Patxi Gartziaren mutilak eraginkorragoak izan ziren kantxan baina larregi sufritu behar izan zuten Ordizia menderatzeko. Baja garrantzitsuak izan zituzten atzo, eta igarri zuten: aldez aurretik min hartuta zeuden Josu Herreroren eta Nestor Callejaren hutsuneei Jorge Santos –berotzen hartu zuen min, koadrizeps-ean– eta Josu Urbina –partiduan zehar lesionatu zen– gehitu zitzaizkien.
"Ez dago garaipen errazik ez baditugu gauzak behar den moduan egiten"
Partidu amaieran, Julen Otxandiano jokalariak bigarren zatiaren hasieran taldea intentsitate gutxirekin kantxaratu izana zuzendu egin behar dela esan zuen: "Bigarren zatiari oso gaizki ekin diogu. Gaizki erasoan eta makal defentsan. Bizpahiru jokalari kanporatu dizkigute minutu batzuetarako eta jokalari bat gutxiagorekin asko sufritu dugu". Hala ere, merezitako garaipena izan zela uste du Otxandianok: "Beheko postuetan dagoen taldea da eta gu liderrak gara, baina ez dago garaipen errazik ez baditugu gauzak behar den moduan egiten. Gainera, gaur bajak asko igarri ditugu".