraldian 325 mutil eta 105 neska aritu dira BKEko futbol sailaren barruan– ez dutela lekurik harrobia behar den moduan lantzeko: "Leku falta handia dugu eta behar horrek eraman gintuen irtenbideak bilatzera; horren erabilera txikia duen eta klubarendako horren gastu handia dakarren zelai bat mantentzeak ez du zentzurik", dio Iosu Elorza presidenteak.

Ondorio horretara heldu dira Gipuzkoako futbol klub gehienak eta belar naturala artifizialarekin aldatzearena joera nabarmena izan da Gipuzkoan azken urteetan. Izan ere, gaur egun, oso gutxi dira martxan dauden belar naturaleko zelaiak. Zarautz, Azpeitia, Azkoitia, Tolosa, Irun, Hondarribia eta Bergara dira, gaur-gaurkoz, Realaren eta Eibarren futbol zelaiez harago, belar naturalekoa mantentzen dutenak, eta Bergara da kasu bakarra zelaia osorik dela klubaren jabetzakoa.

Zelaiaren hondoratzea

Jokalari guztiei behar den moduko entrenamendu saioak eskaini ahal izateko leku faltaz harago, Agorrosin futbol zelaiak beste arazo bat dauka lur azpian. Garai bateko igeltsu-meatzeak daude bertan eta ondotik pasatzen den Deba ibaiak eragindako filtrazioek –urak lurra mugitzen du– hondoratzeak eragin dituzte futbol zelaian. Azken adibide aipagarria 2015eko abuztukoa da; zelaian zulo handi bat egin zen eta futbol talde nagusiak Ipintzan jokatu behar izan zuen zenbait jardunalditan. Hori baino larriagoa izan zen BKEk 3.000 euro inguru gastatu behar izan zituela zelaia berriro ere erabilgarri jartzeko. Zelaiko ipar-ekialdeko zatia da kaltetuena eta aurre-proiektuan jasotzen da azterketa geotekniko bat egin beharko litzatekeela arazoari soluzio bat emateko.

Horrez gain, instalazioek ere berritzeko beharra dutela dio BKEk; aldagela aurrefabrikatuak dituzte eta gaur egun Agorrosinen ez dago argindarrik. Beraz, ezin da entrenamenduetarako erabili eta partiduak ere egun argiz jokatu behar izaten dira; horregatik negu partean partiduak oso goiz jokatu behar izaten dituzte nahitaez.

Realaren aholkularitza teknikoa

BKEk hasieratik izan du ondoan Realaren aholkularitza teknikoa. Finantziazioarena da inkognita nagusia, baina BKEko presidente Iosu Elorza sinistuta dago proiektuak aurrera egingo duela: "Oraingoz, ez dugu ezer ofizialik, eta eragile inplikatuen konpromiso maila norainokoa izango den jakiteko zain gaude. Hala ere, espero dugu 2022ra arteko epealdian proiektua ia amaituta uztea. Gure helburua da Agorrosin berrirako obrak lehenbailehen hastea".

Hiru fasetan, finantziaziora begira

Jarraian, Agorrosin berriaren bueltako sei ikuspegi:

 

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak