Bitorianatxoren jaitsierari aurreratuta, azken urteotan bezala ikasle eta gazte bazkariarekin hasiko dituzte jaiak egubakoitz eguerdian Bideberriko txosnagunean. Orduan hasita, hitzorduz betetako egitaraua izango da bost egunetan zehar.
Berritasunen artean, "kaleko presentzia areagotu" nahi izan dute aurten, ohar bidez azaldu dutenez. Horren adibide da, esaterako, jaietako lehen egunean izango den Bad Sound System kalejira. Musika talde irundarrak erritmoa jarriko du herriko kaleetan, furgoneta gainean igota.
Bestalde, gaueko hitzorduez gain, egunean zeharreko egitaraua ere indartu nahi dutela azaldu dute konpartsatik. Zapatuan igarriko da hori bereziki: "Eguerditik aurrera kantu jira musikatua ospatuko dugu kale baztarretan, jarraian urteroko presoen aldeko bazkaria eta ostean Kopla barik bertso eskolakoek bertso tribial esperimentu soziologikoa prestatu dute, deskantsurako denborarik gabe, Buru haundiei harrera egingo diegu txosnagunean eta ostean batukada feministarekin berriro ere kaleak okupatzera!".
Kontzertuak
Nola ez, kontzertuak ere ez dira faltako jaietan txosnagunean. "Estilo, gustu, adin eta belarri guztietarako eskaintza" izango da, eta egunero izango da musika emanaldiren bat: "Bad Sound System taldeak Iruneko jaia eta aldarria ekarriko ditu reggae, dancehall eta ragga estiloekin, Fridays Crew taldeak punk doinuak landuko ditu, Polygorn ziburutarrek Moï Moï diskoetxearen aire fresko jostagarria, Fiachras herriko taldeak bere azken diska Amnesia eta argia aurkeztuko digu, The Sparteens-ekin denboraren makinan sartu eta Urretxindorrak-en garaietara joango gara, Perlak taldeak post punk konprometitua landuko du, Azkaiter Pelox trio formatuan etorriko da, ohitura jostagarri bilakatu den Laket taldearen kontzertua ere ez da faltako, Nebulako herrikideek 80 hamarkadako punk-diskoa konfetiz apainduko dute, Martxanterak bideo dj formatuan ariko dira ostiralean Egunen batean damutuko haiz rockerillo itxurak egitearren dantzatu gabe pasatzen utzitako cumbietaz lemapean, larunbatean BET kolektiboko disko musika dantzagarria izango dugu palmera artean, astelehenean instituzio bat den dj Bull…"
Demasa eta Erain egunak
Domeka Demasa eguna izango da aurten, eta Kilometroak 2016ko lantaldearekin batera antolatu dute egun horretako egitaraua, umeendako eskaintzari arreta berezia jarriaz. Jolasak, entsaladatxo sobietar lehiaketa, magia eta kontzertuak izango dira, besteak beste.
Astelehena, berriz, Erain Debagoienaren Bergarako taldearekin elkarlanean ospatuko dute. Urteroko herri bazkariaren ostean, Laket, The Sparteens, Nebulosa eta Dj Bull-ek alaituko dute gaua.
Konpromisoak
Iaz egin bezala, aurten ere Martxanterak herriko talde feministarekin batera erasoen aurkako protokolo bat jarriko dute martxan. Konpartsatik adierazi dute ez dutela inongo jarrera sexista, homofobo, transfobo, xenófobo edo aporofoborik onartuko.
Bestalde, aurten tokiko produktuen eskaintza handituko dute eta ingurumenarekiko konpromisoa indartzeko asmoa daukate Xaxaun: "Zero zabor filosofiarekin aurrera goaz, hondakinen bereizketa sakona egingo dugu Txosnagunean, ur botilak ezabatzea erabaki dugu plastikoaren erabilera murrizteko, bide berean edalontzi berrerabilgarriak banatuko dira eta zaborrik onena sortzen ez dena denez, edalontziak itzultzean dirua itzuliko da."
"Jaietako olatua" aprobetxatu nahi dute, eta konpartsakoen helburua da Xaxau festetan bakarrik ez, urte osoan zehar aktibo mantenduko den talde bat izatea. Hala, bertan parte hartzeko deia egin diete herritarrei.
Egitarau osoa
- Maiatzak 13, ostirala
15:00 Ikasle/gazte bazkaixa ondoren elektrotxarangarekin batera kaleak berreskuratzera
20:30 Bideberriko txosnagunearen irekiera festa
21:00 – 23:00 Bad Sound System taldea kamioneta batera igo eta kaleetan zehar ibiliko da
00:00 Kontzertuak (Bideberri txosnagunean)
- Fridays Crew
- Bad Sound System
- Martxanterak! VJ
- Maiatzak 14, larunbata
13:00 Kantu jira - Bergarako musikarixekin Bideberrin hasi eta ondoren herrian zehar
15:00 Presoen aldeko bazkaixa (Bideberriko txosnagunian)
17:30 Bertso- tribiala Ane Labaka, Malen Amenabar, Oihana Iguaran eta Kopla Barik (Bideberritik hasita)
19:00 Buru handixen harrera txosnagunean
19:00 Batukada feminista Ehunzangoren eskutik
23:00 Kontzertuak (Bideberri txosnagunean)
- McOnak
- Polygorn
- BET – disko musika/ 3 disko jartzaile
- Alain Elektronishe
- Landerground
- Balza
- Maiatzak 15, igandea -DEMASA eguna-
11:00 Ume eta gurasoendako jolasak (Bergarako Haur eta Guraso asanbladaren eskutik)
13:00 Entsaladatxo Sobietar Lehiaketaren I. edizioa
14:00 Sari banaketa
14:30 DEMASA bazkaria
17:00 Imanol Ituiñoren magia emanaldia
18:00 Kontzertuak
- Azkaiter Pelox
- Harresian zulo
22:30 Film labur lehiaketara aurkeztutako filmen emanaldia eta sari banaketa
- Maiatzak 16, astelehena -Erain eguna-
20:00 Kontzertuak Bideberrin:
- Laket
23:00 Kontzertuak
- The Sparteens
- Nebulosa
- DJ Bull
- Maiatzak 17, asteartea
19:00 Kontzertuak:
- Perlak
- Fiachras