Bergarako jaiak 2016

Atzegi elkarteko kideen txupinazoarekin hasiko dira Pentekoste jaiak

Maite Txintxurreta 2016ko mai. 4a, 13:21

San Lorentzo auzoan bizi diren Atzegiko zazpi kideak dira maiatzaren 13an txupina jaurtitzeko udaletxeko balkoira gonbidatu dituztenak. Nobedade moduan, aurtengo jaietan Bitoriatxoren igoera martitzeneko gaueko hamarretan izango da, gauerdian izan beharrean. Bestalde, asteleheneko herri bazkaria inoiz baino handiagoa izango da, 700 pertsonarendako tokia egongo baita. Aurtengo kartelaren egilea Ane Otadui arrasatearra izan da.

Bartzelonan dago eta ezin izan du zuzenean saria jaso, baina Ane Otaduiren Hurbildu, elkartu eta saretu kartela izan da pazkoak iragartzeko kartelaren lehiaketan parte hartu duten hamahiru lanetan onena. Udal bonotan 400 euroko saria jaso du familiartekoen bitartez.

Hainbat nobedaderekin datoz 2016ko pazkoak. Esaterako, umeendako jolas parkea egunero izango da aurten, herriko toki desberdinetan. Eta, aldaketarik nabarmenena agian, Bitorianatxoren igoerarena da. Aurten ohikoa baino bi ordu lehenago itzuliko da Seminarioko teilatura, martitzeneko gaueko hamarretan. Hala ere, ordutik aurrera ere musikak eta jaiak jarraitu egingo du.

Bestalde, inoiz baino jendetsuagoa izango da aurten asteleheneko herri bazkaria. 700 txartel atera dituzte salmentara, eta dagoeneko gehienak agortu dira. Hain zuzen, 34 sarrera gelditzen dira eskuragarri, eta gaur eta bihar bitartean agortuko direla aurreikusten dute. 18:00etatik 20:00etara izango dira salgai Udal Pilotalekuko leihatilan. Euria eginez gero, Seminarioko karpan egingo dute bazkaria. Kasu horretan, gainera, aurten bi karpa jarriko dituzte, jende guztia sar dadin.

Berdintasunerako deia

Jai egun hauetan zehar "elkarbizitza, errespetua eta aniztasuna" sustatzeko deia egin du Elena Lete alkateak aurkezpenean. Horrekin lotuta, aurten ere  kartel berezi bat eta pegatinak aterako dituzte, Martxanterak herriko talde feministak egina. Bertan, honako leloa irakur daiteke: ez menpeko, bai pareko; denok hobeto!

Bolondresen parte hartzea

Jaien aurkezpenean alkateak eta Maite Agirre zinegotziak nabarmendu dute aurten "bolondresen parte hartze handia" izan dela. Hala, aipatutako Martxanterak taldeaz gain, azaldu dute Xabalote gaztelekuko neska mutilek parte hartu dutela egubakoitzeko eta zapatuko kontzertuen aukeraketan.

Bestalde, beste behin ere Udalak lankidetza estua izan du Erraldoi taldearekin, eta aurten erraldoien eguna indarberrituta etorriko da, "iazko arrakasta dela eta". Gainera, bi erraldoi berriren aurkezpena ere izango da arratsaldeko seietan: Tostoi eta Erreileno.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak