Martxanterak talde feministak eta erakusketan parte hartu duten artisten elkarlana izan da erakusketa. 25 artistaren lanak batu dituzte, hainbat diziplinetan lan egiten duten artistak.
Gizarteak ezarritako arautatik kanpo
Inaugurazio ekitaldia jendetsua izan zen. Saioa Leturiak eta June Odriozolak Maite Ariztegik egindako bertsoa abestu zuten, Badira hiru aste doinuarekin. Ondoren txalaparta jo zuten, eta bitartean Serena Velezek dantza egin zuen. Gizarteak emakumeari ezartzen dizkion arauen gaineko performance bat izan zen: gorputza kaxa baten sartu nahian ibili zen, baina ezin izan zuen.
Ana Abajo Lazcanok antzerkia egin zuen; oholtza gainean beste bost emakumeren laguntza izan zuen. Sagarraren inguruan jardun zuten, Evak hoska egin zuen sagarra, hain zuzen.
Emakumearen gorputzaren inguruko lanak batzen ditu erakusketak. "Artista batzuk gorputza bere horretan erakutsi dute, eta beste batzuk emakumea erakutsi dugu ekintza ezberdinak egiten", azaldu du Justina Elexpuru margolariak.
Bost gune, bost kolore
Bost gunetan bereizi dute erakusketa: bost gune eta bost kolore: morea, berdea, gorria, beltza eta zuria. Horrez gain, Aroztegi aretoko sabaian tela zuri bat zintzilikatu dute "gorputzeko azalaren itxura" erakutsi guran, azaldu du Julia Pajares erakusketa koordinatzaileak.
Pajaresek azaldu du erakusketaren helburua dela emakume artisten lana ezagutzera ematea. "Artista gizonarekin lotzen dugu, eta emakumearen lana musa izatera mugatzen da askotan. Bada, erakutsi gura izan dugu emakume artistak ere badaudela".
Erakusketaren ordutegia
Martxoaren 25era arte egongo da erakusketa zabalik. Ordutegia ondokoa da: martitzenetik egubakoitzera 18:00etatik 20:30era; zapatutan 12:00etatik 14:00etara eta 18:00etatik 20:30era; eta, igande eta jaiegunetan 12:00etatik 14:00etara.