Agorrosin Bergarako Udalari ematea aho batez onartu dute BKEko bazkideek

Jokin Bereziartua Lizarazu 2019ko mar. 15a, 13:46

Bergara Kirol Elkarteak hitzarmen zirriborro bat adostu du Bergarako Udalarekin Agorrosin futbol zelaia dohaintzan eman eta Udalak Agorrosin Berrirako lehen fasea –belar naturala artifizialagatik aldatzea, nagusiki– gauzatu dezan. Udal Gobernuak onartu du negoziazioak aurrera doazela baina diote gaia udal batzordeetan lantzen jarraituko dutela. Finantziazioa ez dago lotuta oraindik.

Miguel Altuna Institutuan atzo egindako ezohiko batzar orokorrean klubak jabetza aldaketaren gainean bazkideen iritzia jaso gura izan zuen eta agertu ziren 176 bazkideek, batzar orokor baten egon den inoizko asistentziarik altuena, aho batez onartu zuten zuzendaritzaren proposamena.

Kontuan hartu behar da 30 urte luze iraun dutela Agorrosin udalekotzeko negoziazioek: "Akordio honetan jasotzen dena da lehen faserako lanak hasten direnean pasatzea Udalari Agorrosinen jabetza. Lehen fasean, belar aldaketa, argi artifizialen instalakuntza eta perimetroko hesia jartzea dago aurreikusita", dio BKEko presidente Iosu Elorzak.  

Lehen fasea: milioi bat euro eta 2021erako eginda

Javi Orbea diruzainak esan zuen lehen faseko lanek milioi bat euroko aurrekontua izango luketela gutxi gorabehera eta klubak espero duela 2021erako zelai artifiziala egokitu ahal izatea. Hori bai, negoziazioak luzeak eta zailak izaten ari direla ere jakinarazi zuten.

BKEko bazkideek aho batez onartu zuten akordio zirriborroak jasotzen duenez, Udalak lehen faseko lanen exekuzioa adjudikatzen duenean pasatuko da Agorrosin Udalarena izatera. Hori bai, Agorrosingo erabilera BKErena izango litzateke esklusiboki. Hori bai, aurre-proiektuak jasotzen du, aldi berean, ia lau mila metro koadroko azalera duen eremua bat herriari ematea.

Udal Gobernuak dio batzordeetan jarraituko dutela gaia lantzen

Udal Gobernuak GOIENAri adierazi dio Bergara Kirol Elkartearen gaia dela oraingoz, eta negoziazioak aurrera badoaz ere gaia udal batzordeetan lantzen jarraituko dutela adierazi dute.

BKEk argi duena da gaur egungo saturazio mailarekin ezin dutela jarraitu. "Ezin gara kexatu, gero eta jokalari gehiago ditugu-eta. Horregatik, ezin dugu zelai bakar baten jarraitu; gero apustua garbia izan zen zuzendaritzan sartu ginenetik eta pausoak ematen ari gara apustu hori errealitate izan dadin", dio Elorzak. 

 

Erlazionatuak

Mahoneroek Agorrosin berritzeko behar gorria dute

Jokin Bereziartua Lizarazu 2018 uzt 30 Bergara

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak