Lortu dute akordioa Candyn

Ubane Madera 2014ko abe. 30a, 13:35

Goizaldeko ordu biak ingurura arte negoziaziotan ibili ostean, adostasuna lortu dute Candy-Hooverreko enpresa batzordeak eta zuzendaritzak: 54 urtetik gorako aurre-erretiratuek diru kopuru osagarria kobratuko dute 61 urteak bete arte, eta 42.000 euroko kalte-ordaina ere bai. Eta enpresa gertu dago instalazioak jarduera industrial berrirako uzteko. Kasu horretan, baina, negoziatu egin beharko dituzte baldintzak, Gipuzkoako Diputazioarekin. Eta oraindik itxi barik dago gaia.

Bergarako Candyko langileen oharra

"Oso nekatuta, baina pozik". Halaxe dagoela aitortu dio Goienari Ramon Romerok, Candyren Bergarako plantako enpresa batzordeko ordezkariak, goizaldeko ordu txikiak arte Candy-Hooverreko zuzendaritzarekin negoziatzen ibili ostean.

Pabiloiak lagatzeko konpromisoa

Baina ahaleginak eman ditu fruituak. Orain dela bi hilabete langileek abiarazitako borrokan finkatutako helburu nagusiak lortu dituzte:  

Batetik, enpresak konpromisoa sinatu du adierazten "erraztasun guztiak" emango dituela Bergarako plantako instalazioak jarduera industrial berria abiarazteko lagatzeko. "Orain, pabiloien gaineko negoziazioa Gipuzkoako Foru Aldundiaren esku dago", zehaztu du Romerok.

42.000 euroko kalte-ordaina

Eta bestetik, sinatutako akordioak bermatzen du 54 urtetik gorako aurre-erretiratuak baldintza duinekin iritsiko direla erretiro adinera. "Ondo geratu direla uste dugu", dio Romerok. 42.000 euroko kalte-ordaina emango diote bakoitzari, eta 1.400 euroko diru-kopuru osagarria, harik eta 61 urteak bete arte.

63 langile daude egoera horretan. Hain justu ere, datozen orduotan sinatuko dituzte aurre-erretiratuen kaleratzeak, Candyn bertan, legearen arabera, abenduaren 31 da-eta kaleratze horiek izan dezaketen data-muga.

Maiatzera arte

Candyko gainontzeko 80 langileei dagokienez, enpresa batzordeak uste du horietako batzuek apirilera arte lanean segitu ahalko dutela, garbigailuentzat ordezko piezak edo antzeko lanak eginez. Hain justu, aldi baterako suspentsioko Enplegu Erregulazio Espedientea adostu dute haiendako, datozen bost hilabateotarako.

Izan ere, orain, maiatzera arteko epea dute orain arte Candy-Hooverreko langile izan direnek jarduera industrial berrirako proiektua landu eta hori abiarazteko inbertsoreren bat bilatzeko. Gipuzkoako Foru Aldundiaren laguntza ere izango dute zeregin horretan.

Babesa eskertu

Ildo horretan, Gipuzkoako Diputazioaren babesa eskertu egin dute Candy-Hooverreko langileek, eta, aldiz, Eusko Jaurlaritzaren laguntzarik eza kritikatu: "Zentzu horretan, lan erreformaren ondorio tamalgarriak salatu nahi ditugu: aldebakarrez enpresak ixteko aukera ematen du, inolako esku-hartze publikorik gabe. Jaurlaritzak, Candyren itxiera "onartzen ez zuela" esan ondoren, langileekiko konpromisorik ez du hartu. Zehazki, Candyren kontuak auditatzeko eskaera aurkeztu genion enpresa batzordeak Candyren irabaziak azalerazteko, baina eskaeraren aurrean ez digu erantzunik eman. Hori da gurekiko izan duen konpromisoa", azaldu dute.

Eta eskerren tartean, "langileek burututako borroka eta Bergarako herritik eta eskualdeko gainontzeko herrietatik jasotako elkartasuna txalotu" egin dituzte.

 

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak