Gorlako igoeraren 42. edizioa ere ikusgarria izan da. 201 txirrindulari irten dira Bergarako San Martin plazatik eta lasterketa hasieratik mugitua izan bada ere, 30. kilometrora arte ez da ihesaldi aipagarririk izan. Orduan gertatu da lehen ihesaldi garrantzitsua, 11 ziklistekin. Hala ere, Gorlako mendatearen lehen igoeraren hasieran tropelak bertan behera utzi du ihesaldi hori.
Susto itzela Gorlan behera
Gorlako lehen igoeran RH Polartec taldeak jarri du erritmoa eta hainbat izan dira horri eutsi ezin izan dioten ziklistak. Gero, jaitsieran, gertatu da lasterketako sustorik handiena, Gomur taldeko txirrindulari bat erori denean. Eroriko ikusgarria izan da, eta kolpe handia hartu du buruan. Di-da baten eraman dute Zumarragako ospitalera; antolakuntzak probaren amaieran aditzera eman duenez, ziklistaren osasun egoera ez da larria.
Erasoa bigarren igoeraren hasieran
Tropela bateratuta heldu da berriro ere Bergarara eta Gorla bigarrenez igotzen hasi eta gutxira jo du erasoa Sergio Samitierrek (Lizarte). Haren atzetik irten dira Diego Noriega (RH Polartec), Jose Manuel Diaz (Bicicletas Rodriguez) eta Fernando Barcelo (RH Polartec).
Juanjo Oroz: "Sekulako asteburua egin dugu"
Bestalde, taldeen araberako sailkapenean Lizarte izan da irabazlea. Taldeko kirol zuzendari Juanjo Oroz oso pozik zegoen bere mutilekin: "Sekulako asteburua egin dugu. Lasterketa garrantzitsua da guretako; atzo [zapatuan] lau edo bost txirrindulari gorde genituen gaurko [domeka], Gorlarako. Azken igoera denok elkarrekin egitea nahi genuen eta hori lortu dugu; gero, indarragatik, Sergio Samitier izan da azkarrena. Sekulako txirrindularia da, eta oso pertsona ona. Lehen garaipena du eta oso pozik gaude".
Jokin Etxabe, lehen bergararra
Jokin Etxabe izan da lehen bergararra, 11. postuan. Irabazlearengandik 26 segundotara helmugaratu da. Zapore gazi-gozoarekin amaitu du: "Hankek ondo erantzun didate baina ez nago erabat gustura egindako lanarekin. Aurrean ibili diren ziklistek gure antzeko maila dute eta aurrera egin dutela ikusteak zapore gazia utzi dit. Atzo [zapatua] korritu izana ordaindu egin dugu, akaso. Orokorrean, baina, taldeak oso lasterketa polita egin du".
Datu interesgarri gehiago: probaren lehen orduan 38'9 kilometro egin dira eta bigarren orduan, berriz, 39,4 kilometro. Azkarrenak, Sergio Samitierrek 2 ordu 44 minutu eta 39 segundo behar izan ditu lasterketa osatzeko.
Erorikoa
Eroriko aipagarri bat izan da Gorlako jaitsiera arriskutsuan; Gomur taldeko txirrindulari bat Zumarragako ospitalera eraman behar izan dute, buruan kolpe handia hartuta. Antolakuntzaren arabera, ziklistaren egoera ez da larria.