Diputazioak azpimarratu du "Candyk Bergarako lantegia itxi, 150 langile kalean utzi eta ekoizpena Txinara eramateko erabaki zuenetik lanean" aritu dela "irtenbide duina" bilatzeko asmoz. Hala, gogora ekarri du berrindustrialiazio plan bat aurkeztu ziela bi aldeei, eta dio "atzo lortutako adostasunak oinarria" jarri duela "urrats gehiago emateko".
Kalitatezko enplegua gura
Horrekin batera, Diputazioak adierazi nahi du "erretiroa hartuko luketen langileen egoera zaintzeko eta lanean jarraituko duten langileen kalitatezko enplegua bilatzeko urratsak ematen jarraituko duela, eta bide batez, txalotu eta zoriondu egin nahi ditu bi aldeak Gipuzkoako Foru Aldundiak proposatutako konponbidearen inguruan akordioak bilatzeko erakutsi duten borondatearengatik".